Berriak Osasuna

Osasun Sailak “Elkar Eginez” aintzatespena banatuko die, lehen aldiz, euskadiko lau erakunderi, adikzioen eremuan egiten duten lanagatik

2021-04-09

Etorkintza fundazioaren ibilbide profesionala aintzatetsi da, eta “Ud@” proiektua jarri da jardunbide egokien adibide gisa, zeina Arrasateko San Juan de Dios ospitalearen eta Aretxabaleta Kirol Elkartearen arteko lankidetzaren emaitza baita

Bi aipamen berezi egin zaizkie Barrualde Galdakaoko ESIko Psikiatria Zerbitzuko Unitate Dualeko jardunbide egokiei eta ERDU proiektuari

Gotzone Sagardui Sailburuak honako hau esan du: “aintzatespen horien bidez, Euskadin osasuna sustatzeko, adikzioak prebenitzeko eta eraginpean dauden pertsonei ahalik eta arretarik onena emateko lan egiten duten erakundeen konpromisoak, bizitasunak eta garrantziak nolako balioa duten nabarmendu nahi da, kontuan hartuta, gainera, egungo erronketara egokitzen direla eta haien jarduera errealitate eta beharrizan berrietara moldatzen dela. Elkar Eginez aintzatespenen bidez, Euskadiko gizartearen esker ona adierazi nahi da, egiten duten lanagatik”

 

Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak adikzioen arloko jardunbide egokienen eta ibilbide profesionalaren inguruko “Elkar Eginez” aintzatespenen lehen edizioa deitu du. Aintzatespen horiek Euskadin 2016an onartu zen Adikzioen Legearen ondorioz –aintzindaria Estatuan– sortu ziren, Euskadiko erakundeek adikzioen prebentzioan eta adikzioak jasaten dituzten pertsonen arretan egiten duten lana ezagutzera emateko.

Hala, Osasun Sailak Etorkintza fundazioak eginiko lana, Arrasateko San Juan de Dios ospitalearen jarduera eta Aretxabaleta Kirol Elkartearen UD@A proiektua aintzatetsi ditu. Era berean, Barrualde Galdakaoko ESIko Psikiatria Zerbitzuko Unitate Dualak eta ERDU proiektuak – JEIKI, GIZAKIA, AGIPAD eta ETORKINTZA fundazioek kudeatzen dute eta Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailaren lankidetza du– epaimahaiaren aipamenak jaso dituzte.  

Adikzioek pertsonen osasun fisikoa eta mentala kaltetzen dute, eta arazo bat dakarkiote osasun publikoari. Haiek prebenitzen laguntzeko eta kaltetuei ahalik eta asistentzia onena eskaintzen laguntzeko, hainbat alderditan egin behar da aurrera: ikerketa, zabalkundea eta kausa eta efektuen ezagutza; arlo horretan planteatutako programa eta ekimenen ebaluazioa, eta, jakina, egiten diren jardunbide egokien zabalkundea. Hori horrela, Eusko Jaurlaritzako Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritzak sari hauek sortu ditu. Sariak aurten emango dira lehen aldiz, eta adikzioen eremuan pertsona fisiko edo juridikoen, erakunde publiko edo pribatuen edo administrazio eta erakunde publikoen ibilbide profesionala aintzatesteko sortu dira. Era berean, arlo honen prebentziorako, asistentziarako, gizarte-inklusiorako, prestakuntzarako eta ikerketarako garatu diren jardunbide egokien balioa nabarmentzea.

Bi aintzatespen-kategoria ezarri dira:

  • Ibilbidearen aintzatespena; lau urtean behin, Euskadin finkatutako eta denboran luzatutako ibilbide profesionala eta adikzioen eremuko lana nabarmentzen ditu, prebentzioaren, asistentziaren, gizarte-inklusioaren, prestakuntzaren edo ikerketaren arlokoak.

Kategoria honetan, epaimahaiak aho batez eman dio aintzatespena 2020-2024ko Euskadiko adikzioen eremuko ibilbide profesionalaren aintzatespena Etorkintza fundazioari, osasunaren, adikzioen eta gizarte-kalteberatasunaren eremuetan prebentzioaren, asistentziaren eta gizarte-inklusioaren bidez pertsonen bizi-kalitatea hobetzeko eginiko etengabeko lan erreferentzialagatik.

  • Adikzioen arloko Euskadiko jardunbide egokienaren aintzatespena; bi urtean behin, prebentzioaren, asistentziaren, gizarte-inklusioaren, prestakuntzaren eta ikerketaren arloetan eginiko jardunbide egokiak eta ekimen ekintzaileak nabarmentzen ditu.

 

Kategoria honetan, epaimahaiak UD@A proiektua saritu du, mendekotasuna sortzen duten substantzien kontsumoen aurkako prebentzio-ekintzagatik eta Aretxabaleta Kirol Elkartean kirola egiten hasten direnak sentsibilizatzeko eta kontzientziatzeko ekintzagatik.

Gainera, edizio honetan, bi aipamen berezi eskaini dira: batetik, JEIKI, GIZAKIA, AGIPAD eta ETORKINTZA fundazioei, ERDU PROIEKTUAren jardunbide egokiagatik; esperientzia horrek erantzuna ematen die COVID-19aren ondoriozko konfinamendu-sasoietako adikzioen arazoei. Bestetik, OSAKIDETZAKO BARRUALDE GALDAKAOKO ESI-KO PSIKIATRIA ZERBITZUAri, UNITATE DUALaren jardunbide egokiagatik, erabat heltzen baitio desintoxikazio-prozesuari, diziplina anitzeko esku-hartzeen bidez.

 

Vitoria-Gasteiz, 2021eko apirilaren 9(a)

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak