Etxebizitza Saila erantzun arkitektoniko berritzaileen bila dabil, herri txikiak ez daitezen jendez hustu

2021-04-06

“Europan” izeneko nazioarteko lehiaketaren 16. ekitaldira begira, Etxebizitza, Lurzoru eta Arkitektura Zuzendaritzaren erronka izango da profesional gazteek etxebizitza produktiboen kontzeptuaren inguruan egiten dituzten proposamenak biltzea, Gipuzkoako Beizama udalerrian aplikatze aldera


Herri txikietako biztanleriaren zahartzea geldiarazten lagunduko duten ideia arkitektoniko berritzaileak, gazteak erakarriko dituztenak eta herriak jendez hustea saihestuko dutenak. Horixe bilatzen du, hain zuzen ere, Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailak “Europan” izeneko bi urtez behingo nazioarteko deialdirako proposatu duen erronkarekin. Hiri- eta arkitektura-ideien Europako lehiaketa ospetsua da hau. Bi urtean behin egiten da, eta zenbait leku hautatzen dira, Europa osoko 40 urtetik beherako arkitekto gazteek beren eraikuntza-proiektuak egin ditzaten.

Europar Batasun osoko erronkak ebazteko deialdi berria aste honetan bertan egin da, eta Iñaki Arriolak zuzentzen duen Sailaren proposamena da Gipuzkoako Beizama udalerrian, 143 biztanleko udalerrian, gazteentzako alokairurako 12 etxebizitza publiko sortzea. Horretarako proposamen berritzaileak eskatzen dira. Beizamakoa da “Europan” lehiaketaren 16. ekitaldiko 40 enklabeetako bat; enklabe horiek 9 herrialdetakoak dira (Belgika, Alemania, Frantzia, Espainia, Italia, Norvegia, Suitza, Austria eta Suedia).

Beizama itsasoaren mailaren gainetik 500 metroko altitudean dago, Gipuzkoaren bihotzean, Tolosatik 14 kilometrora eta Azpeititik 12 kilometrora. Mendi artean dagoen herri horrek landa-herri tradizional askoren erronkei egin behar die aurre: udalerriko gazteei eustea eta beste batzuk erakartzea eta bertan finkatzea, bai ekoizpen-jarduera txikiak sor ditzaten, bai bertan bizi eta lanera beste leku batzuetara joan daitezen. Herriko Udalak hektarea erdiko partzela bat, elizaren ondoan, laga dio Etxebizitza Sailari, proiektua egin dadin.

Pablo García Astrain Etxebizitza, Lurzoru eta Arkitektura zuzendariak azaldu duenez, “berritzea da helburua, alokairuko etxebizitza publikoaren beste kontzeptu bat garatzera begira; izatez, etxebizitza publikoaren kontzeptu berri horrek etxe produktiboaren ideiari erantzun beharko dio eta hiri- eta eraikuntza-egitura tradizionalekin, bat etorriko diren landa-ingurunerako bestelako bizimoduak sustatu beharko ditu. Horrekin guztiarekin, “desagertzeko arriskuan dagoen habitata babestea” lortu nahi da.

Eusko Jaurlaritza da “Europan” lehiaketatik datozen proiektuak garatzen eta eraikitzen dituen administrazio bakarretako bat. Etxebizitza Sailak 184 etxebizitza sustatu ditu Basaurin (1991) eta 84 Mina del Morron (Bilbo, 2001). Azken deialdia 2019an egin zen, eta gaur egun Lasarte-Orian ehun etxebizitza babestu sortzeko hiri-plangintzan lan egiten ari da. Azken proiektu honetan lantzen den etxebizitza produktiboaren alderdia, berez, berria da, eta Beizamarekin alderdi horretan sakondu nahi da, bizitzeko eta lan egiteko aukera ematen duten etxebizitza-eredu berritzaileak bilatuz. Izan ere, kontzeptu horien beharra areagotu egin da Covid-19aren pandemiaren ondorioz.

Beizamak Espainiako beste sei tokirekin batera (Almendralejo, Alzira, Bartzelona, Esparraguera, Madril eta Roquetas de Mar) parte hartuko du lehiaketan, eta horiei Europako gainerako herrialdeek hautatutako enklabeak gehituko zaizkie. Nazioarteko epaimahai batek abenduan jakinaraziko du zein den Gipuzkoako udalerriaren proiekturako talde irabazlea, eta proiektu horrek eraikuntza- eta urbanizazio-proiektua idazteko eta obra zuzentzeko agindua jasoko du.

 

2 iruzkin
  • Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • 2021-04-07

    Denbora gutxian eraiki daitezkeen eta desmuntagarriak diren minietxebizitzak sortzeko espazioak aprobetxatzea, klima-aldaketaren mugimenduak espero diren lekuetara erraz lekualdatzeko.

  • 2021-04-07

    Aprovechar espacios creación miniviviendas construibles en poco espacio de tiempo y desmontables para fácil traslado a otro lugar vaivenes se espera movimientos cambio climático.

Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak