Berriak Segurtasuna

Euskadiko larrialdietako zerbitzuek Mendexan istripua izan duen gizon bat erreskatatu dute

2021-04-05
  • Biktima Ertzaintzaren helikoptero batek eta Zaintza eta Erreskate Unitateko agenteek erreskatatu behar izan dute, itsaslabarretik hurbil dauden harkaitzetan erori ondoren. Istripua izan duen gizona Gurutzetako ospitalera eraman du Osakidetzaren helikoptero batek.

Istripua gaur goizeko hamarrak laurden gutxi aldera gertatu da. Larrialdietako SOS-Deiak 112 zerbitzura egindako dei baten bidez jakinarazi dute gizon bat lau bat metroan behera jausi dela Bizkaiko Mendexa herriko harkaitzetan. Dirudienez, biktima arrantzan ari zen Mendexako Zelaia auzoko itsaslabar inguruan.

Istripuaren berri izan laster mobilizatu dituzte larrialdietako hainbat zerbitzu, horien artean, Ertzaintza, suhiltzaileak eta Gurutze Gorria. Erreskate-lanak koordinatzeaz Eusko Jaurlaritzako larrialdiei aurre egiteko teknikari bat arduratu da.

Adierazitako lekura iristeko zailtasunak eta istripua izan duen gizonak zituen lesioak kontuan hartuta, arnasa hartzeko eta mugitzeko zailtasunak baitzituen, Ertzaintzaren ZEUko helikoptero bat eta Mendiko taldea bidali dituzte. Erreskatatzaileek biktima zegoen lekura iristea lortu dute, eta erreskatatu ondoren inguruko errepide batera eraman eta osasun-zerbitzuen eskuetan utzi dute.

Ondoren, zauritua, Ondarroako 53 urteko bizilaguna, Gurutzetako ospitalera eraman dute Osakidetzaren helikopteroan.

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan