Larrialdietako zerbitzuek hanka hautsita izan dezakeen gizon bat erreskatatu dute Alluitz mendian
- Larrialdietako zerbitzuek 63 urteko gizon bat erreskatatu dute Alluitz mendian, Abadiñon, erori eta, dirudienez, hanka hautsita. Ertzaintzaren helikopteroak Galdakaoko ospitalera eraman du min hartu duen gizona.
Eguerdiko hamabiak eta hogei aldera partikular batek SOS-Deiak/112 zerbitzura deitu du, Abadiñoko udal-barrutian, Alluitz mendira berarekin batera igo den lagun bat erori egin dela eta, agian, hanka bat hautsi izan zezakeela eta ezin zela ibili esanez.
Deiari erantzunez, SOS-Deiak/112 zerbitzuak Foru Aldundiko suhiltzaileak eta Ertzaintzaren helikoptero bat eta Zaintza eta Erreskate Unitateko Mendiko Taldeko dotazio bat bidali ditu adierazitako lekura.
Azkenean, helikopteroak jaso du min hartuta zegoen 63 urteko gizona, eta, ondoren, Galdakaoko ospitalera eraman du. Erreskate-lanak Eusko Jaurlaritzako Larrialdiei Aurre Egiteko teknikari batek koordinatu ditu.