Berriak Lehendakaritza

Bingen Zupiria: "Garrantzitsua iruditzen zaigu eskualdaketak datorren astearen aurretik posible izango diren jakitea, Madrilgo haueskunde-kanpaina hasi baino lehen"

2021-04-06

Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako bozeramaile eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak eta Gotzone Sagardui Osasun sailburuak prentsaurrekoa eskaini dute, gaur goizean, pandemiaren bilakaeraren berri emateko.

Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak oinarrizko osasun eta segurtasun arauak betetzeko deia egin du. "Gaur gaurkoz, eta gaixotasunak gure artean duen eragina ikusita, beharrezkoa da gutako bakoitzak indarrean dauden arauak zorrotz betetzea. Egoera zail honetatik ateratzeko azken txanpa falta zaigu eta garrantzitsua da denok batera, bakoitza bere erantzukizunetik, jardutea eta ekitea", adierazi du.

Bingen Zupiriaren arabera, txertaketa-kanpaina gizartearen gehiengoarengana iritsi arte, zenbait hilabetez oraindik, beharrezkoa da jende pilaketak saihestea, maskara babeserako oinarrizko neurriak betetzea, gure familia artekoak ez direnekin ahalik eta harremanik gutxien edukitzea, lau pertsona baino gehiago ez elkartzea, aireztatzen zailak diren tokiak ekiditea.

Zupiria sailburuak azpimarratu duenez, uda aurreko azken hiruhilekoan, euskal gizarteak hainbat erronka gainditu behar ditu, erantzukizun kolektibotik.

Osasunaren ikuspegitik, Osakidetzak eta osasun arlo osoak lanean jarraituko dute, osasun arloan herritar guztiok osasun zerbitzu guztiak jaso ditzagun. Era berean, Osasun Sistemak pandemia-egoerari aurre egingo dio, beharrezko diagnostiko eta baheketen bidez, eta osasun-laguntza egokiaren bidez lehen mailako arretan, ospitaleko arretan edo zainketa intentsiboetako unitateetan. Eta horrekin batera, txertaketa-kanpainak garrantzi berezia izango du datozen hilabeteetan. "Behar beste txerto etorriko delakoan gaude, datozen hilabeteetan ahalik eta herritarrik gehienei txertoa eman eta talde mailako babesa lortzeko", adierazi du bozeramaileak.

Bestalde, gizarte gisa ditugun erronkak azpimarratu ditu: ahalik eta jarduera sozioekonomiko gehien zabalik eta jardunean mantentzea, euskal hezkuntza-sistemako maila guztietan aurrez aurreko hezkuntza bermatzea eta oinarrizko jarduera sozialei eustea.

Gainera, Bingen Zupiria bozeramaileak adierazi duenez, Gobernu gisa, datozen hilabeteak oso garrantzitsuak izango dira esku artean dituzten zereginetako batzuetarako: zabalik dauden laguntza-deialdiak eta datozen hilabeteetan plantea daitezkeenak; Espainiako Gobernuarekin zuzeneko laguntzen deialdiak lotzeko azken lanak itxi; autogobernuaren inguruko negoziazioei azken bultzada ematea; eta Europako Next laguntzak nola kudeatuko diren argitzea. Trasferentxien inguruan, sailburak nabarmendu du, "garrantzitsua iruditzen zaigu eskualdaketak datorren astearen aurretik posible izango diren jakitea, Madrilgo haueskunde-kanpaina hasi baino lehen".

Osasun sailburu Gotzone Sagarduik, bere aldetik, koronabirusak Euskadin  duen eraginari buruzko datu eguneratuak eman ditu jakitera; eta azpimarratu du balioek erakusten dutela joerak goranzkoa izaten jarraitzen duela. "Igoera hori aurreko igoerak baino motelagoa da. Baina egoera kezkagarria da ", gaineratu du. Gauzak horrela, zorrotz jokatzeko eta neurriak betetzeko deia egin du Osasun sailburuak. "Elkartasun kontua da. Beti izan da. Besteen osasuna zaintzeko bete behar ditugu ", adierazi du.

Txertaketa prozesuari dagokionez, sailburuak azaldu du Euskadin txertaketa kanpaina hasi zenetik 450.154 dosi eman direla, eta Osakidetzak Aste Santuko jaiegun hauetan etengabe txertoa jartzen jarraitu duela: 57.981 dosi jaiegunetan.

Hala, bi adin-talde handi txertatzen ari direla argitu du:

Alde batetik, Pfizer administratzen dugun 80 pertsonatik gorako pertsonak. Pertsona horiei banan-banan deitzen zaie telefonoz, eta txertoak txertaketa-puntu hurbilenetan jartzen zaizkie.

Bestalde, 65 urte edo gutxiagoko pertsonei SMS bat bidaltzen zaie, esteka baten bidez Osakidetzaren webgunera sartu eta hitzordua aukeratu ahal izateko. Talde horri dagokionez, Gotzone Sagarduik azpimarratu du ostiralean AstraZénecaren txerto sorta berri bat jaso zuela (52.800), eta egun horretan bertan hasi zirela txertoak ematen. "Txertoak eskuragarri daudenean, mezu berriak zabalduko ditugu. Euren txanda itxarotea eskatuko nieke ", gaineratu du.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak