Repsol Gidaren Eguzkiak hirugarren urtez banatuko dituzte Euskadin, eta berriz ere gastronomiarik onena sarituko dute

2021-03-31
  • Repsol Gidaren 2021eko Eguzkiak banatzeko ekitaldia osasun-segurtasuna bermatzeko protokolo zorrotzari jarraituz egingo da

 

  • Eguzki berriek apirilaren 12an, 18:00etan, Donostiako Victoria Eugenia Antzokian jasoko dute saria

 

Javier Hurtado Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburuak gaur aurkeztu du Repsol Gidaren 2021eko Eguzkiak banatzeko ekitaldia, Repsol Gidaren zuzendariak, María Ritterrek, lagunduta. Eguzkiak banatzeko ekitaldia hirugarren urtez jarraian egingo da Euskadin, Eusko Jaurlaritzaren eta Repsol Gidaren arteko akordioari jarraituz.

Sailburuak gogorarazi du Eguzkiak banatzeko hirugarren ekitaldi hau oso egoera ezberdinean egingo dela aurrekoekin alderatuta. “2019an egoera ezin hobetik abiatu ginen, 2020ko lehenengo bil hilabeteetan ere egoera bera izan genuen, Euskadiko turismoaren hazkundea iraunkorra eta jasangarria zen, turismoaren BPGren hazkundean errekorra hautsi zen % 6,4raino iritsita, eta lehenengo aldiz gainditu ziren 5.000 milioi euroak turismo-gastuan”.

 

Pandemiak hondatu egin du hazkunde hori, eta “jatetxe-sektoreak asko sufritu du eta zailtasun handiei aurre egin behar izan die urtebete honetan”. Hain zuzen ere horregatik, adierazi du sailburuak, “behin berriro ere gure babesa helarazi nahi diegu, ahalegin handiagoa egin nahi dugu une zail hauetan, bai lanpostuei eusteari bai jarduera etorkizunean leheneratzeari begira, sektoreari laguntzeko”.

 

Alde horretatik, sailburuak sektoreari Sailetik emandako laguntzak azpimarratu nahi izan ditu: COVID ezohiko laguntzetan 15 milioi turismoarentzat eta ostalaritzarentzat, laguntza zuzenetan 30 milioi Euskadiko ostalaritzarentzat, turismoari eusteko planeko 21 milioiak, eta horietatik 3 milioi sustapenerako, bai eta gastronomiarentzat ere, eta apirilaren 13tik aurrera erabili ahal izango den eta, gutxienez, 14 milioiko inpaktu ekonomikoa izango duen turismo eta ostalaritzako bonua. “Eta Repsol Gidaren Eguzkiak banatzeko ekitaldia borrokan, berritzen eta lanean gelditu ere egin gabe jarraitu duten profesionalei gure babesa helarazteko beste bide bat izatea nahi dugu, Euskadin berriz ere aitortu egin nahi baitugu egiten duten lana”.

Jada 87 Eguzki ditugu Euskadiko 55 jatetxetan, eta ziur gaude aurten gehiago izango direla. Izan ere, gastronomia, Euskadin, nortasun-ikur bat izateaz gainera, sozializatzeko eta bizitzeko modu bat ere bada. Baina, horrez gainera, berrikuntza sustatzen eta tokian tokiko kulturen eta kultura globalen arteko loturak aktibatzen laguntzen duen sormen-industria ere bada. Eta gure profesionalek asko dakite horretaz”, esanez amaitu du sailburuak.


Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak