Berriak Segurtasuna

Ertzaintzak eta udaltzaingoek 1.488 isun jarri dituzte asteburuan Euskadin osasun-araudia ez betetzeagatik

2021-03-29

Joan den asteburuko hiru egunetan Ertzaintzak eta udaltzaingoek guztira 1.488 isun jarri dituzte Euskadin, pandemiari aurre egiteko eta koronabirusaren hedapena geldiarazteko ezarritako osasun-arauei jarraituz.  Horietatik gehienak, 839, zirkulazio-askatasunaren muga eta gehienez lauko taldetan elkartzekoa ez errespetatzeagatik jarri dituzte.

 

Ertzaintzak eta udaltzaingoek asteburuan berriz egin dituzte kontrolak justifikatu gabeko joan-etorriak eragozten saiatzeko eta gainerako osasun-neurriak betetzen direla zaintzeko. Zaintza-dispositibo horietan guztira 1.488 isun bideratu dituzte ostiraletik, martxoaren 26tik, igandera, martxoaren 28ra, bitartean. Horietatik gehienak, 839, alegia, mugikortasuna mugatzeko edo gehienez lau pertsonako taldetan elkartzeko murrizketak urratzeagatik bideratu dituzte. Zifra horretatik 445 isun gaueko ordutegian zirkulatzeko arauak ez errespetatzeagatik jarri dituzte eta 18 norbera bizi den udalerriko sarrera-irteerak ez errespetatzeagatik. Beste 330 isun eremu publikoetan eta pribatuetan gehienez lau pertsonako taldetan elkartzeko muga ez errespetatzeagatik jarri dituzte, eta beste 46 Autonomia Erkidegoko sarrera-irteerak ez errespetatzeagatik.

Maskara ez janzteagatik edo behar bezala ez erabiltzeagatik, berriz, guztira 324 isun bideratu dituzte. Isunen atalean adierazgarria da kalean alkohola kontsumitzeagatik jarri dituzten isunen kopurua ere, guztira 185 isun-akta bete baitituzte. Gainerako isunen kontzeptuak, besteak beste, ostalaritzan, jatetxeetan edo jarduera fisikoan gutxienez metro eta erdiko tarte fisikoa ez uztea,  kalean pertsonen artean bi metroko tartea utzi gabe erretzea eta ostalaritza-establezimenduetan eta jatetxeetan ordutegia ez betetzea dira.

Lurraldez lurralde, honela banatzen da Ertzaintzaren eta udaltzaingoen jarduera bateratua: 272 isun Araban, 747 Bizkaian eta 469 Gipuzkoan.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko