Euskadiko larrialdietako zerbitzuek Kurutzeberri mendian istripua izan duen gizon bat erreskatatu dute
Kurutzeberri mendi inguruan, Eskoriatzako udal-barrutian, erori eta min hartu duen 80 urteko gizon bat erreskatatu eta Deba Garaiko ospitalera eraman dute. Operatiboan Ertzaintzaren helikoptero batek parte hartu du.
Goizeko hamaikak hogei gutxi aldera, SOS Deiak 112 zerbitzura deitu dute Kurutzeberri mendi inguruan gizon batek erori eta min hartu duela esanez, dirudienez, gizonak zauria zuen buruan eta odoletan zegoen, eta kolpeak zituen hanka batean. Berriemailearen arabera, Eskoriatzako Mendiola auzotik abiatuta zeuden.
Adierazitako lekura larrialdietako baliabideak bidali dituzte, horien artean, Deba-Urolako Ertzain-etxeko patruilak, suhiltzaileak eta osasun-langileak. Lekura iristeko zailtasunak ikusita, azkenean Ertzaintzaren helikoptero batek eta Zaintza eta Erreskate Unitateko Mendiko Ataleko agenteek erreskatatu dute biktima. Helikopteroak Arrasateko aparkaleku batean utzi du zauritua, eta bertan jaso duen anbulantziak Deba Garaiko ospitalera eraman du.