Berriak Segurtasuna

Eusko Jaurlaritzak, bihartik aurrera, indartu egingo ditu kontrolak gidatzean arreta-galtzeak eragozteko

2021-03-28
  • Kontrolak martxoaren 29tik apirilaren 4ra, maiatzaren 10etik 16ra eta ekainaren 7tik 13ra indartuko dira
  • Arreta-galtzeek, hala nola gidatzean mugikorra edo nabigatzailea erabiltzeak, zigorrak ekar ditzakete, horien artean 200 eurora arteko isuna eta gidabaimeneko hiru puntu galtzea

Ertzaintzak, udaltzaingoekin elkarlanean, indartu egingo ditu gidatzean arreta galtzea eragozteko kontrolak; kanpaina martxoaren 29tik apirilaren 4ra burutuko da, Aste Santuarekin bat etorriz. Gainera, eta helburu nagusia istripuen eta hildakoen edo zauritu larrien kopurua murriztea denez, kontrol horiek maiatzaren 10etik 16ra eta ekainaren 7tik 13ra ere indartuko dira.

Eusko Jaurlaritzako Trafikoko zuzendari Sonia Díaz de Corcueraren esanetan, “telefono mugikorra edo nabigatzailea erabiltzea izaten dira arreta-galtze nagusiak, eta ondorio larriak izan ditzakete gidatzen den bitartean. Berez, arreta galtzeak laukoiztu egiten du istripua izateko arriskua, eta alkohol gehiegi kontsumituta gidatzearekin pareka daiteke. Funtsezkoa da errepidean bost zentzuak erne izatea, eta teknologia arrisku-faktore izatea saihestea”.  

Bestalde, debekatuta dago gidatzen den bitartean entzungailuak soinu-irakurgailuetara konektatuta izatea, radar-detektagailuak aktibatuta izatea edo Internet, TB, bideo edo DVD hargailuak manipulatzea. Arau-hauste horiek, zirkulatzen den bitartean mugikorra edo nabigatzailea erabiltzea bezala, 200 euroko isuna eta gidabaimeneko 3 puntu galtzea ekar dezakete.

Arreta-galtzeen ondorioz sarrien gertatzen diren istripuak errepidetik ateratzea, aurrez aurreko talkak, aurretik doan autoa jotzea edo norbait harrapatzea dira.

GOMENDIOAK

Jaurlaritzak gomendatzen du mugikorra larrialdietarako bakarrik eta ibilgailua geldi dagoela erabiltzea, edota “auto modua” aktibatzea aukera hori duten gailuetan. Bestalde, komenigarria da irratia edo musika zuzenean bolantetik manipulatzea, eta GPSean ibilbidea autoa abian jarri aurretik programatzea, inoiz ez bidaian zehar.

Arreta-galtzeak saihesteko kanpaina hau trafikoa zaintzeko eta kontrolatzeko aurtengo urte osorako Jaurlaritzak programatu dituen 46 kanpainen egutegiaren barruan egingo da.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko