Berriak Hezkuntza

Bildarratz sailburuak HETELen Batzar Nagusian parte hartu du

2021-03-26

Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburuak, Jorge Arevalo Lanbide Heziketako sailburuordearekin batera, HETEL - Euskadiko Gizarte Ekimeneko Lanbide Heziketako Ikastetxeen Elkartearen Batzar Nagusian parte hartu du gaur goizean, Gasteizen. Aukera baliatuz, sailburuak Egibide-Arriaga ikastetxeko instalazioak ere bisitatu ditu, bertan izan baita Batzar Nagusia.

Batzarrean hitza harturik, Bildarratzek Lanbide Heziketako hezkuntza-komunitate osoari, irakasleei eta zuzendaritza-taldeei eskerrak eman dizkie aurrez aurreko irakaskuntza errealitate bihurtzeko egiten ari diren lanagatik eta ahaleginagatik, pandemiak ekarri dituen zailtasun guztien gainetik. "Ikastetxeak gune seguruak bihurtu dira, zuek bihurtu dituzue seguru, ikasleen, irakasleen eta familien onurarako", baieztatu du.

Lanbide Heziketako VI Plana

Lanbide Heziketak etorkizunerako dituen erronkak hizpide hartuta, sailburuak Lanbide Heziketako V. Euskal Plana garatzeko eta ezartzeko egiten ari den lana azpimarratu du, "4. industria-iraultzarekin zerikusia duten gaiak jorratuz. Errendimendu handiko prestakuntzaz, berrikuntza aplikatuaz edo ekintzailetzaz ari gara, besteak beste. Gure ikasleek beren bizitza profesionalean ahalik eta berme gehienekin garatzea ahalbidetuko dien ezagutzak eta trebeziak, jasotzeko asmoarekin ari gara plana ezartzen".

Baina gaineratu du, aldi berean, berak zuzentzen duen Saila dagoeneko ari dela Lanbide Heziketako VI. Euskal Plana definitu eta diseinatzen. “Plan berriarekin beste kontzeptu batzuk landuko ditugu, desberdinak baina jada aplikatzen ditugunen osagarri. Adibidez, adimenaren eta digitalizazioaren arloaren garapena landuko dugu, jasangarritasunaz eta humanitateez gain.

Ildo horretan, Hezkuntza sailburuak azpimarratu du Euskadiko Lanbide Heziketa ezin dela geratu azken urteetako lorpenei begira, eta agertuko diren erronkei konfiantzaz aurre egiteko deia egin dio Lanbide Heziketari: "Ezin gara geratu guztion ahaleginari esker azken urteotan lortu ditugun lorpenei begira. Hobetzen jarraitu behar dugu. Gure inguruan, industria arloan, azken urteotan izan diren aldaketei begiratu besterik ez dago. Lehiakor izateko eskakizunak, teknologia oso aurreratuak egunero erabiltzea edo langileen prestakuntza. Horrek guztiak asko eskatu dio Euskadiko Lanbide Heziketari. Baina mailari dagokion erantzuna ematen jakin dugu. Eta ziur nago etorkizunean ere horrela izango dela ", gaineratu du.

HETEL Euskadiko Gizarte Ekimeneko Lanbide Heziketako Ikastetxeen Elkartea da. Lanbide Hezietako 27 ikastetxe batzen ditu bere baitan, eta 19 lanbide arlotako zikloak eskaintzen dituzte guztien artean. Haien tailer eta ikasgeletan 10.000 ikasletik gora ari dira ikasketak burutzen.

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak