qrcode

Emakundek seme-alaben interes gorena eta babesa zaintzeko beharra azpimarratu du, zaintzaren legea aldatuz

2021-03-30
  • Izaskun Landaidaren ustez, lehentasunezko zaintza partekatuak ez du behar besteko bermerik ematen genero-indarkeriako gertakari bat bizitzen ari diren kasuetarako.
  • Emakundeko zuzendariak agerraldia egin du Legebiltzarrean, gurasoen banantze edo haustura kasuetan familia-harremanei buruzko Legearen aldaketan bere ekarpena egiteko.

Izaskun Landaida Emakundeko zuzendariak agerraldia egin du gaur goizean Eusko Legebiltzarreko Giza Eskubideen, Berdintasunaren eta Justiziaren Batzordearen aurrean, gurasoen banantze edo haustura kasuetako familia-harremanei buruzko ekainaren 30eko 7/2015 Legearen aldaketari buruz Emakundek duen ikuspegia azaltzeko.

Legea onartzeko garaian egin zuen bezala, Landaidak azaldu du zaintza partekatua lehentasunezko eredua izateak arrisku handia dakarrela emakumeen aurkako indarkeria kasuetan egoeraren balorazio nahikoa ez egiteko, batez ere salaketarik jaso ez den kasuetan edo epai irmorik ez dagoen kasuetan. Landaidaren hitzetan, "lehentasunezko zaintza partekatuak, bere garaian esan genuenez, eta mantentzen dugu, ez du behar besteko bermerik eskaintzen genero-indarkeriako gertakari bat bizitzen ari diren kasuetarako; aitzitik, aditu askoren ustez, ezartzen bada, bikotekidearen eta seme-alaben aurka egiten ari den indarkeria iraunarazten laguntzen du". Hori dela eta, legearen aldaketa "araua hobetzeko benetako aukera" izan daitekeela esan du, "indarkeria kasu hauetan haurren interes gorena babestuz".

Landaidak gogorarazi du indarkeria matxistaren testuinguruetan dauden seme-alaba adingabeak zuzeneko biktimak direla uztailaren 22ko 8/2015 Lege Organikoa, haurrak eta nerabeak babesteko sistema aldatzen duena, onartu zenetik, eta, beraz, babestu egin behar direla. Lege organiko hori 7/2015 Legea onartu ondoren jarri zen indarrean, eta, beraz, aldaketa horrek aukera ematen du haurren eta nerabeen lege organikoarekin guztiz lerrokatzeko.

Landaidak adierazi duenez, "ahots adituek dagoeneko ohartarazi digute ezarritako zaintza partekatuek haurrengan dituzten ondorio kaltegarriak", eta, ildo horretan, adierazi du instantzia judizialek genero-ikuspegia txertatu behar dutela, indarkeria matxistaren kasuen berezitasunak oso kontuan hartu ahal izateko. Horregatik, ezinbestekoa da epaileei eta gainerako operadore juridikoei genero-ikuspegia duen prestakuntza espezializatua eskaintzea eta eskatzea, egoera zail horien aurrean erabakitzeko tresna egokiak izan ditzaten.

2 iruzkin
  • Argazkia JAVIER MARTÍNEZ VADILLO
    2021-03-30

    Puede pasar que no se pase pensión, se cargue a abuelos y abuelas y se esconda episodios de violencia con resultado de discapacidad cuando hay interés económico ya sea por parte del padre o de la madre.

  • Argazkia JAVIER MARTÍNEZ VADILLO
    2021-03-30

    Gerta daiteke pentsiorik ez pasatzea, aitona-amonak kargatzea eta desgaitasunen bat dakarten indarkeria-gertaerak ezkutatzea interes ekonomikoa dagoenean, bai aitaren aldetik, bai amaren aldetik.

Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak