Elkarlan Sariak
Berriak Kultura eta Hizkuntza Politika
qrcode

Frantziako Tourraren 110. edizioa Bilbon hasiko da 2023ko uztailaren 1ean, lasterketa frantziarraren 120. urteurrena ospatzeko

2021-03-26
  • Iñigo Urkullu Lehendakariak eta Christian Prudhomme Tourreko zuzendariak aurkeztu dute "Grand Départ Pays Basque 2023"
  • Aurkezpenean Lehendakariak euskal erakundeek egindako lana azpimarratu du, eta Tourraren irteera eta lasterketa Euskaditik igarotzea "Euskadiren nazioartekotze-estrategia bultzatzeko aukera paregabea" direla azpimarratu du

Iñigo Urkullu Lehendakariak eta Christian Prudhomme Tourreko zuzendariak "Tour de France: Grand Départ Pays Basque 2023" aurkeztu dute gaur Guggenheim Bilbao Museoan egindako ekitaldian. Bertan izan dira, halaber, Ramiro Gonzalez, Unai Rementeria eta Markel Olano Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ahaldun nagusiak, Juan Mari Aburto Bilboko alkatea eta Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua.

Frantziako Tourra bere 120. urteurrena betetzen duen egun berean abiatuko da ofizialki Euskaditik. Historian bigarren aldia izango da 1992an Donostiatik irten ondoren. Euskadik Frantziako lasterketaren Grand Départ 2023 eta lehen hiru etapak, lehen biak osorik, hartuko ditu. Bilbo lehen etaparen helmuga eta irteera izango da; bigarrena ere oso-osorik euskal lurraldean jokatuko da; hirugarrena, berriz, Euskaditik aterako da oraindik zehaztu gabe dagoen helmuga batera bidean.

Iñigo Urkullu Lehendakariak, bere hitzaldian, gogorarazi du duela bi urte eta erdi Jean Réné Etchegaray Euskal Hirigune Elkargoko presidente eta Baionako alkatearekin Lehendakaritzan egindako lan-bilera batean aztertu zutela Euskadik Frantziako Tourreko "le Grand Depart" hartzeko aukera, eta halaxe jakinarazi zela gero. Lehendakariak azpimarratu duenez, helburu horrekin "duela bi urte hasi ginen erakunde guztiak lanean. Erronka hori onartu genuen eta ahalegin berezia egin dugu. Orduan ametsa zena orain errealitate bihurtu dugu ".

Lehendakariak azpimarratu duenez, "aukera paregabea da Euskadiren nazioartekotze estrategia bultzatzeko, garapen ekonomikorako eta Europako turismoa Euskadi-Basque Country-ra bideratzeko” eta gaineratu duenez, "gure herriarentzat irudi eta oihartzun positiboa lortuko dugu”. 

Ilusioa 

Iñigo Urkulluk gogorarazi duenez, "pandemiaren eraginpean gaude eta horrek eragina du, bai Euskadiko turismoarengan, eta baita txirrindularitza probetan ere. Itzulia, adibidez, apirilaren 5etik 10era bitartean publikorik gabe egingo da. Hori azpimarratu nahi dut, asko baita oraindik jokoan duguna. Osasun-egoerak ez digu uzten kirolariak animatzeko kalean edo errepidean, estadioetan edo frontoietan biltzen. Zuhurtzia handiz jokatzea eta osasun-agintarien gomendioak zorrotz betetzea dagokigu. Lehentasuna kutsatzeak saihestea da, txertaketa-kanpaina aurrera doan bitartean". Horregatik, Lehendakariak Tourra Euskaditik irtengo dela iragartzeak duen garrantzia azpimarratu du: "osasun egoerak aukera ematen digunean, kirol ikuskizunak zuzenean gozatzeko aukera izango dugun ilusioari bizirik eusteko aukera ematen digu. Gure osasun fisikoaren, bizikleta erabiltzearen, ariketa egitearen eta sasoian egotearen garrantzia gogorarazten digu. Azken batean, pandemiaren nahigabeak ez gaitzala hondoratu". 

Erakundeen lana 

Bilbon egin den ekitaldian Iñigo Urkulluk euskal erakundeek egindako lana ere azpimarratu nahi izan du: "taldean lan egin dugu eta elkarrekin egin diogu aurre antolaketari. Baita nazioarteko kirol-, ikus-entzunezko- eta merkataritza-ekitaldi honen inguruko guztia planifikatzeari eta kudeatzeari ere. Munduari gure herriaren irudirik onena proiektatzeko ilusioz egiten dugu. Herri hau, Euskadi-Basque Country, ekonomia suspertzeko bidean izango da eta orain pandemiak baldintzatutako gizarte-, kultura-, turismo- eta kirol-jarduerak erabat berreskuratzeko prozesuan izango dira".

 

 

 

 

 

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(XII legealdia 2020 - 2024)