Bularreko minbiziaren aurkako Munduko Eguna
Berriak Berdintasuna, Justizia eta Gizarte Politikak
qrcode

José Antonio Rodríguez Ranz, Giza Eskubide, Memoria eta Lankidetzarako sailburuordea: “egia da bidea, elkarbizitzarik onenerako biderik onena”

2021-03-26
  • Eusko Jaurlaritzak eta Bilboko Udalak, familiarekin batera, Javier Batarrita, 107/2021 Dekretuak aitortutako motibazio politikoko indarkeriaren biktima, gogoratu eta omendu dute.
  • Javier Batarrita Poliziaren eta Guardia Zibilaren tiroen ondorioz hil zen Bilbon 1961eko martxoaren 27an.

Eusko Jaurlaritzak eta Bilboko Udalak, familiarekin batera gaur Bilbon egin den ekitaldi batean, Javier Batarrita Elexpuru, poliziaren indarkeria bidegabearen biktima aitortua, gogoratu eta omendu dute bere heriotzaren 60. urteurrenean.

José Antonio Rodríguez Ranzek, Giza Eskubide, Memoria eta Lankidetzarako sailburuordeak, hartu du hitza Jaurlaritzaren izenean, eta diktadura frankistan gertatu zen eta zuzenbide-estatuak zuzendu ez zuen gertakari bat dela gogoratu du. Javier Batarrita Elexpuru biktima gisa aitortu zen Eusko Jaurlaritzaren ekainaren 12ko 107/2012 Dekretuaren bidez, eta hil zenetik 51 urte igaro zirenean.

Giza Eskubide, Memoria eta Lankidetzarako sailburuordeak berretsi egin du Jaurlaritzak motibazio politikoko indarkeria-egoeran izandako giza eskubideen urraketen biktimekin hartutako konpromisoa. Aitorpen hori 107/2012 Dekretuarekin hasi zen gauzatzen, eta berriki 17/2016 Legearekin. “Biktimak, eskubideak urratu zaizkien biktima guztiak, legez aitortzeko, erakundeek eta gizarteak biktimei aitorpena adierazteko konpromisoa berretsi nahi dugu. Ekitaldi xume hau aitorpen horren ikurra izatea nahi dugu, Francisco Javier Batarrita gogoan izanda”.

Rodríguez Ranzek adierazi du egia eskubide besterenezina eta preskribaezina dela, eta betebehar morala, politikoa eta soziala dakarrela berekin: “Edonori, baina, oso bereziki, Estatuko Kidego eta Indar haien ardura zuen Estatuari, eskatu ahal zaion betebeharra da; ezinbestez erantzukizunak bere gain hartzea ekarri behar duen betebeharra”. Alde horretatik aldarrikatu nahi izan du egia dela elkarbizitzaren ardatza: “Egia da bidea, elkarbizitzarik onenerako biderik onena, gutaz eta besteez aritu ordez, guztioi buruz ari dena”.

Bere esku-hartzean, sailburuordeak hitz batzuk zuzendu dizkie familiari eta bertan zeuden beste biktima batzuei, Bakearen eta Bizikidetzaren Aldeko Bilboko Topaguneko kideei, eta nabarmendu du horien ekarpena “memoriaren, irmotasun etikoaren, hurkoarekiko aitorpenaren, elkarrizketaren etorkizuna denon artean eta denontzat eraikitzearen eredu” dela.

Ekitaldian Javier Batarrita Gazteluk, biktimaren semeak, ere esku hartu du, eta aita gogora ekartzeko hitz batzuk esan ditu.

Ekitaldiaren buruan Lehenengo lehendakariorde eta Segurtasuneko sailburu Josu Erkoreka eta Bilboko Udaleko Gizarte Gaietako zinegotzia eta Bakearen eta Bizikidetzaren Aldeko Bilboko Topaguneko idazkari-dinamizatzailea, Iñigo Zubizarreta izan dira, eta oroigarri bat eman diote Batarrita familiari. Horrez gainera, bertan izan dira Gotzone Sagardui, Osasuneko sailburua; José Antonio Rodríguez Ranz, Giza Eskubide, Memoria eta Lankidetzarako sailburuordea; Aintzane Ezenarro, Gogora – Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuaren zuzendaria; eta Mónica Hernando, Giza Eskubide, Biktima eta Aniztasun zuzendaria; Miren Gallastegi eta Ion Gambra Gogora institutuko zuzendaritza-kontseiluko kideak; Juana Balmaseda  12/2016 Legearen babesean sortutako Balorazio Batzordeko presidentea eta batzordeko beste kide batzuk, haien artean, Paco Etxeberria; Bakearen eta Bizikidetzaren Aldeko Bilboko Topaguneko kide diren zenbait biktima eta baita, Nekane Alonso, Jone Goirizelaia, Asier Gonzalez eta Ana Viñals Bilboko udaleko zinegotziak eta aipatutako Topaguneko kideak direnak.

Ekitaldia amaitzeko, Gabriel Aresti, idazle eta poetak, Javier Batarrita laguna oroitzeko idatzitako “Bizikletero” olerkia entzuteko aukera izan da.

 Javier Batarrita Elexpururen kasua

Javier Batarrita 1960tik 1978ra bitartean motibazio politikoan errotutako indarkeria egoeran giza eskubideen urraketa jasandako biktimatzat hartu zen Jaurlaritzaren ekainaren 12ko 107/2012 Dekretuari jarraituz.  

Aipatutako dekretu horretako Balorazio Batzordearen irizpenean Javier Batarritaren heriotzaren inguruabarrak jaso ziren. “Behar bezala egiaztatuta dago Francisco Javier Batarrita Elexpuru Poliziako eta Guardia Zibileko kideen polizia-jarduera kriminal eta arbitrario baten biktima izan zela. Poliziek ETAko hiru kiderekin nahastu zituzten Javier eta berarekin zihoazen beste bi pertsonak, ETAko kideek gidatzen zuten autoa Javierrek gidatzen zuenaren marka berekoa eta antzeko modeloa baitzen. Javierrek autoa gelditzeko agindua jaso zuen. Oina lurrean jarri bezain laster, eta hitz-erdirik esan gabe, behin eta berriz tiro egin zioten operatiboa osatzen zuten agenteek. Gorpuak lau tiro zituen buruan eta berrogei gorputz osoan. José Antonio Martín Ballesterosek hainbat tiro jaso zituen eta oso larri zaurituta geratu zen, eta zaurien ondorioz paralitiko geratu zen. Autoan zihoan hirugarren bidaiaria, Fernando Larizgoitia, onik atera zen”. Horixe jartzen du Balorazio Batzordeak, Jaurlaritzaren ekainaren 12ko 107/2012 Dekretuaren babesean, 2012ko azaroaren 19an egindako eta adostutako proposamenak.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(XII legealdia 2020 - 2024)
Beste gonbidatu batzuk
  • Iñigo Zubizarreta, Bilboko zinegotzia