Berriak Osasuna

Osakidetzak, web-orriaren bidez, pandemiak eragindako arazoei aurre egiteko tresnak eskaintzen ditu

2021-03-25

Edukia Osasun Eskolaren atalean dago eskuragarri; bertan, ebaluazio-test bat dago, anonimoa, antsietatearen eta depresioaren sintomak ebaluatzeko, eta osasun-arloko profesional batengana jotzeko beharraren inguruan orientatzen du

 

Covid-19ak eragindako pandemia erronka handia izaten ari da gizartearentzat; izan ere, osasun emozionala kolokan jartzen duten egoera berri eta zailei aurre egin behar diegu. Osakidetzak, oraintsu, herritarren esku tresna berri bat jarri du, egoera honek eragiten duen eta, gehienetan, tratamendu medikorik behar ez duen urduritasuna, kezka edo gogo falta maneiatu ahal izateko.

Osasun Eskolaren bidez –bakoitzaren osasuna zaintzeko informazioa eta prestakuntza eskaintzen duen Osakidetzaren web-orriko atala–, osasun emozionalari buruzko edukia sortu da, egoera zailei –besteak beste pandemiari– aurre egin ahal izateko baliabideekin. Otsailean jarri zen abian, eta espazioak 6.000 bisita baino gehiago izan ditu.  

Azken hilotan, nabarmen areagotu da osasun mentalarekin eta, bereziki, osasun emozionalarekin eta antsietatearekin zerikusia duten eduki guztiek eragiten duten interesa.

 

Zer aurki dezakegu osasun emozionalaren atalean?

Osasun Eskolaren osasun emozionalaren atala egunerokotasunean estres-egoera batengatik edo ardura batengatik edo hurbileko pertsona baten galeragatik ondoez emozionala eta antsietatearen edo depresioaren sintoma arinak eta iragankorrak dituzten pertsonei zuzentzen zaie. Atalak informazioa eskaintzen du pertsona horiei gertatzen zaiena hobeto ulertzen laguntzeko eta emozioak maneiatzeko gaitasuna hobetzeko, autozaintzarako urrats erraz batzuen bitartez.

Gainera, adibide zehatzak jartzen ditu pandemia-sasoi honetan aurrez aurre ditugun ohiko egoeren ingurukoak, besteak beste: Covid-19a dugula jakiteak eragin diezazkigukeen emozioak edo gaixotasun kronikoa duten pertsonak kutsatzeko beldurra.

Gainera, sintomak ebaluatzeko test anonimo bat ere badu; hark balio du osasun-arloko profesional batengana joatea komeni ote zaigun ala ez orientatzeko, balorazio zehatzagoa egin dezan. Testak pertsona bakoitzarentzat onuragarrienak izan daitezkeen autozaintzako urrats zehatzen inguruan ere orientatzen du.

Osasun Emozionalaren atalean aurki dezakegun materiala Osakidetzako profesionalek sortu dute, eta helburua, azken batean, lasaitzea da, autolaguntzako baliabideak ematea eta ondoez emozionaleko egoera oso ohikoak desmedikalizatzea.

Eskuragarri dauden beste baliabide batzuk

Webera jotzen duenak bertako informazioa nahikoa ez dela uste badu eta banako arreta profesionala behar badu, Osakidetzak gogorarazten du honako baliabide hauek eskaintzen dituela: 

  • Lehen aukera gisa, osasun-zentrora bertaratzea gomendatzen du, egoera zehatza baloratzeko. Beharrezkoa bada, tratamendu egokia emango da; tratamenduaren barruan, osasun mentaleko espezialista batengana bideratzea komeni ote den balora daiteke.
  • Egoerak premiaz esku hartzeko eskatzen badu, honako hauetara jo daiteke:
  • Etengabeko Arreta Gunea (EAG)
  • Ospitaleetako Larrialdi Zerbitzuak
  • Larrialdietarako 112 zenbakia
  • Gainera, gogorarazi behar da Osasun Kontseiluaren telefono-zenbakia ere (900 20 30 50) erabilgarri dagoela; bertan, profesional-talde baten arreta jasoko dugu.

 

Vitoria-Gasteiz, 2021eko martxoaren 25a

2 iruzkin
  • Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • 2021-03-26

    Konpainiako robot bat edukitzeak esan nahi du operazio guztiak gogoraraziko dizkizutela, eta istripu-arriskuei buruzko alertak emango dizkizutela.

  • 2021-03-26

    Está bien tener un robot de compañía te vaya recordando toda la operativa y dé alertas de riesgo de accidentes permita parar incluso al momento la operativa por seguridad.