Eusko Jaurlaritzak "Arabako Mahastiak/Viñedos de Álava" JDB gisa erregistratzea eskatzeko izapideak amaitu ditu

2021-03-25
  • Gai honetan eskumena duen agintaritza autonomikoa den aldetik, Arabako upategi talde batek egindako eskaera aztertzeko eta izapidetzeko duen betebeharra bete du horrela
  • Ebazpen hau Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Ministerioari igorriko dio, Europako Batzordera bideratu dezan

Eusko Jaurlaritzako Elikagaien Kalitate eta Industriako Zuzendaritzak aintzat hartu du "Arabako Mahastiak/Viñedos de Álava" Jatorri Deitura Babestua bultzatzeko eta Europako Erkidegoaren erregistroan inskribatzeko egindako eskaera, eta Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Ministerioari igorriko dio ebazpen hori, Europako Batzordeari helaraz diezaion. Hala, jatorri deitura babestuak eta adierazpen geografiko babestuak Europako Erkidegoaren erregistroan inskribatzeko eskaerak izapidetzeko prozedura arautzen duen legerian xedatutakoa bete du exekutibo autonomoak.

Eusko Jaurlaritzak Ebazpenaren berri eman die interesdunei, eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu du ebazpena. Ebazpenari ahalik eta zabalkunderik handiena emateko, baldintza pleguaren bertsioa eta erabakiaren oinarria izan den dokumentu bakarra argitaratu dira, web orri honetan:

https://www.euskadi.eus/informazioa/jatorrizko-izendapen-babestuak-eta-indikazio-geografiko-babestuak/web01-a2elikal/eu/

Horrela, Eusko Jaurlaritzak, gaian eskumena duen agintaritza autonomikoa den aldetik, "Arabako Mahastiak/Viñedos de Alava" Jatorri Deitura Babestua sortzeko Arabako upategi talde batek 2016an egin zuen eskaera teknikoki eta juridikoki aztertzeko duen betebeharra bete du, eta, aldi berean, errespetu osoa erakutsi die JDKren barruan dauden gainerako sinadura arabarrei.

Prozedura

Puntu honetara iristeko, Europako Erkidegoko araudiak eta Mahastizaintza eta Ardogintza Arautzeko Legeak ezartzen dituzten egiaztapenak egin zituen Eusko Jaurlaritzako Elikagaien Kalitate eta Industriako Zuzendaritzak. Ebazpena aldekoa izan zenez, "Aurkatzeko prozedura nazionalaren" faseari ekin zitzaion, iragarki bat argitaratu zen Estatuko Aldizkari Ofizialean, eta bi hilabeteko epea ireki zen edozein pertsona fisikok edo juridikok aurkatze arrazoitua egin ahal zezan, baldin eta bere ustez legez dagozkion eskubideak edo interesak kaltetu izan badira.

 Aurkatze prozedura ebatzi ondoren, aldeko ebazpena eman da, eta "Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian" argitaratu, eta Nekazaritza, Elikadura eta Ingurumeneko Ministerioari esandako onarpena jakinarazi zaio.

Hurrengo urratsak

Orain, JI babesteko eskaera Jatorri Deitura eta Adierazpen Geografiko Babestuak Europako Erkidegoaren erregistroan inskribatzeko prozesu administratiboari ekingo zaio. Prozesu horrek, berriz, bi fase ditu, bat barruan izapidetzekoa eta bestea Europako Batzordeak kudeatzekoa.

Ministerioak jatorri deitura Europako Erkidegoaren erregistroan inskribatzeko eskaera Europako Batzordeari helarazi ondoren, babes nazional iragankorra eman ahal izango da.

Batzordeak babes eskaera aurkezteko data argitaratuko du eta egiaztatuko du ea ezarritako baldintzak betetzen dituen eta, hala bada, Europar Batasunaren Egunkari Ofizialean argitaratuko du dokumentu bakarra eta aurretiazko prozedura nazionalean egindako baldintza agirien argitalpenaren erreferentzia. Bi hilabeteko epean, edozein Estatu kidek edo hirugarren herrialdek, edo bidezko interesik izan eta beste estatu kide batean edo hirugarren herrialde batean ezarrita egon edo egoitza duen edozein pertsona fisikok edo juridikok proposatutako babesaren aurka egin dezake, Batzordeari adierazpen arrazoitua aurkeztuta.

Batzordeak duen informazio oinarritzat hartuta, Europako Erkidegoan aurkatzeko duen prozedura bukatzen denean, jatorri izendapena babestea erabakiko du, ezarritako betekizunak betetzen baditu eta Europar Batasuneko araudiarekin bateragarria bada, edo, bestela, ukatu egingo du.

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak