Eaeko ekonomia % 6,7 haziko da 2021ean eta % 5,7 2022an, Eusko Jaurlaritzaren aurreikuspenen arabera

2021-03-26

Eusko Jaurlaritzako Ekonomia eta Ogasun Sailak hiru hilean behin argitaratzen duen txostenean euskal ekonomiaren hazkunde-aurreikuspenak eguneratu ditu, eta % 6,7ko hazkundea ezarri du 2021ean, eta % 5,7koa 2022an. Tasa hori oso sendoa da oraindik. Datu horiek erakusten dute bigarren olatuak (udaren ondoren) eta hirugarren olatuak (Gabonen ondoren) eragindako murrizketek eragina izan dutela, eta, ondorioz, susperraldiaren egutegia aldatu egin dela.

"2022. urtearen amaieran aise gaindituko dugu 2020an galdutako BPGaren atalasea, % 2 baino gehiago. Aurreko atzeraldian 8 urte behar izan genituen krisiaren aurreko BPGa berreskuratzeko, eta kasu honetan 3 urtetan berreskuratuko dugu ", azaldu du Ekonomia eta Ogasuneko sailburu Pedro Azpiazuk Eusko Legebiltzarrean.

BPGren hiruhileko bilakaeraren arabera, urtetik urterako tasa -% 2,5 izan da lehen hiruhilekoan, eta bost puntu hobetu da laugarren hiruhilekoko datua: hiruhileko batetik bestera % 0,5 igo da, laugarren hiruhilekoan bezala. Hortik aurrera, bigarren hiruhilekoan, urte arteko aparteko igoera gertatuko da, % 17,8koa, konfinamendua zorrotzagoa izan zen 2020ko aldiarekin alderatuta.

Ondorengo hiruhilekoetan ere igoera handiak izango direla aurreikusten da, baina hazkunde txikiagoekin: 2022ko lehen hiruhilekoan izango da hazkunderik handiena (% 8,2), eta data horretatik aurrera, tasak apaldu egingo dira, eta hurrengo urteko laugarren hiruhilekoan % 2,8 izatea espero da.

Enpleguari dagokionez, BJAren arabera, okupazioak % 1,5 egingo du gora aurten, eta % 1,7 datorren urtean. Hau da, 13.600 lanpostu sortuko dira 2021ean eta 15.800 2022an.

Langabezia-tasak ez du pentsa zitekeen beste egin okerrera, 2020an ekoizpenak izan zuen aparteko beherakada kontuan hartuta; izan ere, urteko batez bestekoa % 10,5ekoa izan zen, 2019ko datua baino ia puntu bat handiagoa soilik (% 9,8). Horri esker, langabezia-tasa % 10,1era jaitsiko da 2021ean eta % 9,5era 2022an. Aurreikuspen horiek egungo anduien txertoaren eraginkortasunaren eta etorkizunean ager daitezkeen mutazioen mende daude.

Eskariaren ikuspuntutik, barneko eta kanpoko eskarien arteko oreka aurreikusten da. Azken horrek hamarren batzuk ken diezazkioke hazkundeari aurtengo lehen hiruhilekoetan, baina urteko batez besteko saldoa azken urteetako posizio neutrotik gertu egongo da. Datorren urterako, hamarren bat eman diezaioke euskal ekonomiaren hazkundeari, baina ez da kopuru garrantzitsua izango.

Kontsumo pribatua nabarmen haziko da bigarren hiruhilekotik aurrera, eta azken urtean sortu den eskariari erantzungo dio. Hala ere, egoera horretan kontsumo pribatuaren hazkundea ez da aurreikusten BPGaren parekoa izatea, eta, beraz, pandemiak arrastoa utziko du familietan; izan ere, prekauzioz, pandemiaren aurreko aldietan baino gehiago aurrezteko aukera indartuko da.

Kontsumo publikoak berebiziko garrantzia izan du ekonomia osoari eusteko orduan, 2020an % 4,5eko hazkundea izan baitu. Paper hori murrizten joango da ekonomia pribatuak pultsua berriz hartzen duen heinean, eta, beraz, aurrerapen-erritmoa pixkanaka leunduko dela aurreikusten da: aurten % 3,4an geratuko da, eta datorren urtean % 1,9an.

Kapital-eraketa gordina ezohiko moduan haziko da aipatutako bi urteetan, eta hazkunde-tasak % 8,4koak izango dira aurten eta % 6,4koak datorren urtean. Bi kasuetan, hazkundea BPGarena baino handiagoa izango da, eta hori albiste ona da, gaurko inbertsioak etorkizuneko aberastasuna sortzen laguntzen baitu. Euskal ekonomiaren susperraldia gehiago oinarritzen da inbertsioan kontsumoan baino, eta horrek hurrengo urteetan garapen orekatuagoa eta iraunkorragoa izatea ahalbidetuko du.

Egungo aurreikuspenaren arabera, industriaren susperraldi esanguratsua izango da aurten bertan, eta balio erantsia % 8,3 handituko da, azken hogei urteetan erregistratu ez den tasa. Industriaren bultzada indartsu hori bateragarria da sektorea Europako herrialdeetan izaten ari den datu onekin, lotura estua baitu herrialde horiekin. Datorren urterako,% 5,3ko igoera espero da, eta erritmo hori oraindik sendoa da.

Eraikuntzak bultzada handia izango du biurtekoan, balio erantsia % 5,9 eta % 5,0 haziko baita erreferentziazko bi urteetan. Inbertsioaren sendotasunak sektore horren jarduera erakartzeko balioko du.

Ostalaritza eta jatetxeak 2020ko zenbait unetan itxi baziren ere, urte horretan zerbitzuek beren balio erantsia ekonomia osoak baino gutxiago murriztu zuten.

Hain zuzen ere, BPGren -% 9,5aren aldean, hirugarren sektoreak % 8,5 murriztu zuen balio erantsia urte horretan. 2021-2022rako aurreikuspenen arabera, hazkunde hori ekonomia osoaren oso antzekoa izango da. Zehazki, % 6,4 haziko da aurten eta % 5,8 datorren urtean.

Gaur egungo aurreikuspenaren arabera, prezioak ez dira etengabe igoko biurtekoan zehar, baina prezioen aldaketa positiboetara itzuliko dela aurreikusten da. Hala, BPGren deflaktorea % 0,6koa da aurten eta % 1,1ekoa 2022an. Europako Banku Zentralaren % 2ko helburutik urrun dauden zifrak dira, eta energiaren garestitzearen ondorioz igoera handiak bizi ahal izango diren arren, sakoneko joerak prezioen igoera moderatua izaten jarraituko du.

Egoera makroekonomiko hori egiteko kontuan hartu diren hipotesien arabera, EAEko ekonomiaren ingurunea nabarmen suspertuko da, nahiz eta ELGAko, euro-eremuko eta Espainiako urte arteko tasak negatiboak izango dira oraindik aurtengo lehen hiruhilekoan. Une horretatik aurrera, igoera handiak izango dira. Bestalde, aurreikuspenen arabera, interes-tasak eremu negatiboan mantenduko dira urte osoan, eta 2022an positiboak izango dira, baina oso baxuak.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak