Nola zaindu diabetesa
Berriak Eusko Jaurlaritza XII. leg
qrcode

Kontroleko osoko bilkura (2021/03/26)

2021-03-26

Iñigo Urkullu Lehendakariak, eta Eusko Jaurlaritzako sailburuek, talde parlamentarioen galderei eta interpelazioei erantzun diete Kontroleko Osoko Bilkuran.

Galdera, Maddalen Iriarte Okiñena EH Bildu taldeko legebiltzarkideak Lehendakariari egina, pandemiari aurre egiteko tresnei buruz.

Iñigo Urkullu lehendakariak nabarmendu du Euskadin herrialde askok baino baliabide eta tresna gehiago, eta beste batzuek baino gutxiago, ditugula pandemiari aurre egiteko; baina garrantzitsuena ditugun tresnak ahalik eta ondoen erabiltzea dela. “Daukagunarekin ezohiko egoerari erantzuteko garaia da, eta LORTZEN ari gara. Hobeto egin dezakegu, zalantzarik gabe. Baina, orain,  ekaitzaren erdi-erdian gaudenean, kontua da, iparra galdu gabe, egoera honetatik lehenbailehen irtetzea. Auzolanaren, elkarlanaren eta eskuzabaltasunaren garaia da. Zailtasunen aurrean bat eginez lanean jarraitzeko beti dago ATEA irekita”, esan du.

Halaber, Eusko Jaurlaritzak proposatutako "arau berria" aipatu du, pandemia geldiarazteko eta gainditzeko hartzen diren erabakiei segurtasun juridikoa emango dien legea. "Tresna berri bat da, eta zuek ere gehitu ahal izatea espero dut", gaineratu du.

Galdera, Carlos Iturgaiz Angulo euskal Alderdi Polularra- Ciudadanos taldeko legebiltzarkideak Lehendakariari egina Europako funtsek duten egoerari eta aurrekontuetarako ondorioei buruz.

Lehendakariak aitortu du harremana "stand by" egoeran dagoela, nahiz eta gaia gertutik jarraitzen den; beraz, balorazioa "gazi-gozoa" da.

Lehendakariak adierazi du onuragarria litzatekeela Espainiako Gobernuak, autonomia-erkidegoek eta toki-erakundeek zeregin aktiboagoa izatea funtsen diseinuan, banaketan eta gauzatzean. "Estatuarekin batera erabakitzea dagokigun politika publikoen esparruan, estrategia praktiko eraginkorrena da", gaineratu du. Horregatik, lehendakariak adierazi duenez, Euskadi prest dago, eta hala izaten jarraituko du, etorkizuneko belaunaldien aurrerabiderako eta oparotasunerako oinarriak ezartzen dituen plan baten definizioan ekarpenak egiteko; Euskadi Next da borondate horren isla. "Badugu denbora eta Espainiako Gobernuarekin lanean ari gara gure ahotsa entzun dadin. Horri esker, argi luzeak jar daitezke Funtsen erabilera areagotzeko eraldaketarako eta erresilientziarako, leheneratzetik harago. Garaiz gaude ", adierazi du.

Galdera, Amaia Martínez Grisaleña talde Mixtoko legebiltzarkideak Lehendakariari egina, Hitzeman programari buruz.

Lehendakariak argitu du Hitzeman programa presoak birgizarteratzeko esperientzia pilotu baten oinarri izan zela; eta, gaur egun indarrean ez badago ere, haren ondorioak kontuan hartuko direla Euskadiko espetxe-eredua definitzerakoan.

Gainera, gogorarazi du esperientzia pilotu hori bi arlotan garatu zela: birsozializazioan eta birgizarteratzean:

- Birgizarteratzea, berriz gizarteratzeko espetxealdiaren ondorengo prozesuak diseinatuz, laguntzaren ikuspegitik. Preso guztiei zuzenduta egon zen, delitua edozein izanda ere.

- Terrorismo-delituengatik kondenatutako presoak gizarteratzea. Horrela antolatu zen legediak kasu horietarako betekizun bereiziak ezartzen dituelako.

Interpelazioa, Jon Hernández Hidalgo Elkarrekin Podemos taldeko legebiltzarkideak Lehendakariari egina, II. Errepublika aldarrikatu zeneko 90. urteurrenari buruz.

Iñigo Urkullu lehendakariak adierazi duenez, balio errepublikanoak "gure balioak dira", eta beti egon dira Eusko Jaurlaritzaren ideietan, "baita gaur egungo ideietan ere". Hala, zehaztu du eskubide sozialak bermatzea, gehien behar dutenak babestea edo pertsona guztientzako bizitza duina bultzatzea bat datorrela Eusko Jaurlaritzaren ideiarekin, eta Gobernu Programaren parte dela. "Nire ustez, ideia horiei eustea da Errepublikaren espirituari egin diezaiokegun omenaldirik hoberena ", gaineratu du.

Lehendakariak eskerrak eman dizkie Errepublikako urte haietan gizartearentzat oro har egindako hobekuntzak eta aurrerapenak sustatu eta abian jarri zituztenei, eta frontean edo paredonetan hil ziren gudari eta milizianoak gogoratu eta omendu ditu. "Benetan uste dut, gaur egun, Errepublikaren garaiko pertsona eta aurrerapen-politika horiei egin diezaiekegun omenaldirik onena lehen Eusko Jaurlaritzak II. Errepublikaren garaian abian jarri zituen politika eta balio horietan eragitea dela", adierazi du.

Ildo horretan, auzolanaren espiritua berreskuratzeko proposamena luzatu du, batez ere bizi ditugun une zailetan, izan ere, 90 urte geroago, “Errepublikaren espirituari egin diezaiokegun omenaldia dela ere iruditzen zait”, esan du.

Galdera, Isabel González Rodríguez Elkarrekin Podemos taldeko legebiltzarkideak Lehendakariari egina, Domus Vik EAEn egoitzak kudeatzeari buruz.

Lehendakariak adierazi du foru-aldundiek dutela adinekoen egoitza-zentroak ikuskatzeko eskumena, eta zehaztu du Eusko Jaurlaritzari dagokion erantzukizuna Gizarte Zerbitzuen arloko Goi Ikuskaritzari buruzko 283/2010 Dekretuan garatzen dela. Nolanahi ere, Urkulluk esan du enpresa honek edo beste batzuek praxi txarren bat izan badute, erakunde eskudunek, hau da, Espainiako Gobernuaren Gizarte Eskubideen eta Agenda 2030 Ministerioak, Foru Aldundiek eta ikertzen ari den Fiskaltzak beharrezko ekintzak abiaraziko dituztela eta neurri egokiak hartuko dituztela.

Lehendakariak azpimarratu du pandemia-garai honetan Eusko Jaurlaritzak etengabeko komunikazioa eta lankidetza izan duela egoitza-zentroetan eskumena duten foru-aldundiekin, eta erakunde guztien jardunaren oinarrizko premisa birusaren hedapenari eustea eta adinekoen arreta eta ongizatea izan direla. Lehendakariak azpimarratu du asko ikasi dela, eta horrek egoitzetako pertsonen arreta eta bizi-kalitatea hobetzea ekarri duela, baina hobetzen jarraitu behar dela. "Aro berri honetan, pandemiaren irakaspenen ondoren, Estrategia eta adineko pertsonei eskaintzen diegun zerbitzua hobetzeko elkarrekin lan egitea espero dut, gaur egun eta etorkizunean", adierazi du.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(XII legealdia 2020 - 2024)