Berriak Osasuna

Lehendakariak eskerrak eman dizkio kontaktuen jarraipen-sareari, egiten duen lanagatik, eta herritarrei birusa geldiarazten laguntzeko elkarlanean jarduteko eskatu die

2021-03-24
  • Lehendakariak COVID-19aren Zaintza eta Kontrol Sarearen egoitzetako bat bisitatu du, Rontegin 

Iñigo Urkullu Lehendakaria, Gotzone Sagardui Osasuneko sailburuarekin eta Rosa Pérez Esquerdo Osakidetzako zuzendari nagusiarekin batera, gaur goizean, COVID-19aren Zaintza eta Kontrol Sareak Rontegin duen egoitza bisitatu du, eta bertan nabarmendu du nolako garrantzia duen herritarrek sarearekin elkarlanean jarduteak, pandemiari aurre egiteko eta bizitzak salbatzeko.

Sarea 36 erizain kudeatzailerekin sortu zen, medikuntza prebentiboko zerbitzuen, Osakidetzako lan-osasunaren eta Osalanen eskutik eta Osasun Sailaren Osasun Publikoaren Zuzendaritzaren babespean. Lehen bilera eta protokoloetatik gaurdaino, 700 profesionalek baino gehiagok eratzen duten sarea sortu da, OMEk ezarritako parametroen barruan.

Lan-bilera batean, Arrate Iturralde Sareko koordinatzaileak azaldu du hura abian jarri zenetik Osakidetzak sintomatologia izan duen pertsona bakoitzari eta haren kontaktu estuei proba diagnostikoak egin dizkiela. Kasu positibo guztiek zaintza-sarearen deia jaso dute. Gaixoentzat eta konfinatuentzat, profesional horiek erreferentziazko pertsonak dira.

Zaintza-zerbitzu horren lanaren garrantzia Euskadin identifikatu diren 166.000 kasu positiboetan islatzen da, eta eginiko 2,2 milioitik gorako probetan; proba horietako gehienak sarearen jarraipenaren ondorioz izan dira.

Euskadiko Zaintza eta Kontrol Sareak, gainera, erakundeen arteko eta gizarteko koordinazio-lana egiten du; foru-aldundiekin, beste sail batzuekin, hezkuntza-kolektiboekin eta GKEekin etengabe dago harremanetan, gehien behar duten pertsonentzako baliabideak aktibatzeko. Arreta integrala da; izan ere, haren lana ez da soilik epidemiologikoa, asistentziala ere bada. Kasu positiboekin eta haien kontaktuekin harremanetan jartzen diren profesionalen helburua da informazioa ematea, isolamendu egokia egiteko urratsak ematea, beharrezkoa bada gizarte-baliabideak aktibatzea eta osasunari eusteko heztea. Beraz, Osakidetzaren Lehen Mailako Arretarekin elkarlanean jardutea funtsezkoa da.

 Jarduteko urratsak

Prebentzioa da birusaren aurka borrokatzeko biderik onena. Prebentzio-neurriak zorrotz bete behar dira:

  • Kontaktuak burbuilera mugatzea.
  • Distantziak gordetzea.
  • Eskuak garbi izatea.
  • Maskara egoki erabiltzea
  • Espazio itxiak aireztatzea.

COVIDarekin bateragarriak diren sintomak izanez gero, deitu berehala Osakidetzaren osasun-zentrora eta elkarlanean jardun kontaktuen jarraipen-taldearekin, kontaktu estuak identifikatzeko; izan ere, Zaintza eta Kontrol Sarea ere, telefonoaren bidez, funtsezkoa izaten ari da bizitzak salbatzeko eta pandemiari aurre egiteko.

 

Bilbo, 2021eko martxoaren 24a

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak