UPV/EHU-ko giza eskubideen Katedrak prestatutako ‘Naparra Kasua’ren egoera eguneratuari buruzko txostena eman dio Eusko Jaurlaritzak familiari

2021-03-24
  • Dokumentua Eusko Jaurlaritzaren eta Giza Eskubideen eta Botere Publikoen UPV/EHUko Katedraren artean sinatutako lankidetza-hitzarmenean sartzen da
  • Txosten honen bidez, erakunde-aitorpena egin nahi zaio José Miguel Etxeberria Álvarez ‘Naparra’ren familiari, jasandako kalte bidegabeagatik

 Vitoria-Gasteiz, 2021/03/24

Eusko Jaurlaritzak, gaur, José Miguel Etxeberria Álvarez Naparraren egungo egoera juridikoari buruzko txostena eman dio familiari; 1980an desagertu zen, Iparralden. Dokumentua Giza Eskubideen era Botere Publikoen UPV/EHUko Katedrak egin du, eta gertakarien deskribapena, kasuaren analisi juridikoa eta nazioarteko zuzenbidean duen lekua jasotzen ditu. Biktimen Duintasunaren eta Giza Eskubideen Urratze Larrienganako Egiaren Eskubidearen Nazioarteko Eguna da gaur, martxoaren 24an, eta, egun horren esparruan, txosten hau aurkeztearen helburua da erakunde-aitorpena egitea Naparraren familiari, jasandako kalte bidegabeagatik.

Naparra kasuari buruzko txostena gaur goizean aurkeztu da, Eusko Jaurlaritzak Donostian duen egoitzan. Aurkezpen-ekitaldian, honako hauek izan dira: Monika Hernando, Eusko Jaurlaritzako Giza Eskubideen eta Aniztasuneko zuzendaria; Bertha Gaztelumendi, lanaren idazleetako bat; Jon Mirena Landa, txostenaren zuzendaria eta Euskal Herriko Unibertsitateko katedraren arduraduna; eta Eneko Etxeberria Álvarez, biktimaren anaia. Txostena Eusko Jaurlaritzaren eta Giza Eskubideen era Botere Publikoen UPV/EHUko Katedraren artean sinatutako lankidetza-hitzarmenean sartzen da

‘Naparra’ kasua

José Miguel Etxeberria Álvarez Naparra 1980ko ekainaren 11n desagertu zen, eta ez zen desagerpenaren inguruko gertakarien frogarik egon. Etxeberria etxetik irten zen, ustez hitzordu batera joateko, Ziburura. Une hartan, 22 urte zituen, eta Komando Autonomo Antikapitalisten kide zen. Desagerpen hori Eduardo Moreno Bergaretxe Pertur desagertu (1976ko uztailaren 23an, Behobian, Hendaian) eta lau urtera gertatu zen.

Desagertu eta hurrengo hiletan, Batallón Vasco Español-ek (BVE), eskuin-muturreko erakunde parapolizialak, bost aldiz iragarri zuen krimenaren egiletzaren erantzule zela, eta gorpua lurperatu zuten lekuaren inguruko zenbait adierazpen faltsu egin zituen.

Polizia-ikerketa oso urria izan zen, bai Frantzian bai Espainian. Bi kasuetan, BVEari egiletza egozten dion hipotesi frogagarriena ikertzeko gogo gutxi adierazi zuten, eta arreta handiagoa eskaini zioten Komando Autonomo Antikapitalisten aldetiko kontu-garbitzearen inguruko hipotesi ahulagoari, Frantzian 1980aren eta 1982aren artean eginiko ikerketetan. 1999az geroztik, familiak jarritako kereilaren ondorioz, prozedura judiziala ireki zen, Auzitegi Nazionalean, eta hark pasibotasunez jardun zuen eta ez zituen onartu akusazio partikularrak proposatutako eginbideak; hala, hautsi egin zuen nazioarteko zuzenbideak ikerketa eraginkorra izateko ezartzen duena.

2017ko apirilean, Naparra Mont de Marsan-en inguruan lurperatuta zegoelako informazio berriak ezagutu ondoren, miaketa bat egin zen, ustez Etxeberriaren gorpuzkiak egon zitezkeen bi guneetako batean, baina ez zen emaitzarik izan. Ondoren, 2018an, Espainiako aginte judizialek Frantziakoei eskatu zieten gorpua bilatzeko indusketak egiteko, adierazitako bigarren eremuan. Hala ere, gaur egun, oraindik egiteko dago Frantziako Justiziaren jarduketa hori.

Estatuak ez du José Miguel Etxeberria Álvarez terrorismoaren biktima gisa aitortu, nahiz eta familiak bi aldiz eskatu duen.

Kasua aintzat hartu da, 2014tik, Giza Eskubideen aldeko Nazio Batuen Goi Komisarioko Behartutako edo Nahi Gabeko Desagerpenen Lantaldean. Genevan eginiko 119. saio-aldian (2019), ez zen nahikotzat jo Espainiako Gobernuak “Etxeberria Álvarez jauna dagoen lekua” zehazteko emandako informazioa. Beraz, kasua berriz ere landu zuen Lantaldeak, 120. saio-aldian, 2020ko otsailean, eta aztertzen jarraituko dute, etorkizuneko bileretan.

“Gertakariak ez dagozkio iraganari, eta desagerpena jarraitu behar da gaur egunkotzat jotzen. Delituak jarraitzen du, harik eta Naparra zein lekutan dagoen jakin arte, eta familiartekoen artean sufrimendua eragiten jarraitzen du”, esan du Monika Hernandok.

Txostenaren bidez, batetik, kasuaren “bidegabekeria” utzi nahi da agerian, eta, bestetik, behintzat modu anonimoan, informazioa helarazi ahal izateko daturen bat duten pertsonen arreta deitu nahi da, familiaren sufrimendua zati batean arintzeko. Azken helburua gertatu zenari buruzko egia ezagutzea eta/edo Etxeberria Álvarezen gorpua non dagoen jakitea izango litzateke.

Lankidetza-hitzarmena

2016ko uztailean, Eusko Jaurlaritzak, orduko Bakerako eta Bizikidetzarako Idazkaritza Nagusiaren bidez, eta Euskal Herriko Unibertsitateak hitzarmena sinatu zuten, Giza Eskubideen eta Botere Publikoen UPV/EHUko Katedra sortu, garatu eta hari eusteko. Naparrarena prestatu den hirugarren txosten monografikoa da.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
Beste gonbidatu batzuk
  • Bertha Gaztelumendi, lanaren egileetako bat; Jon Mirena Landa, txostenaren zuzendaria eta Euskal Herriko Unibertsitateko katedraren arduraduna; Paco Etxeberria, Aranzadi taldeko antropologoa; eta Eneko Etxeberria Álvarez, biktimaren anaia.