Eusko Jaurlaritzak 70.000 eurorekin lagunduko du sasoikako langileentzako ostatuak sortzen eta hobetzen (Gobernu Bilera 2021-3-23)

2021-03-23
  • Sasoikako Lanaren Arretarako Eusko Jaurlaritzak abian jarritako IV. Plan Integralaren parte dira laguntzak hauek
  • 2020an, zazpi proiektu lagundu ziren diruz guztira; beraz, gaur egun 128 higiezin daude sasoikako langileentzako ostatuen erregistroan 

Nekazaritza sektorean lan egiten duten sasoikako langileei ostatu emateko higiezinak sortzeko, egokitzeko edo hornitzeko 2021eko ekitaldian emango diren laguntzak iragarriz Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuak emandako Agindua onartu du Eusko Jaurlaritzaren Gobernu Kontseiluak. Laguntzetarako 70.000 euro esleitu dira guztira, eta diru horretaz baliatu ahal izango dira bai pertsona fisikoak bai juridikoak, publikoak nahiz pribatuak, baldin eta sasoikako langileei ostatu emateko higiezinak badituzte.

Diruz lagundu daitezke sasoiko langileentzako ostatuen sarea handitzera eta hobetzera eta ostatu baldintza duinak bermatzera zuzendutako proiektuak edo jarduketak, eta sasoikako langileak Euskal Autonomia Erkidegoan dauden denboran lurraldean integratzera bideratutakoak.  Horien barruan egon daitezke ostatuak eraikitzeko lanak edo, kasua bada, ostatuen erosketa, eta ostatu horiek gaitzeko, eraberritzeko, handitzeko, egokitzeko, hobetzeko eta hornitzeko lanak, ostatu erregistratua izateko eskatzen den araudia bete ahal izateko.

Plan Integrala

Laguntza hauek Sasoikako Lanaren Arretarako IV. Plan Integralaren parte dira, izan ere, planak sasoikako lanaren inguruan sortzen diren premiei erantzuteko jardunak modu koherente eta koordinatuan planifikatzeko modua arautzen du. Azken helburua da behar adina ostatu leku izatea, arauz ezarritako gutxieneko bizigarritasun eta duintasun baldintzekin.

Horretarako, baldintza horiek betetzen ez dituzten ostatuetan hobekuntza egokiak egitea eskatzen da, gai gisa baimenduta (erregistratuta) dauden ostatuen kopurua pixkanaka egun dagoen ostatuen kopurura hurbil dadin. 

Asmoa da ostatu gisa erabiltzen diren higiezinak, horretarako erabili arren araudia betetzeko behar dituzten hobekuntzak egin ezin bazaizkie, gehiago ez erabiltzea eta horiek ordezteko beste higiezin batzuk gaitzea, iragartzen diren laguntzak erabiliz. Hala, agindu honen arabera higiezinak eraikitzeko ez ezik higiezinak erosteko ere baliatu ahal izango dira dirulaguntzak, sasoikako langileei ostatu emateko lehendik zeuden higiezinak berrerabili ahal izateko.

Eskabideak aztertzeko eta laguntzen zenbateko zehatza erabakitzeko, irizpide objektiboak hartuko dira kontuan, hala nola kokapena, sustatzailea indarrean dagoen Sasoikako Lanaren Arretarako Plan Integralean ezarritako nekazaritzako sasoikako lanaren programari atxikita egotea, ostatu lekuen kopurua edo ostatu leku bakoitzaren batez besteko kostua.

Eskaera egiteko epea

Agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunean hasiko da laguntzen deialdian sartzeko eskaerak aurkezteko epea, eta bukatu, berriz, fondoak guztiz agortzen direnean bukatuko da edo, bestela, ekitaldi honetako azaroaren 15ean. Fondoak agortzen badira, Landa eta Itsasertzaren Garapeneko zuzendariak emango du horren berri, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuta.

 Eskabide eredua agindua EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera egongo da eskuragarri, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan: https://www.euskadi.eus/servicios/1013808.

 

 

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko