Berriak Segurtasuna

Ertzaintzak eta udaltzaingoek 1.449 isun jarri dituzte San Jose zubian Euskadin osasun-araudia ez betetzeagatik

2021-03-22

Joan den San Jose zubian, martxoaren 18an, 19an, 20an eta 21ean, Ertzaintzak eta udaltzaingoek guztira 1.449 isun jarri dituzte Euskadin, koronabirusaren pandemiari aurre egiteko ezarritako osasun-arauak ez betetzeagatik. Horietatik 917 zirkulazio-askatasunaren muga eta gehienez elkar daitekeen pertsona-kopuruarena ez errespetatzeagatik jarri dituzte.

Ertzaintzak eta udaltzaingoek joan den zubian berriz areagotu dituzte kontrolak justifikatu gabeko joan-etorriak eragozten saiatzeko eta gainerako osasun-neurriak betetzen direla zaintzeko. Zaintza-dispositibo horietan guztira 1.449 isun bideratu dituzte ostegunetik igandera bitartean. Gehienak, 917, alegia, zirkulatzeko askatasunaren muga ez betetzeagatik edo eremu publikoetan edo pribatuetan gehienez elkar daitekeen pertsona-kopuruaren muga ez errespetatzeagatik jarri dituzte.  

Maskara ez janzteagatik edo behar bezala ez erabiltzeagatik, berriz, guztira 284 isun jarri dituzte. Kalean alkoholdun edariak kontsumitzeari dagokionez, guztira 106 isun-akta bideratu dituzte. Gutxiago dira beste kontzeptu batzuengatik jarritako isunak, eta kontzeptuok, besteak beste, kalean bi metroko tartea utzi gabe erretzea eta ostalaritza-establezimenduetan eta jatetxeetan ordutegia ez betetzea dira.

Lurraldez lurralde, honela banatzen da Ertzaintzaren eta udaltzaingoen jarduera bateratua: 128 isun Araban, 883 Bizkaian eta 438 Gipuzkoan.

 

Atxilotu bat Tolosan agentearen aurkako atentatuagatik

Ertzainek 21 urteko gazte bat arrastatu zuten atzo, igandea, gaueko hamaikak laurden gutxi aldera, Tolosako kale batean oinez maskara jantzi gabe zihoanean, atentatu-delitua leporatuta.  Patruila gaztearengana hurbildu zenean, Covid-19ari aurre egiteko osasun-araudia ez betetzeagatik identifikatu eta zegokion isuna jartzeko, honek aurre egin zion polizia-dotazioari eta eraso egin zion ertzain bati, eta atxilotu egin zuten, beraz. Horrez gainera, substantzia berde bat, ustez marihuana, zuen poltsatxo bat aurkitu zioten.

 

 

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko