Berriak Segurtasuna

Jaurlaritzak Euskalmeten webgune berria aurkeztu du Meteorologiaren Mundu Egunarekin bat etorriz

2021-03-23
  • Euskalmet gehien jarraitzen den Jaurlaritzaren webguneetako bat da, eta urtean, batez beste, 11 milioi bisita izaten ditu
  • Euskalmetek egiten duen lana funtsezkoa da muturreko fenomeno meteorologikoei aurrea hartzeko: 2020an Jaurlaritzak 267 abisu hori, 34 alerta laranja eta alarma gorri bat aktibatu zituen

Lehen lehendakariorde eta Segurtasuneko sailburu Josu Erkorekak lan-bilera egin du Euskalmet – Euskal Meteorologia Agentziako lantaldearekin, gaur, asteartea, ospatzen den Meteorologiaren Munduko Eguna dela eta. Topaketan Segurtasuneko sailburuorde Josu Zubiaga eta Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako zuzendari Pedro Anitua ere izan dira. Herritarrak Hartzeko eta Zerbitzu Digitaletako zuzendari Javier Bikaindi ere egon da.

Bileran Agentziaren 2020ko jardueraren balantzea egin da, eta, horrez gainera, irteera eman zaio Euskalmeten webgune berriari, Eusko Jaurlaritzaren www.euskadi.eus ingurune digitalean.

WEBGUNE BERRIA

Euskalmeten webgune berria gehien jarraitzen den Jaurlaritzaren webguneetako bat da, eta urtean, batez beste, 11 milioi bisita izaten ditu. Gaur abian jarri aurretik, webgunea publikoki eta modu irekian testatu dute erabiltzaileek. Euskalmeteko informazioan sartzeko herritarrek batez ere gailu mugikorrak erabiltzen dituztenez, mobile first diseinuan eta garapenean oinarritu da, lehentasuna eman baitzaie gailu mugikorretako bisualizazioari eta funtzionalitateei, erresoluzio handiagoko gailuetara modu optimoan egokitzen den aldi berean. Webgune berria proiektu berritzailea da ikuspegi teknologikotik, eta milioi bat kode-lerro inguru barne hartzen ditu. 

Webgunea datu irekiekin eraiki da osorik, Eusko Jaurlaritzak gardentasunarekin hartuta duen konpromisoaren esparruan. Hemendik aurrera, Euskalmeten web-orriak denbora errealean aterako ditu datuak Open Data Euskadi ataritik. Jauzi digital horri esker, Euskalmet datu publiko irekien lehen erabiltzailea izango da, eta, gainera, Eusko Jaurlaritzak berak garatutako programen bidez, datu meteorologikoak berrerabiltzeko interesa duen edozein administrazio, enpresa, garatzaile eta herritarren eskuera ere badaude.

Diseinu-prozesuan Euskalmet erabiltzen duten pertsonen profila aztertu da, funtzionalitateak eta diseinua euren premietara eta gehien eskatutako zerbitzuetara moldatu ahal izateko. Emaitza errazago erabiltzeko webgune modernoa izan da, eta menu hedagarri baten bidez erraz eta intuizioz nabigatzeko aukera ematen du. Edukiak, besteak beste, iragarpenekin, abisu meteorologikoekin eta erreparatutako datuekin erlazionatuta daude, eta Euskadiko udalerrietako iragarpen indibidualizatuetara azkarrago eta errazago sartzeko aukera ematen du, horixe izanik, hain zuzen ere, erabiltzaileek ongien baloratu duten aukeretako bat.

Aurtengo urterako aurreikusita dagoen bigarren fase batean webguneak, besteak beste, radarrarekin, disdrometroekin (euri-tantak neurtzean espezializatutako aparatuak), hamar minutuz azpiko prezipitazioekin (hamar minutuz azpiko tarteetan izandako prezipitazioari buruzko datuak) eta mareografoekin zerikusia duten zerbitzu eta produktu gehiago eskainiko dizkie erabiltzaileei, enpresei eta erakundeei.

2020ko LABURPENA

2020an zehar Eusko Jaurlaritzak 267 abisu hori, 34 alerta laranja eta alarma gorri 1 aktibatu zituen. Garrantzizkoa da adieraztea, egun berean fenomeno ezberdinekin erlazionatutako abisu hori bat baino gehiago edo alerta laranja bat baino gehiago pila daitezkeela.

 
GERTAERA METEOROLOGIKOAK 2020
 

2020an zehar muturreko gertaera meteorologiko bat baino gehiago izan dira Euskadin. Honakoak izan dira aipagarrienak:

Otsailaren 3an sortu zen urteko itsasoko lehenengo ekaitza, eta haize gogorra eta olatu handiak izan ziren. Myriam deitu zen borraskak Kantaurialdea gurutzatu zuen, eta mendebaldeko edo ipar-mendebaldeko haize oso gogorrak sortu zituen. Ageriko lekuetan urakan-itxurako bolada bortitzak izan ziren (Matxitxako 166,9 km/h; Oiz 140,1 km/h). Era berean, Donostiako buian 7,4 metrora arteko olatuak erregistratu ziren.

Uztailaren 30ean muturreko tenperatura altuak izan ziren, eta uztaileko tenperatura maximo absolutuen errekorrak hautsi ziren. Afrika iparraldetik sartutako aire beroak eta hego-haizeak 40 °C-tik gorako tenperaturak eragin zituzten isurialde kantauriarrean (Galdakao 41,8 °C), eta uztaileko tenperatura maximoen errekorrak hautsi ziren, eta kasuren batean baita urte osoko errekor absoluturen bat edo beste ere (Sodupe 41,7 °C; Arboleda 38,4 °C; Jaizkibel 38 °C).

Urria muturreko hilabetea izan zen hilaren 2an eta 3an eta 28an eta 29an izandako itsasoko bi denboraleren ondorioz. Alex borraska sakonak eta hilaren bukaeran sortu zen Epsilon hurakanak haize gogorrak eta olatu handiak eragin zituzten (8,75 m Donostiako buian), eta itsasgoretan zenbait puntutan olatuek itsasertza gainditu zuten.

Urriaren 20an azken urteotako haize-boladarik gogorrenak erregistratu ziren. Barbara borraskak haize-bolada gogorrak eragin zituen EAEtik igarotzean, eta 172,1 km/h-ko boladak erregistratu ziren Oizko estazioan.

Abenduaren 4tik eta 12ra bitartean mendebaldeko denboraleak haize gogorrak, olatu handiak, euri ugari eta kota ertainetan elurra eragin zituen. Zortzi egunetan zehar, bi borraskaren eta horiei lotutako fronteen eraginpean, Euskadik haize gogorrak (136,2 km/h Cerrojan hilaren 11n), olatu handiak (8,4 m Donostiako buian hilaren 8an), prezipitazio ugariak eta 500 m inguruan, eta Gipuzkoako zenbait tokitan 300-400 metroan, elurra (hilaren 6an) jasan zituen.

Azkenik, beste denborale batek astindu zuen Euskadiko itsasertza abenduaren 28an eta 29an, eta Segurtasun Sailak alarma gorria aktibatu behar izan zuen olatuengatik nabigaziorako (urteko alarma gorri bakarra). Bella borraskak haize-bolada gogorrak eta, batez ere, olatu handiak eragin zituen, eta hilaren 28an Donostiako buian 9,1 metroko olatuak erregistratu ziren.

KANALEN BALANTZEA 2020

2020an Euskalmeten “abisuak nahieran” zerbitzua 2.054 erabiltzailetara iritsi zen. Twitter (@Euskalmet) kontuak 4.539 tuit argitaratu zituen, eta 116.472 jarraitzailetara iritsi zen. Aplikazio berria 44.128 erabiltzailetara iritsi zen.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak