Eusko Jaurlaritzak txertaketa global eta solidarioa bultzatzeko ekarpen ekonomikoa egiteko konpromisoa hartu du
Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako bozeramaile eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak agerraldia egin du Gobernu Kontseiluaren osteko ohiko prentsaurrekoan, Gotzone Sagardui Osasun sailburuekin batera.
Bingen Zupiria bozeramaileak jakinarazi du gaur goizeko Kontseiluan, Lehendakariak, Europako Batzordeko presidente ohiari, eta, gaur egun, Osasunaren Mundu Erakundeak sustatutako COVAX ekimenaren presidente denari, Jose Manuel Barroso jaunari bidalitako eskutitz baten berri eman duela. COVAX, nazioartean sortu den ekimen bat da. Bere zeregina, COVID19-pandemiari aurre egiteko txertaketa globala eta solidarioa lortzea da, txertaketa unibertsal bat bermatzea.
Sailburuak azaldu duenez, Lehendakariak, bere idatzian, Barroso jaunari jakinarazi dio, Eusko Jaurlaritzak lehenik, eta Eusko Legebiltzarrak gero, babes publikoa eta irmoa eman diotela txertaketa globalaren eta solidarioaren aldeko ekimen honi; eta Euskadi aurrerago zehaztu beharko den ekarpen ekonomiko bat egiteko prest dagoela. Zupiriak adierazi du, pandemia global baten aurkako borrokan, txertaketa global eta solidarioa bultzatzeko orduan ere, Euskadi lankidetzarako prest dagoela jakinerazi nahi izan diola Lehendakariak COVAX ekimenaren presidentesari, Barroso jaunari, atzo helerazi zion idatziaren bitartez.
Gobernu Kontseiluaren akordioei dagokienez, Bingen Zupiria sailburuak ezagutzera eman duenez, Gobernu Kontseiluak gaur onartu du Xedapen Orokorrak Egiteko Prozeduraren Lege Proiektua, Eusko Jaurlaritzak bere lege eta dekretuak egiteko bete behar dituen fase eta baldintza guztiak arautzeko bidea. Bozeramaileak esan du Lege Proiektuak 2003koa den aurreko Legea eguneratu nahi duela, prozedura premia berrietara eta parte-hartzearen, eraginen ebaluazioaren eta gardentasunaren eskakizunetara egokitzeko. Eusko Legebiltzarrera igorriko den etorkizuneko arauak berrikusi egiten du xedapen orokorrak egiteko prozedura, xedapenei zorroztasun eta kalitate berme handiagoa emateko. Horrela, efizienteagoa eta eraginkorragoa izango da eta Administrazioa modernizatzen lagunduko du, izapideak konzentratuz, karga burokratikoak murriztuz eta bitarteko elektronikoak bultzatuz.
Bestalde, Gobernu Kontseiluak 8,89 milioi euroko gastua baimendu du 2021etik 2024ra arteko aldirako, Bilboko Txurdinaga auzoan 72 zuzkidura-bizitoki eraikitzeko. Horren helburua da Bizkaiko hiriburuko etxebizitza-beharrei erantzutea. Zupiria sailburuak adierazi du zuzkidura-bizitokiak (AZB) batez ere gazteentzat izango direla, emantzipazioa bultzatzeko xedearekin.
Gainera, Nekazaritza sektorean lan egiten duten sasoikako langileei ostatu emateko higiezinak sortzeko, egokitzeko edo hornitzeko 2021eko ekitaldian emango diren laguntzak iragarriz Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuak emandako Agindua onartu du Eusko Jaurlaritzaren Gobernu Kontseiluak. Laguntzetarako 70.000 euro esleitu dira guztira, eta diru horretaz baliatu ahal izango dira bai pertsona fisikoak bai juridikoak, publikoak nahiz pribatuak, baldin eta sasoikako langileei ostatu emateko higiezinak badituzte.
Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak jakinarazi du Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailak Euskadiko helmugen erakargarritasuna eta kalitatea hobetuko duten turismo-proiektuak garatzeko laguntzen deialdia egin duela, turismo-fluxu berriak dinamizatuz, banatuz eta sortuz. Bingen Zupiriak azaldu duenez, laguntzen zenbatekoa 1.450.000 eurokoa da, eta helmugen lehiakortasuna eta iraunkortasuna hobetzeko ekimenetara bideratuta dago. Deialdi honetan, agindu honetako baldintzak Covid-19aren pandemiaren inguruabarretara egokitu dira; eta, gainera, bateragarriak izango dira Sailaren COVID-19 aparteko laguntzekin eta beste erakunde edo organismo batzuek helburu bererako emandako beste laguntza batzuekin.
Kulturaren arloan, Eusko Jaurlaritzak Euskararen Erakunde Publikoarekin eta Euskaltzaindiarekin hitzarmenak berrituko ditu. Alde batetik, Gobernu Kontseiluak Eusko Jaurlaritzaren eta Iparraldeko Euskararen Erakunde Publikoaren arteko Esparru Hitzarmena berritzea onetsi du. Gaur onartutako hitzarmena 2021-2025 aldirako egongo da indarrean eta euskarari buruzko hizkuntza-politikaren arloko mugaz gaindiko lankidetza ezartzen du. Bestalde, Gobernu Kontseiluak Eusko Jaurlaritzaren, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako foru aldundien eta Euskaltzaindiaren arteko 2021-2024 epealdirako esparru hitzarmena ere onartu du. Euskara ikertzeko eta zabaltzeko jardueren ikuspuntu integratu baten barruan, epe ertain eta luzera erronka berriak planteatzea ahalbideratuko du hitzarmenak.
Gainera, Gobernu Kontseiluak gaur onartu du Bilboko Uribitarte Erranplak kaleko 3. zenbakian dagoen etxearen eraikina monumentu kategoriarekin Babes Bereziko Kultur Ondasun deklaratzeko dekretua. Enrique Epalza arkitektoak egindako eraikina da.
Azkenik, Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak ezagutzera eman du Gobernu Kontseiluak argi berdea eman diola langile lan kontratudun finkoentzako Erretiro Partzialeko Plana onartzen duen akordioari, 2021eko otsailaren 12tik aurtengo abanduaren 31ra arte. Akordioa Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren Negoziazio Mahai Orokorrean hitzartu zuten otsailean Jaurlaritzak eta CC.OO. eta UGT sindikatuek eta negoziazio mahai horretan ordezkatuta dauden ehunka langilerengan du eragina. Zupiriaren ustez, akordioak langile publikoen lan-bizitzaren amaiera nabarmen hobetuko du eta, bidenabar, enplegu berria sortzen lagunduko du, belaunaldi-erreleboa erraztuz.
Bestalde, Osasun sailburuak koronabirusak Euskadin duen eraginari buruzko datu eguneratuak eman ditu jakitera; eta adierazi du, emaitzen arabera, ibar-hondo bat igaro ondoren, intzidentzia handitzen hasi dela. Gainera, iragarri du Euskadik bihar ekingo diola AstraZenecarekin txertatzeari, eta datorren astean hasiko dela 65 urtetik beherako herritarrekin, adinaren irizpideari jarraituz.