Lanbideko Administrazio Kontseiluak kontziliaziorako partida onartu egin du eta enplegu-zentro bereziak indartu

2021-03-23
  •  Gainera, aurten, ia sei aldiz biderkatu nahi da iraupen luzeko langabeen kontratazioa

Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluak hainbat agindu ekonomiko onartu ditu gaur. Aginduok xede dute: batetik, lana eta familia bateragarri egiteko partida handitzea, bestetik, enplegu-zentro bereziak indartzea, Eta azkenik, iraupen luzeko langabeen kontratazioa ia sei aldiz biderkatzea ( 2020. urtearekin alderatuta).

Idoia Mendia lehendakariorde eta Lan eta Enpleguko sailburua buru dela, Lanbideko Administrazio Kontseiluak argi berdea eman dio 2,2 milioi euroko partidari, zeina familia eta lana bateragarri egiteko laguntzetarako bideratuko den. Zehazki, diru-laguntzak langabeak kontratatzeko baliatuko dira, eta langabe hauek ordezkatu egingo dituzte seme-alabak edo mendetasun-egoeran ( edo osasun-egoera oso larrian) senideak zaintzeko eszedentzia edo lanaldi-murrizketa hartzen duten langileak. Era berean, diruz lagunduko da langile baten lanaldia luzatzea; baldin eta, aurretik, langile horrek lanaldi partzialerako kontratatua bazuen, eszedentzian edo lanaldi-murrizketan dagoen beste langile baten lanpostua betetzeko.

2020an, 1.294 kontratu lagundu ziren diruz, horietatik: 1.055 emakumeenak izan ziren; eta 239 gizonenak. 625 kontratazio berriak izan ziren; eta 699 luzapenak eta/edo lanaldi-luzapenak. Ordezkapen horien arrazoi nagusia adingabeak zaintzea izan zen (1.289); eta soilik 5 izan ziren  mendekoak artatzeko. Enpresa onuradunen kopuruari dagokionez, orotara, 376 enpresek  jaso zuten aipatu laguntza; eta aurrekontu exekutatua 1,79 milioi eurokoa izan zen. Aurreikusita dago,  2021erako, 1.593 pertsonaren kontratazioa finantzatzea (gutxi gora behera).

Aurtengo beste ahalegin bat hauxe izango da: hogeita hamar urtetik gorako langabeak (iraupen luzeko langabetuak) kontratatzea. Horretarako, 1,41 milioi euroko partida emango da, Europako Gizarte Funtsarekin batera finantzatua. Partida horri esker, batetik, honakoak txertatu nahi dira euskal lan-merkatuan: azken 540 egunetatik 360 egun LANBIDEn izena eman duten langabeak. Eta bestetik, sustatu nahi da  enpresek kalitatezko enpleguen bidez kontratzea. Kontratuak izan behar du mugagabea edo aldi baterakoa (sei hilabetekoa gutxienez); lanaldia osokoa izango da edo  partzialekoa (kasu honetan, ez da izango  ezarritako lanaldiaren % 70etik beherakoa). Urteko gutxieneko ordainsari gordinak ezartzen dira. Eta diru-laguntzaren zenbatekoak finkatzen dira kontratuaren iraupenaren eta kontratatutako pertsonaren titulazio- edo prestakuntza-mailaren arabera. Gainera, laguntzak areagotu egiten dira baldin eta kontratatutakoa emakumea bada, edota  45 urte edo gehiagoko langilea bada, edo 2020an edo 2021ean prestakuntza-ekintza bat amaitu ba du eta LANBIDEn kontratatzeko konpromisoa hartu duten pertsonentzat denean (beti ere,  kontratuak, gutxienez, baldin badu: batetik, 12 hilabeteko iraupena; eta bestetik, ezarritako lanaldiaren % 70).

2020an, 35 kontratu diruz lagundu ziren beste horrenbeste enpresatan. Horietatik 21 mugagabeak izan ziren, eta zenbatekoa 319.000 eurokoa. Sexuaren arabera, 17 gizonenak izan ziren (horietatik 10 gizon 45 urtetik gorakoak ziren);  eta 18 emakumeak( horietatik ere 10 emakume aipatu adinetik  gorakoak). Aurtengo aurrekontuko zuzkidurarekin, ia sei aldiz biderkatu nahi da  iraupen luzeko langabeen kontratazio kopurua,  195 pertsonara iritsi arte.

Halaber, Lanbideren Kontseiluak onartu ditu Enplegu Zentro Berezietako Lanbide Jarduerari Laguntzeko Unitateentzako laguntzak. Unitate horiek lanbide anitzeko talde gisa eratzen dira; eta, hainbat funtzio garatuz, lagundu egiten dute desgaitasuna duten langileek laneratzeko oso zailak diren enplegu-zentro berezietan dituzten oztopoak gainditzen. Horren adibidea da, garuneko paralisia, edo gaixotasun mentala edo % 33ko edo hortik gorako desgaitasun intelektuala duten pertsonak, edo% 65eko edo hortik gorako desgaitasun fisikoa edo sentsoriala dutenak, lanpostuan hasteko eta bertan jarraitzeko prozesua. Pertsona horiek gizartean erabat integratzeko funtsezko bidea da. Aurten 5 milioi euroko partida prestatu da horretarako. 2020an ere  5 milioi eurokoa izan zen, eta kreditua osorik agortu zen. Hain zuzen ere, 4.686 pertsona artatu zituzten, 2019an baino 113 gehiago.

Desgaitasuna duten pertsonekin lotuta, 700.000 euroko laguntza deialdia ere onartu da, kolektibo horren enplegua lan-merkatu arruntean sustatzeko. Deialdi honek desgaitasuna duten pertsonak lan-merkatu arruntean kontratatzeko diru-laguntzak ematen ditu. Enpresentzako diru-laguntzaren zenbatekoa 4.000 eurokoa da, kontratua lanaldi osokoa bada. Aitzitik, lanaldi partzialekoa bada, itundutako lanaldiarekiko proportzionala izango da. Kontratatutako pertsona emakumea bada, diru-laguntzaren zenbatekoa % 10 handituko da. 2020an, 217 eskabide ebatzi ziren, eta 132 kontraturi eman zitzaien diru-laguntza, 463.000 euroko zenbatekoan. 2021erako aurreikuspenen arabera, 200 bat eskaera izapidetu ahal izango dira, eta horietatik% 85 diruz lagundu ahal izango dira kreditua agortu baino lehen. Hau da, aurreko ekitaldian bezala, 697.000 euro.

Era berean, lanpostuak egokitzeko eta oztopoak kentzeko laguntzak ematen dira. Zenbatekoa 1.000 eurokoa izango da, gehienez, langile bakoitzeko. 2020an ez zen eskaerarik egin kontzeptu horrengatik. Eta aurten ere hiru laguntza aurreikusten dira.

Onartutako beste partida bat langabezia-prestazioa jasotzen duten pertsonei Gizarte Segurantzari ordaindu beharreko kuotak ordaintzeko da, ordainketa bakarraren modalitatean. Laguntza horien bidez, langile autonomo gisa Gizarte Segurantzan dagokion araubideari dagokion kuotaren% 50 finantzatzen zaie langile horiei, gutxieneko kotizazio-oinarriaren arabera kalkulatuta, edo langileak Gizarte Segurantzako dagokion araubideko kotizazioetan egiten duen ekarpenaren% 100, ordainketa bakarreko modalitatean jaso izan ez balu langabezia-prestazioa jasoko zukeen denboran. Gaitutako partida 500.000 eurokoa da.

2020ko deialdian, lan elkartuko kooperatibetan edo lan-sozietateetan bazkide langile gisa sartu ziren 758 langaberen kuotak diruz lagundu ziren, edo, bestela, langile autonomo gisa eratu ziren, eta 254.000 euroko aurrekontua gauzatu zen. Aurreko deialdiarekin alderatuta, emandako diru-laguntzak murriztu egin dira, beren konturako langileek edo langile autonomoek ez dutelako kotizatu behar Gizarte Segurantzaren aparteko prestazioa jasotzen zuten Gizarte Segurantzako Erregimen Berezian, beren jarduerak eten egin baitira Covid-19k eragindako alarma-egoeraren deklarazioaren ondorioz. Gainera, uztailean ez zioten Gizarte Segurantzaren kuota ordaindu, salbuespena% 100ekoa izan zelako, abuztuan kuotaren% 50era iritsi zelako eta irailean% 25era. Aurtengo diru-laguntzetarako eskaeren kopurua iazkoaren antzekoa izatea espero da.

Azkenik, Lanbidek laguntza bereziak onartu ditu 76/2000 eta 25/2001 (Sintel) enplegu-erregulazioko espedienteek eragindako langileentzat. Deialdiaren zenbatekoa 28.800 eurokoa da; eta, oro har, 2020koaren zenbatekoei eutsiko zaie.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak