Artolazabalek esan duenez, Eusko Jaurlaritza zenbait aukera ari da aztertzen, Bilboko Justizia Jauregiko instalazioak handitzeko

2021-03-23
  • Radio Euskadin eman duen elkarrizketa batean adierazi duenez, aurten 11,7 milioi bideratuko dira ekipamendu informatikoak modernizatzera
  • Euskadiko espetxeen ereduak “justizia errestauratiboan eta birsozializazioan” jarriko du enfasia
  • “Biktima guztien eskubideak defendatzeak printzipio partekatua izan behar du, bizikidetzan aurrera egiteko”

Vitoria-Gasteiz, 2021/03/23

Beatriz Artolazabal Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak gaur goizean esan duenez, Eusko Jaurlaritza zenbait lokal ari da aztertzen, Bilbon, “Bizkaiko hiriburuko Justizia Jauregiaren instalazioak handitzeko eta, hala, espazioa arintzeko”. Hala esan du Radio Euskadin emandako elkarrizketa batean. Elkarrizketan zenbait higiezinen tanteoa aipatu du.

Zehazki, Justiziako titularrak Mapfreren egoitza duen Zabalguneko eraikina eta Justizia Jauregiaren aurreko ‘Kristalezko Eraikin’ izenekoaren zenbait lokal aipatu ditu. Artolazabalek azaldu du bere sailak Zabalguneko eraikinaren tasazioa esleitu duela, ondoren eragiketaren bideragarritasuna balioesteko. “Legealdi honetan, Euskadiko auzitegiak hobetzeko ari gara lanean; horretarako, giza baliabideak eta fisikoak hornitu behar dira, digitalizazioa modernizatzearen aldeko apustua egin behar da eta instalazioak eurak hobetu behar dira”.

Hori horrela, Artolazabalek nabarmendu du bere sailak, aurten, 11,7 milioi euro esleitu dizkiola ekipamendu informatikoak modernizatzeko aurrekontuari. “Egiturazko defizita dago, Estatu osoan, digitalizazioari dagokionez”, azpimarratu du. Gainera, sailburuak esan du Justizia Sailburuordetzaren kargua bere gain hartu zuenetik, 2020ko irailean, Eusko Jaurlaritzak Justizia-arloaren giza ekipoa ere sendotu duela eta, horretarako, langile gehiago kontratatu dituela.

Espetxe-arloko eskumenak eskualdatzearen inguruan galdetu diotenean, Berdintasuneko sailburuak esan du “urrats garrantzitsuak” ematen ari direla, maila teknikoan. Euskadik, transferentzia hori burutu ondoren, “justizia errestauratiboa eta birsozializazioa” sustatuko dituen ereduaren aldeko apustua egingo du. Horretarako, Eusko Jaurlaritzak ildo horretatik lanean ari diren Euskadiko hirugarren sektoreko erakundeak ere izango ditu bidelagun; izan ere, “justiziaren eta gizarte-politiken ikuspegiarekin lan egin behar da”.

Sailburuak honako hau esan du: “biktima guztien eskubideak defendatzeak printzipio partekatua izan behar du, bizikidetzan aurrera egiteko”. Zabalza kasuaren froga berriak direla eta, Artolazabalek honako hau esan du: “giza eskubideen urraketak argitu behar dira, torturak barne”, eta, kasu honetan, “egia judiziala berrikusi egin behar da, gertatu zenaren errealitatera hurbiltzeko; izan ere, egia bizikidetza finkatzeko biderik onena eta seguruena da”.

Azkenik, Beatriz Artolazabalek Eusko Legebiltzarrean izapidetzen ari den Berdintasun Legearen erreformak ekarriko dituen nobedade garrantzitsuak azaldu ditu. Arau horrek “berria eta berritzailea” izan behar du; berdintasun-politiken erdigunean indarkeria matxista jartzen du, “desberdintasunaren adierazpen nagusiena”. “Legeak indarkeria horren biktimak babestu nahi ditu, biktima horiek emakumeak soilik ez direla kontuan hartuta. Emakume horien seme-alabak ere biktima dira, eta, hori dela eta, arauak planteatzen du urtean 5.000 euroko laguntza ekonomikoa sortzea, harik eta 18 urte bete arte, amaz umezurtz geratzen diren umeentzat, eta tratu txarren emaileen ez-ordaintzeei aurre egiteko laguntzak abian jartzea”.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak