Berriak Segurtasuna

Pertsona bat atxilotu dute eta ehun bat pertsonari isunak jarri dizkiete Covid-19ari aurre egiteko osasun-araudia urratzeagatik

2021-03-20

Ertzaintzak gizon bat atxilotu du eta 97 pertsonari isunak jarri dizkie atzotik hasita gaur goizaldera arte, Covid-19ari aurre egiteko osasun-araudia urratzearekin erlazionatutako gertakarietan. Atxiloketa atzo egin zuten Legution, gizonak ertzainei eraso egin baitzien herritarrei ostalaritza-establezimenduetatik joateko eskatzen ari zirenean. Isunak higiezinetan eta etxebizitzetan elkartzeagatik, botiloietan parte hartzeagatik eta ostalaritza-establezimenduetan ordutegitik kanpora egoteagatik jarri dituzte.

Atzo, ostirala, arratsaldeko seiak aldera, jakin zen Zorrotzaurreko pabiloi batean dirudienez osasun-araudia urratzen ari zirela. Ertzaintzak, Bilboko Udaltzaingoarekin lankidetzan, egiaztatu zuen erlijio-ekitaldi bat egiten ari zirela 37 bat pertsona osasun-neurriak bete gabe, hau da, maskara jantzi gabe, pertsonen arteko tartea errespetatu gabe eta lau pertsona baino gehiago ez elkartzeko araua urratuz. Elkartuta zeuden pertsona guztiei isunak jarri zizkieten.
Arratsaldeko zortziak eta laurden aldera, Legution zegoen Ertzaintzaren patruila batek, tabernatan bezero asko zeudela ikusita, megafonia bidez adierazi zien bertan zeudenei ostalaritza-establezimenduetatik joateko. Pertsona gehienak agindutakoa betetzen hasi ziren, baina gizon batek, polizia-autora hurbildu eta burua sartuta, agenteei agiraka egin zien eta herritik alde egiteko esan zien. Ertzainak gizona identifikatzen saiatu zirenean, hura agenteei bultzaka hasi zen. Gizonaren jarrera ikusita, ertzainak arrastatzen hasi ziren, baina pertsona talde batek eragotzi egin zien eraso eginez, eta susmagarriak ihes egin zuen. Handik laster iritsi ziren hainbat polizia-dotazio laguntza ematera, eta herria miatu zutenean gizona atxilotzea eragotzi zuen eta ertzainei eraso egin zien pertsonetako bat aurkitu zuten. Ondoren, identifikatu egin zuten 29 urteko gizona, eta arrastatuta eraman zuten polizia-lana oztopatzeagatik eta agintaritzaren agenteen kontrako atentatuagatik. Bi ertzainek mediku-laguntza behar izan zuten. Ertzaintzak ikertzen jarraitzen du gertakarian inplikatutako gainerako pertsonak identifikatzeko.
Ertzaintzak eta Bilboko Udaltzaingoak Iturribide kalean botiloia egiten ari ziren 14 pertsona zehatu zituzten gaueko bederatziak aldera.
Ordu berean, itxita zegoen Abantoko taberna baten barruan pertsona bat ikusi zuten barran eta sei bezero kontsumitzen, eta guztiei isun-proposamenak egin zizkieten. Ordu horretan antzeko egoera bat gertatu zen oraindik irekita zegoen eta bezeroak zituen Busturiako ostalaritza-lokal batean, eta 16 pertsonari jarri zizkieten isunak.
Gauerdi inguruan, Bilboko Hernani kaleko etxe batean zeuden 13 pertsonari jarri zizkieten isunak.
Azkenik, goizaldeko ordu biak aldera, Loiuko lonja batean zeuden 10 pertsonari egin zizkieten isun-proposamenak.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko