Berriak Etxebizitza, Herri Lan eta Garraioak
Eu

Etxebizitzako Lege-aurreproiektuak 24 eragile ekonomiko eta sozialen 165 alegazio jaso ditu

2011.eko ekainak 30

 Jendaurreko informazioaren izapidea egin ondoren

Arriolak esan du aurkeztutako hainbat alegazio eta herritarren proposamen Etxebizitzari buruzko lege-proiektuan jasoko direla

Eusko Jaurlaritzak,  beste autonomia erkidego batzuetako ordezkariek eta eragileek Etxebizitzari buruzko legea aztertu dute

Iñaki Arriola, Etxebizitzako sailburuak gaur inauguratu duen lan jardunaldian beste autonomia erkidego batzuetako ordezkariekin eta etxebizitzarekin lotutako eragile sozialekin hausnarketa egin da Jaurlaritzak landutako etxebizitzari buruzko lege-aurreproiektuaren inguruan.

 Arriolak oso positibotzat jo du gai honen inguruan eragile sozialek erakutsi duten inplikazioa eta konpromisoa baita herritarren partaidetza ere. Eskerrak eman dizkie aurreproiektuko hainbat proposameni emandako babesengatik eta egin dituzten "kritika arrazoituak eta lege-aurreproiektua hobetzeko proposamen konstruktiboengatik."

 Hona "Zurekin etxebizitza egiten dugu" izeneko herritarren partaidetzarako prozesuko datuak: 

  • Plataformak 17.187 bisita izan ditu.
  • 8 inkesta plazaratu dira eta 1.349 iritzi jaso dira.
  • Irekitako 10 foroetan 874 iritzi jaso dira.
  • 143 izan dira Lehendakariari eta Etxebizitzako sailburuari zuzenean egindako galderak.
  • 312 jarraitzaile sare sozialetan.
  • Etxebizitzari buruzko lege-aurreproiektua hobetzeko 188 proposamen.

 Jendaurreko informazioaren izapidea amaitu da, 24 eragile ekonomiko eta sozialek 165 alegazio aurkeztu dituztelarik. Etxebizitza Sailak herritarren proposamenak eta alegazio guztiak aztertu ditu eta horietako asko, esan du sailburuak, lege-testuan sartuko dira. Honako hauek dira, besteak beste: 

  • Zenbait kontzeptu definitu dira, "merkatuko prezioa" esaterako, etxebizitza alokatzeko edo salgai dagoenean eta hutsik dagoen etxebizitza gisa kontuan hartzen ez denean, beraz.
  • Ondare-egoerari buruzko aipamenak sartu dira, babes publikoko etxebizitzen nahitaezko desjabetzea legitimatzen duen interes soziala dagoela uste den kasuetarako. Alderdi hori kontuan hartuko da ondorengoen, aurrekoen, ezkontideen edo bikotekideen alde egindako doako eskualdatzeetan.
  • Zenbait artikuluren idazketa argitu eta hobetu egin da: Berme eta Konpentsazio Funtsari dagokiona, etxebizitza libreen zein babestuen nahitaezko desjabetzeari dagokiona edota etxebizitza eta lokalen diruz lagundutako birgaitzeari dagokiona.  
  • Etxebizitza handiagoak lortzeko, lehendik zeudenekin bat egitea ere aurreikusi da, familia ugarien premietara egokitzeko, hain zuzen. 
  • Autonomia pertsonala izateko laguntza behar duten pertsonentzat aurreikuspen zehatzak egin dira.
  • Zenbait zehapenen tipifikazioa aldatu egin da eta isunen zenbatekoak ere.
  • Higiezin-zerbitzuak emateko bitartekaritza arautu egin da.

 Arriolaren esanetan, urtea amaitu baino lehen igorriko da Eusko Legebiltzarrera etxebizitzari buruzko lege-proiektu "ezaguna, eztabaidatua eta aberastua"  eta Legebiltzarrera igorri den "testu landuetariko eta partizipatiboetariko bat".

 "Herritarrengan zein eragile sozialengan aurkitu dugun zentzutasuna, seriotasuna, demagogiarik eza eta ikuspegi konstruktiboa aurkitu nahi genuke Legebiltzarrean ere. Bada garaia Euskadik etxebizitzari buruzko legea izateko, lege on bat, konponbideak eskaintzeko balioko duena." esan du sailburuak.

 Lan jardunaldia

Kursaalen gaur egin den lan jardunaldiarekin amaitzen da etorkizuneko legea herritarrekin eta Etxebizitzaren aldeko Itun Soziala izenpetu zuten eragileekin egiaztatzeko partaidetza-prozesua. Ekitaldian etxebizitzaren arloan izen handia duten eragile sozial eta ekonomikoek parte hartu dute, baita Andaluzia, Kataluña, Gaztela-Leon eta Gaztela-Mantxako etxebizitza arduradunek ere. Izan ere, erkidego guzti horiek badituzte dagoeneko etxebizitzari buruzko lege autonomikoak.

 Parte hartzaileen artean, Carles Sala, Kataluñako Generalitateko Etxebizitzako idazkaria; Victoria Fernández, Andaluziako Juntako Etxebizitzako zuzendari nagusia; Hugo Manzano, Gaztela-Leongo Etxebizitza eta Arkitekturako Zuzendaritza Nagusiko Zerbitzuen koordinatzailea; eta Gema de Cabo Serrano, Gaztela-Mantxako Juntako Etxebizitzako zuzendari nagusia.

 Beste erkidegoetan etxebizitza-politikari nola heldu dioten ezagutzeko aukera izan da. Aurkeztu egin da, halaber, lege-aurreproiektuaren testua lantzean herritarren partaidetzak izan duen eragina eta proposatutako legeak praktikan izango dituen inplikazioen inguruan hausnarketa egin da. Legeak biltzen dituen nobedadeen artean daude eskubide subjektiboa, birgaitzea eta hiria berroneratzea, hutsik dauden etxebizitzak mobilizatzea eta administrazioaren esku-hartzea etxebizitzaren funtzio soziala bermatzeko.

 Lan jardunaldi honetan jendaurreko informazioaren izapidearen berri eman da eta nola sartuko diren legean aurreproiektuari egindako alegazioak eta www.etxebide.info guneko partaidetza-plataforman eta sare sozialetan jasotako herritarren proposamenak.

 Gobernu onaren printzipioak (adostasuna, gardentasuna eta partaidetza), lehentasunezkoak direnak Eusko Jaurlaritzaren Etxebizitza, Herri Lan eta Garraio Sailarentzat 2009-2013 legegintzaldiari begira, zenbait emaitza eman dituzte jada: Etxebizitzaren aldeko Itun Soziala eta Etxebizitzaren eta Hiria Berroneratzeko 2010-2013 Plan Zuzentzailea eta Etxebizitzari buruzko Legea bera lantzeko herritarren partaidetza-prozesuak, besteak beste.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(IX legealdia 2009 - 2012)