Berriak
Eu

Euskadik Eskualdeetako Lantaldean defendatu du zerbitzuen arloko berrikuntza hazkuntza ekonomikorako, lana sortzeko eta lehiakortasunerako tresna gisa erabiltzea

2011.eko ekainak 30

Euskadik energia-eskaera kudeatzeko eta 2020rako kontsumo-helburuak erdiesteko neurriak hartzearen alde egiten du apustu

2011ko ekainaren 30ean eta uztailaren 1ean Bruselan Eskualdeen Lantaldearen Bilkuraren 91. edizioa egingo da. bertan, Siim Kallas Europako Batzordearen presidenteorde eta Garraioen komisarioaren eta Jutta Haug Europako Parlamentuaren Aurrekontuen Batzordeko presidenteordearen parte-hartze berezia egongo da.

Aurtengoan, Eskualdeen Lantaldean hainbat gai eztabaidatuko dira, besteak beste: ikerketa eta berrikuntzaren finantzaketa, energia-azpiegituraren lehentasunak 2020tik aurrera, toki-erakundeen papera uraren kudeaketa iraunkorrean, gutxiengo linguistiko historikoen babesa eta garapena eta handipenaren erronkak, besteak beste.

Euskal Autonomia Erkidegoak, Guillermo Echenique González Eusko Jaurlaritzaren Kanpo Harremanetarako idazkari nagusia ordezkari gisa izanik, 11 zuzenketa edo proposamen defendatuko ditu aipatutako gaien inguruan.

Proposamen horietan, Euskadik gizarte, industria eta ingurumenaren arloetako berrikuntza sustatzearen alde egiten du apustu, zerbitzuen sektoreak Europako ekonomiarako duen garrantzi ikaragarriagatik eta sektore horren eraldaketa eta berrikuntza gai erabakigarria delako hazkuntza ekonomikorako, lana sortzeko eta lehiakortasunerako.

Azpiegitura energetikoaren lehentasunei dagokienez, Euskadik azpimarratu egiten du beharrezkoa dela energiaren eskaera kudeatzeko neurriak hartzea, 2020rako aurrezkia eta energia-eraginkortasunaren arloan ezarritako helburuak erdiesteko, eta, horrela, energia-azpiegiturak arrazionaltasun ekonomikoko eta eraginkortasun operatiboko irizpideen arabera dimentsionatuz.

Euskadik, gainera, ur-baliabideen kalitatea kudeatu eta babesteko neurriak lurralde-antolamendu egoki baten barruan kokatzea defendatzen du. Lurralde-antolamendurako instrumentuak funtsezkoak dira gaiari modu integralean heltzeko eta gobernantza egokirantz aurrera egiteko.

Azkenik, Euskadik tokiko eta eskualdeko erakundeen papera defendatzen du Europako beste gune batzuetan, Kroazian, adibidez, lurralde-kohesioa indartzen duten agente gisa.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(IX legealdia 2009 - 2012)