Arriola sailburuak Hernani eta Astigarraga arteko Euskal Y-aren lanen aurrerapenak egiaztatu ditu
- Hernani-Astigarraga tartean, Espainiako Gobernuaren eta Eusko Jaurlaritzaren arteko lehen kudeaketa-aginduan jasotzen ziren 18etatik martxan dagoen azken-aurrekoan, abiadura handirako Estatuko lehen zubibide tiranteduna eraiki da.
- Ergobiako goiko pasabidea udarako amaituta egongo da
Hernani-Astigarraga tarteko lanek 2,4 kilometroko luzera izango dute eta abiadura handia Donostiako ateetan utziko dute. Erritmo egokian ari dira aurrera egiten hainbat obra-frontetan. Horien artean, nabarmentzekoa da bi hilabeteko epean elementu berezi bat eraikitzen hasi zela, abiadura handirako Estatuko lehen zubibide tiranteduna izango denaren zinbria edo egitura.
Iñaki Arriola Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio sailburuak, Pedro Marco Azpiegitura eta Garraio sailburuordearekin, Ernesto Martínez de Cabredo Euskal Trenbide Sareko zuzendari nagusiarekin eta ETSko teknikariekin batera, lanen aurrerapena egiaztatu du, gaur goizean, lanak egiten ari diren tokira egindako bisitan. ETS, Euskal Y-aren Gipuzkoako zatia eraikitzeaz arduratzen den euskal trenbide administratzailea da, Sustapen Ministerioak hala aginduta.
Hernani-Astigarraga tarteko obrak 2012an hasi ziren, eta egikaritze prozesua % 40an zegoenean, eta esleitutako jatorrizko proiektuan zenbait aldaketa egin zirenean, alderdiek kontratua suntsiarazteko eta proiektu berri bat idazteko akordioa lortu zuten. Proiektu berria 2019ko udan esleitu zen, eta lanak urte horren amaieran hasi ziren berriro, hainbat aurrerapen eginez, uda honetarako amaituta egongo den Ergobiako goiko pasabidea, besteak beste.
Espainiako Gobernuak eta Eusko Jaurlaritzak 2006an sinatutako lehen kudeaketa-agindua osatzen duten 18 tarteetatik azken-aurreko zatia da, Adifekin batera –Astigarraga-Lezo tartea, Sustapen Ministerioa egiten ari den informazio-azterketa prozesuan dago–. 2017an Euskadira abiadura handia iristea bultzatzeko bi administrazioen arteko hitzarmenaren aldaketak honako hauek sartu zituen aginduan: Atotxako geltokia (Donostia, gaur egun obretan), Ezkioko geltokia (esleitu berri dena), Astigarragako geralekua eta Astigarraga-Oiartzun-Lezo tartea egitea, eta baita Bergara eta Lezo arteko segurtasun-jarduketa berriak ere. Guztiak ere, ETSren aldetik eraikuntza-fase desberdinetan dauden obrak dira.
Arriola sailburuak obraren aurrerapen maila azpimarratu du eta Euskadiko Trenbide Sare Berria “hiru lurraldeak eta horien eremu metropolitarrak modu azkar eta iraunkorrean lotzeko eta Euskadik Iberiar Penintsularen eta Europako gainerako lurraldeen artean duen kokapen estrategikoari balioa emateko funtsezko azpiegitura” dela adierazi du. Arriolak iragarri duenez, Garraio, Mugikortasun eta Hiri-agenda Ministerioarekin lanean ari dira lankidetza horretan sakontzen jarraitzeko, eta, gaineratu duenez, “gure interesa, eta hala jakinarazi diogu Ministerioari, beste agindu bat sinatzea da, guk geuk, Eusko Jaurlaritzatik, eraikitzeko proiektuak idatzi eta egin gabe dauden obren parte bat egin dezagun”.
Hernani-Astigarraga tarteak 94 milioi euroko inbertsioa eskatuko du, eta Hernanin hasiko da, 618 metro dituen, eta gagoeneko eginda dagoen, hurbilketako zubibidea izenekoarekin. Pilare guztiak prest daudela, bi hilabeteren buruan hasiko da Hernaniko zubibidearen taula eusten duen egitura eraikitzen (erdiko zatia), 483 metrokoa, eta ikusgarriena, tiranteduna delako. Lehenengoak behin zeharkatzen du Urumea ibaia, eta bigarrenak birritan.
Azken tartea luzapeneko zubibideari dagokiona da. 347 metro da luze, eta ohiko zabalerako Madril-Irun lineako trenbideen artean dago. Ondoren, trenbide horiekin bat egingo du, eta, horrela, abiadura handiko trafikoekin sartuko da Atotxako geltokian, Gipuzkoako hiriburuan. Gaur egungo linearen bidez Frantziako mugarantz jarraitzea ere aurreikusten du konexioak, eta Astigarragatik Irunerako tartean hirugarren hari bat izango du.
Obra honen konplexutasun nagusia, Madril-Irun lineako zerbitzu erregularrak errespetatuz egin behar dela da, linea hori lan-eremuarekiko paraleloan igarotzen baita, zubibidearen amaieran batez ere. UIC zabalerako etorkizuneko trenbideak sartzeko eta gaur egungo aldirietako trenbideen azken kokagunea ezartzeko, hainbat obra-fase eta behin-behineko egoera gauzatu beharko dira. Horiek aldi baterako desbideratzeak ekarriko dituzte trenbide sarean. Beste zailtasun bat ere badago: Urumeako autobia hurbil dago, eta haren behealdean trenbide-bidezubia, hiri-ingurunea eta Urumea ibaia daude.
Hernani-Astigarraga tartean beste kontratu garrantzitsu batzuk daude, obra-fase desberdinetan, Ergobiako goiko pasabidea eraikitzea, besteak beste. Horri esker, Donostiako eta Astigarragako udalerriak lotzen zituen izen bereko trenbide pasagunea kendu ahal izango da. Lanak datorren udan amaituko dira. Horrela, Okendotegiko bizilagunei igarotzen uzten dien behin-behineko oinezkoen pasabidea behin betiko desmuntatu ahal izango da.
Etorkizunean eremu horretako tren-zerbitzua amaitzeko beste obra bat, Astigarragako aldiriko geltoki berria eta haren sarbideak egitea da. Lan horietan, nazioarteko zabalerako eta ohiko zabalerako trenbideen gainetik zamalanetarako geltoki bat aurreikusten da. Geltoki horren eraikuntza-proiektua idazketa-fasean dago.
-
2021-03-19
Comentario de Twitter:
Viaducto LAV de Hernani vía @pontdefer
https://t.co/mupz8I7NdH https://t.co/8KpgbKACfN