COVID-19-aren ondorioz 2020an diru-sarreretan jaitsierak izan dituzten kultur arloko autonomo, enpresa eta entitate profesionalek gaurtik aurrera eskatu ahal izango dituzte laguntzak
- Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak 1,1 milioi euro bideratuko ditu kultura arloko profesionalei laguntzera
- Pandemiak nabarmen kaltetu zuen iaz kulturaren sektorea. Kultur jarduera pandemia hasieran % 82,6 murriztu zen eta horrek eragin zuzena izan du enpleguan eta diru sarreretan
- Diru laguntzak jasotzeko beharrezkoa izango da COVID ‐ 19 pandemiak eragindako krisiaren ondorioz 2020ko fakturazioak % 20ko edo gehiagoko murrizketa izatea 2019ko ekitaldiarekiko
Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak 1,1 milioi euro bideratuko ditu COVID-19 pandemiak sortutako krisiaren eraginez diru-sarrerak murriztu izanaren ondorioz, 2021erako jarduera ekonomiko profesionalaren jarraitutasuna ezbaian ikusi duten Euskadiko kultura sektoreko profesional autonomoek, enpresek eta entitate profesionalek kultura jarduerarekin jarraitzeko diru laguntzetara.
2020an COVID-19ak kulturaren sektoreari eragindako kaltea nabarmena izan da. Jarduera asko bertan behera geratu ziren eta jardueraren moteltzea ere nabarmena izan da. Horrek testuinguru aldakorrak eta ziurgabetasun maila handia eragin ditu sektorean. Kulturaren arloan jarduerak eragin zuzena du diru-sarreretan eta enpleguan. Jarduerarik gabe ez dago ez diru sarrerarik ezta enplegurik ere kultur egituren bizi-iraupena kolokan jarriz. Kulturaren Euskal Behatokiak pandemiaren hasieran kaleratutako datuen arabera kultur jarduera % 82,6 murriztu zen eta lanpostuen % 43 galdu zen. COVID-19-aren aurreko sasoiarekin alderatuta urteko diru-sarrerak % 40,8 murriztu dira. 2021. honetan ere, kultura jarduerek, osasun egoerak hala behartuta, hainbat muga dituzte eta beraz, diru-sarrerak galtzea ekarriko du.
Iaz bizitako egoeraren larritasunak eta aurtengo ziurgabetasunak bultzatuta Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak jarduerak izandako mugen ondoriozko galera ekonomikoaren egoera arintzen lagundu eta egitura profesionalek beren jardunarekin jarraitu ahal izatea nahi du. 2020. urtean bertan iragarri zituen Sailak sektoreari laguntzeko lehenengo laguntzak baina aurten ere ildo horri jarraituko dio gaur onartutako 1,1 miloi eurotako diru partidarekin.
2020an diru-sarreretan, jarduerari eustean eta egituretan jaitsierak izan dituzten kultur arloko autonomo, enpresa eta entitate profesionalei laguntzeko diru laguntzak jaso nahi dituztenek honako baldintza hauek bete beharko dituzte:
- 2020ko fakturazioa, gutxienez % 70ean jarduera hautakoren batekoa edo batzuetakoa izatea: arte eszenikoak, ikusizko arteak, arkeologia, ikus entzunezkoak, bertsolaritza, bitartekaritza edo kultura aholkularitza, liburua eta literatura, musika eta ondarea.
- Jarduera Ekonomikoen gaineko Zergan eta Gizarte Segurantzan alta emanda egotea, eta hala dagokionean, dagozkion erregistroetan, eskaera egiten den unean eta diru-laguntza justifikatzen den unean.
- Jardueraren edo helburu sozialaren xede honako jardueraren bat izatea: arte eszenikoak, ikusizko arteak, arkeologia, ikus entzunezkoak, bertsolaritza, bitartekaritza edo kultura aholkularitza, liburua eta literatura, musika eta ondarea.
- 2020ko fakturazioak % 20ko edo gehiagoko murrizketa izatea 2019ko ekitaldiarekiko, COVID ‐ 19 pandemiak eragindako krisiaren ondorioz.
- EAEn establezimendu iraunkorra izatea.
Diru laguntza hauek banatzerakoan ez dira kontutan hartuko kultura sektoreak txikizkako merkaturatzera bideratutako jarduerak dituztenak, hala nola, liburu eta musika dendak eta zinema aretoak; prestakuntzaren esparruan kultura arloko profesionalei zuzenduta ez daudenak; kirol, aisialdi, astialdi, ostalaritza eta turismo jarduerak; enpresa publikoak edo eta 2020 eta 2021 ekitaldietarako laguntza izendunak dituzten erakundeak.
Onuradunari eman beharreko laguntzen gehiengoa berriz, 2019-2020 urteen arteko fakturazio-aldearen %50era artekoa izango da eta beti ere, gehienez, 30.000 eurokoa.
Interesa duten kultura arloko profesionalek gaurtik, martxoaren 17tik, apirilaren 16ra bitartean aurkeztu ahal izango dituzte eskabideak.
2020ko laguntzak
Eusko Jaurlaritzak iazko ekainetik egin du jarduera kultural presentzialaren alde eta beharrezkoak diren babes neurri guztiak mantenduz denbora guzti honetan jarduera hori zabalik mantentzea lortu da.
- urtean Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika sailak 3,1 milioi euro bideratu zituen kultura-sektorea laguntzeko COVID-19ak sortutako alarma-egoeraren eta bizi izan den osasun-larrialdiaren ondorioen aurrean. Honakoak izan ziren egoera arintzeko emandako laguntzak:
- Kultura-arloko langileei zuzendutako aholkularitza-zerbitzua jarri zen martxan eta horretarako 60.000 euro bideratu ziren. Guztira 565 kontsulta erantzun zituen zerbitzuak.
- Kultur arloko profesionalei laguntzeko 441.000 euroko diru partida erabili zen. Guztira 104 profesionalek jaso zuten diru laguntza.
- Kultura arloko mikropyme-en egoera arintzeko 413.000 euro erabili ziren eta guztira 74 mikropymek jaso zituzten laguntzak.
- Euskal Herriko Musika Bulegoa Elkartearekin batera zuzeneko arteen “Beste Bat!” zirkuitua” garatzeko 487.000 euro jarri zituen Kultura eta Hizkuntza Politika sailak. Diru laguntza horri esker bi hilabetez 250 zuzeneko emanaldi eskaini ahal izan dira.
- Durangoko Azokaren “Zu non, han DA!” ekimena martxan jartzeko 100.000 euro diru laguntza bideratu zitzaion Gerediaga Elkarteari eta 32 musika taldek zuzeneko kontzertuak ematea eta azokako produktuak 141 liburu saltokira iristea lortu zen.
- Artium, Tabakalera eta Bilboko Arte Ederren Museoak elkarlanean eratutako bilduma partekatua erosteko 150.000 euro bideratu ziren. Asmoa itxialdiaren ondorioz beraien jarduera eten behar izan zuten euskal artistei laguntzea izan da. Guztira 24 artistaren 42 artelan eskuratu ahal izan dira.
- Itxialdiak eragindako ilustrazioekin kaleratutako “Harrigarri eta Miragarri. Jostailuzko Entziklopedia Ilustratua” liburuaren proiektura 105.000 euro bideratu dira. Guztira 20 ilustratzailek parte hartu dute ekimenean.
- Zinema-ekoizpengintza sektorea bultzatzeko 240.000 euroko diru partida erabili zen iaz konfinamenduaren inguruan fikziozko zazpi film labur sustatzeko.
- Liburugintzaren sektorea bultzatzera 100.000 euroko ezohiko partida bat bideratu zen liburutegi publikoetarako liburuak erosteko zuzkidura handitzeko.
- Katalogazio eta digitalizazioan 50.000 euro inbertitu ziren Euskadin argitaratutako diskoen karatulak katalogatu, digitalizatu eta aztertzeko. Helburua Euskadiko Liburutegi Digitalari euskal kultura-ondarean garrantzi handia duen dokumentu-funts bat hornitzea izan da.