Berriak Herrizaingoa
Eu

Istripu bat izandako ibilgailuak azkar erretiratzeko zerbitzu berri batek zirkulazioa bizkortuko du uda honetatik aurrera

2011.eko ekainak 29

Publizitate-kanpaina batek gidari gazteak ohartaraziko ditu alkoholaren arriskuen inguruan

A-8an istripu bat izandako ibilgailuak premiaz erretiratzeko zerbitzu berri batek bide nagusi honetan auto-ilarak gutxitzeko eta hala, zirkulazioa bizkortzeko balioko du. Bereziki gidari gazteenei zuzendutako publizitate-kanpaina batek alkohola edan ostean ibilgailu bat hartzearen arriskuaz ohartaraziko du. Hauek dira Rodolfo Ares Herrizaingo sailburuak eta Amparo López Trafiko zuzendariak, udako trafiko denboraldiaren hasiera dela eta, Euskadiko Trafikoa Kudeatzeko Zentroan emandako prentsaurreko batean aurkeztu dituzten nobedade anitzetako bi.

Udan, bi trafiko-fluxu ezberdin gainjartzen dira euskal errepideetan, euren efektuak batzen direla. Alde batetik, Europa kontinentaletik, Penintsulatik igarota, Afrikako iparraldera doan nazioarteko trafikoa daukagu (joan den urteko ekaina eta iraila artean, 1.700.000 iragaitzazko ibilgailuk zeharkatu zuten gure autonomia erkidegoa) eta, bestalde, euskal gidari propioek udako irteera eta itzuleran sortzen duten zirkulazioa eta hondartzetara zein jaietan dauden herrietara joateko barne-desplazamendu anitzak dauzkagu.

Sailburuak eta Zuzendariak azaldu duten moduan, aurten datorren uztailaren 1ean hasiko da Euskadin udako trafiko-operazio berezia eta irailaren hasierara arte iraungo du. Trafiko-intentsitate nagusia, opor-irteerari begira, uztailaren 21etik 25era eta uztailaren 28tik 31ra emango dela aurreikusten da. Itzulerari dagokionez, jario garrantzitsuak espero dira abuztuko azken hiru asteburuetan zehar.

Bizkortasun gehiago bide nagusietan

Gidarien segurtasuna eta bide-sareko arintasuna bermatzeko, Ertzaintzako Trafiko Unitateetako ia 500 agente egongo dira errepideetan; gainera, polizia-etxeetako beste hiru mila ertzain eta Udaltzaingoetako hainbat kideren laguntza izango dute.

Giza-bitarteko hauen hedapenak A-8ko (euskal bide nagusia) zirkulazioaren bizkortasuna hobetzeko martxan jarriko diren bi zerbitzu berrien errefortzua izango du. Ugaldebieta eta Liendo artean ohiz irekitzen den irteerako bide itzulgarriarekin batera (puntako egun eta orduetan arintasuna nabarmenki hobetzera lagundu du), A-8an ibilgailuen erretiratzea bizkortzeko zerbitzu berri bat ere ezarriko da uda honetan.

Trafiko Zuzendaritzak kontratatutako hiru garabi zainketa lanak egiten egongo dira etengabe A-8ko ordutegi eta puntu gatazkatsuenetan istripu edo aberia bat izandako ibilgailuak ahalik eta lasterren erretiratzeko. Udal ibilgailu-gordailuetara eramango dituzte ibilgailuak, Zuzendaritzak eta udalek sinatutako akordio baten arabera, eta horrela, galtzadaren blokeatzea ekidingo da. Basauriko korapilotik Kantabriako mugara arte doan A-8ko tartean (Bilbo Handiko perimetroa barne, auto-ilara handiak eragiten dituzten istripu ugari ematen baitira zonalde horretan) banatutako hiru puntu estrategikotan kokatuko dira garabiak.

Zerbitzua izaera esperimentalarekin hasiko da uztailaren lehen astetik; udan jarri da martxan urteko denboraldi bereziki gatazkatsu honetan arintasun gehiago lortzeko indarrean dauden neurri orokorrei laguntzeko.

Zaintze eta segurtasun gehiago

Aurreko edizioetan bezala, Ertzaintzako Helikopteroen Unitateak bere aireontziak (bideo-kamerez hornituta) jarriko ditu eskura aurten irteera eta itzulera operazioetan, airetik zaintze-lanak egiteko, Trafikoa Kudeatzeko Zentroan operatiboa zuzentzeko arduradunekin etengabe harremanetan egongo direla. Hegaldiak uztailaren azken asteburuan eta abuztuko hirugarren eta laugarren asteburuetan egingo dira.

Aurreko udetan gertatu den moduan, alkoholemia kontrol bereziak ezarriko ditu Ertzaintzak jai nagusietara joateko errepideetan eta orduetan, mozkorkeria egoeran dauden gidariek gainontzeko erabiltzaileak arriskuan jartzea ekiditeko. Alkohol-prebentzio kanpaina honen lehen zatia uztaileko lehen hamabostaldian garatuko da, bereziki San Fermin jaietan zehar, eta martxan jarriko dute berriro ere abuztuaren 2an, hilabete osoa iraungo duela, herri-jai gehienekin bat egiteko.

Dispositiboaren barnean, halaber, Trafikoa Kudeatzeko Zentrotik seinaleztapen-neurriak indartuko dira gidariei mezuak bidaltzeko panelekin, besteak beste, auto-ilara eta istiluez edo ibilgailu astunei dagozkien murrizte-neurriez informatuko da (www.trafikoa.net webgunean ere dago eskura informazio hori). Seinaleztapen-panel bereziak ere jarriko dira Portugal edo Magrebera joaten diren gidari atzerritarrentzat zein, izaera orokorrarekin, zirkulazioa arintzeko lotura nagusietan egiten diren behin-behineko aldaketen berri emateko.

Era berean, 011 Trafiko Informazio telefono berriak informazioa eskainiko dio erabiltzaileari euskaraz, gaztelaniaz eta beste hizkuntzetan, data hauetan Euskadiko errepideetatik mugitzen diren euskal gidarien eta bisitari anitzen beharrizanak osatzeko.

Tarte gatazkatsuagoak

Uda honi begira eta aurreikusitakoa kontuan izanda, honako tarte hauetan izango da zirkulazio-dentsitate handiena: A-8an Kantabriara irteera eta Biriatuko mugako tartea, eta Araban AP-8tik eta A-1 autobiatik (Armiñonen) AP-1 autopistara sarrerak eta N-622 autobiatik A-1 autobiara lotura Gasteizen. Itziar eta Hernaniko zerbitzuguneetan ere auto-ilarak eman ahal izango dira, gasolina hartu nahi duten ibilgailuen eraginez. Auto-ilara posibleak minimizatzeko, patruilak indartuko dira eta konoak erabiliko dira trafikoa balizatzeko eta ordenatzeko.

Ezbehar-kopuruari dagokionez, biktimen kopuruak joera onuragarria jarraitzen du EAEn: 2011ko lehen sei hilabeteetan % 7 jaitsi da hildakoen kopurua eta % 16 zauritu larrien kopurua. Udari dagokionez, 2010eko uztaila eta abuztuan 1.232 istripu egon ziren, aurreko urteko sasoi berdinean baino  % 16 (1.464) gutxiago. Bost pertsona hil eta 53 zauritu larri egon ziren (aurreko urtean, 5 eta 87 egon ziren, hurrenez hurren).

Sentsibilizazio kanpaina

Opor-sasoiarekin bat eginez, Eusko Jaurlaritzako Trafiko Zuzendaritzak sentsibilizazio kanpaina berri bat jarri du martxan, oraingoan, gidari gazteenei zuzenduta.

Oporretan, esperientzia gutxiago duen gidarien segmentu honek gehiago erabiltzen du ibilgailua. Gidatzearen arriskuetara sentikorragoak izatea lortzeko eta alkohola zein beste substantzia batzuk hartuta arrisku-faktoreak biderkatzen direla onartzeko, Trafikok kanpaina espezifiko bat ("Zure autoan edo nirean") jarri du martxan, umore garratz klabean diseinatuta, baina arinkerien eraginak argi eta garbi utzita. Datorren uztailaren 1ean hasiko den kanpaina euskarri ezberdinetan garatuko da, horien artean, komunikabideak eta leku publikoetan jarritako kartelak. 375.000 euro inguruko interbentzio bat suposatuko du.

Herrizaingo arduradunek, prentsaurrekoari amaiera emateko, gidariak ohartarazi dituzte kontuz ibiltzeko. Portaera zuhurtziagabeak ekidin behar direla eta segurtasun propioan, gurekin daudenen segurtasunean eta gainontzeko erabiltzaileen segurtasunean pentsatu behar dela gogoratu dute. Oporretako bidaietan modu erlaxatuan gidatu behar da, ez da tarte oso luzez gidatu behar, atseden hartu behar da, edari alkoholikoak ezabatu behar dira eta tarte zein ordu gatazkatsuak ekidin behar dira. Sailburuak eta Trafiko Zuzendariak Euskal errepideetan uda modu onuragarrian garatzearen aldeko apustua egin dute eta horretarako, guztion kolaborazioa eskatu dute.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko