Berriak Osasun eta Kontsumoa
Eu

Eusko Jaurlaritzaren kontsumorako prestakuntza zentroek 'Udan, zentzuzko kontsumoa' kanpaina antolatu dute

2011.eko ekainak 30

Kanpainan 1500 baino ume eta nerabe gehiagok hartuko dute parte 

Eusko Jaurlaritzaren Kontsumo Zuzendaritzak Gasteizen, Donostian eta Bilbon dituen kontsumorako prestakuntza zentroek hainbat prestakuntza jarduera egiten dituzte urte osoan -tailerrak, hitzaldiak eta abar-, eta horien baitan, "Udan, zentzuzko kontsumoa" kanpaina antolatu dute. 6-15 urte bitarteko haurrei zuzenduta dago eta kontsumo arduratsua egitea du helburu, betiere modu ludikoan.

Kanpainan hiru lurralde historikoetako zenbait ikastetxek eta kolektibok hartuko dute parte. Araban, honako ikastetxe hauek: Sagrado Corazón, Olabide, Urkide, Presentación de María eta Barrutia Ikastola, baita San Martingo auzo-elkarteak ere; Bizkaian, Leioako udaleku irekiek eta Udako eskolek; eta azkenik, Gipuzkoan, Donostiako Udalaren euskarazko udaleku irekiek eta Añorgako Amassorrain Ikastolakoek.

Osotara, 1500 baino ume eta nerabe gehiagok hartuko dute parte eta, prestakuntza zentro bakoitzean zehaztutako programaren arabera, gai desberdinak landuko dituzte, hala nola, elikadura orekatua, kosmetikoak, eguzki izpien kontrako babesa, arropa eta etiketak eta ingurumenarekiko errespetua, urrezko hiru arauen bidez: murriztea, berrerabiltzea eta birziklatzea.

Uda aukera ezin hobea da gazteenen artean kontsumo arduratsuaren arloko prestakuntza sustatzeko. Izan ere, udan gazteek denbora libre gehiago dute eta produktu nahiz zerbitzuak kontsumitzeko aukera handiagoa izaten dute; beraz, kontsumitzaile garen aldetik geure eskubide eta betebeharren berri izatea ezinbestekoa da, zentzuz kontsumitu ahal izateko.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan