Berriak Segurtasuna

Ertzaintzak 100 pertsona baino gehiago zehatu ditu legez kanpoko festak egiteagatik eta botiloietan parte hartzeagatik

2021-03-14

Ertzaintzak guztira 109 pertsonari egin dizkie isun-proposamenak, Covid-19ak eragindako pandemiari aurre egiteko osasun-araudia urratzeagatik, azken orduotan Euskadiko hainbat udalerritan egindako festarik eta botiloirik aipagarrienetan. Bestalde, Bilbon bi gizonezko atxilotu dituzte agintaritzaren agenteen aurkako atentatua eta desobedientzia leporatuta, behin eta berriz maskara janzteari ezezkoa emateagatik eta agenteen kontra jotzeagatik.

Ertzaintzak azken orduotan guztira 109 pertsona zehatu ditu koronabirusak eragindako pandemiaren aurka borroka egiteko ezarritako osasun-arauak ez betetzeagatik.

Guztira 80 pertsona identifikatu eta proposatu dituzte isunak jartzeko kalean zazpi botiloitan parte hartzeagatik Irunen, Urnietan, Aretxabaletan, Deban, Zornotzan, Mungian eta Bilbon. Beste 29 pertsona Gamiz-Fikan eta Irunen ostalaritza-lokal banatan egindako legez kanpoko bi festatan parte hartzeagatik identifikatu dituzte.

80 zehatu botiloietan

Kopuruaren arabera sailkatuta, atzo, larunbata, gaueko hamaika eta erdiak aldera, 19 pertsona identifikatu zituzten Irungo San Martzial ermitaren inguruan botiloi batean parte hartzen ari zirenean.

Bestalde, atzo gaueko 21:45ean, hamalau pertsona identifikatu zituzten Urnietan kalean botiloia egiteagatik, maskarak behar bezala ez erabiltzeagatik eta segurtasun-tarteak ez errespetatzeagatik. Ertzaintzak isun-proposamenak egin zituen Covid-19ak eragindako pandemiari aurre egiteko osasun-araudia urratzeagatik.

Bestalde, larunbat gauean, 22:15 aldera, beste hamabi pertsona identifikatu zituzten Aretxabaletan botiloi batean parte hartzeagatik eta koronabirusak eragindako pandemiari aurre egiteko ezarritako osasun-arauak, besteak beste, maskararen erabilera eta segurtasun-tartea, ez errespetatzeagatik.

Antzeko beste egoera batean, kasu honetan Deban, Ertzaintzak  kalean botiloia egiten ari ziren 10 pertsona identifikatu zituen larunbat gaueko 22:30 aldera, eta osasun-araudia urratzeagatik isunak jartzeko proposatu zituen.

Bizkaian, atzo gaueko hamaikak aldera, 11 gazte identifikatu zituzten Zornotzan, ezarritako ordutegitik kanpora kalean botiloi batean parte hartzen ari zirenean maskarak jantzi gabe eta alkoholaren eraginpean. Horrez gainera, beste zazpi gazte zehatu zituzten larunbat gaueko hamaika eta erdietatik aurrera Mungiako aparkaleku batean botiloi batean parte hartzeagatik. Azkenik, goizaldeko ordu biak aldera zazpi pertsona identifikatu zituzten Bizkaiko hiriburuan botiloia egiten harrapatu ondoren.

 29 zehatu Irunen eta Gamiz-Fikan hautemandako bi festatan

Ertzaintzak beste 29 pertsona identifikatu ditu koronabirusak eragindako pandemiari aurre egiteko ezarritako osasun-arauak urratzeagatik Irungo eta Gamiz-Fikako bi tabernatan egindako bi festatan parte hartzeagatik.

Agenteek 20 pertsona zehatu zituzten larunbatean, arratsaldeko 16:30ean, Irungo taberna batean festan ari zirenean, eta beste 9 Gamiz-Fikako ostalaritza-establezimendu batean antolatutako festa batean zeudenean.

Bi atxilotu Bilbon desobedientzia eta atentatua leporatuta

Atzo arratsaldeko 19:00ak aldera, ertzainek gizon bat atxilotu zuten ertzainei desobeditzea eta eraso egitea leporatuta, behin eta berriz maskara jartzeari ezezkoa esan ondoren eta agenteen aurka jo ostean.

23:40 aldera, beste gizonezko bat identifikatu zuten kalean pandemiari aurre egiteko ezarritako osasun-araudia urratzeagatik, eta, azkenean, atentatuaren delitua leporatuta arrastatu zuten agenteei larriki desobeditzeagatik eta aurre egiteagatik.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko