Eusko Jaurlaritzak 640.000 euro bideratuko ditu literatura edizioa sustatzera (Gobernu Bilera 2021-3-16)

2021-03-16

Gobernu kontseiluak, gaurko bileran, 2021.erako euskarazko eta gaztelaniazko edizio-planentzako diru laguntzen deialdia onartu du. Kultura eta Hizkuntza Politika sailak 640.000 euro bideratuko ditu literatura edizioa sustatzera.

Euskarazko literatura argitalpenetara 515.000 euro bideratuko dira eta 125.000 euro gaztelaniakoetara. 2019tik 2020ra bitartean gutxienez hiru egileren bost liburu argitaratu dituzten argitaletxeak aurkeztu ahal izango dira laguntzetara.

Euskarazko literatura argitalpenen modalitatean diru laguntza eskatzen dutenek establezimendu egonkorra izan beharko dute euskararen eremu geografikoan (Euskal Autonomia Erkidegoa, Nafarroako Foru Komunitatea eta Iparraldeko Euskal Hirigune Elkargoa). Gaztelaniazko diru laguntzaren eskatzaileek aldiz, establezimendu egonkorra izan beharko dute Euskal Autonomia Erkidegoan.

Diru laguntzetara aurkezten diren argitaletxeek edizio-plan bat aurkeztu beharko dute eta bertan aurkezten diren liburuak ondorengo generoetakoak izan beharko dira: eleberria, ipuinak, poesia, antzerkia, haur eta gazte literatura, komikiak eta literatura saiakera.

Diru-laguntzak eskatzeko epea apirilaren 1ean hasita hilabetekoa izango da.  

Iaz, 2020an, 28 edizio plan babestu ziren; 18 euskarazko modalitatean eta 10 gaztelaniazkoan. Elkar, Erein eta Pamiela izan ziran diru laguntzarik handienak jaso zituzten argitaletxeak.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko