Eusko Jaurlaritzak 2021eko Gure Artea Sarien deialdia onartu du (Gobernu Bilera 2021-3-16)

2021-03-16

Gobernu Kontseiluak arte plastikoak eta ikusizkoak sustatzeko Gure Artea sariak arautzen dituen deialdia onartu du gaurko bileran. Batetik sortzaileak saritzen dira, bai beraien ibilbide profesionalagatik bai azken urteetan egindako jarduera sortzaileagatik ere. Bestetik arte plastiko eta ikusizkoen arloan beste agente batzuk izandako jarduera orokor edo zehatza ere saritzen da. Helburua sarituek euskal arte garaikideari eta euskal kulturari egiten dioten ekarpenaren aitorpena egitea da. Sariek artistak eta beraien lana gizarteratzeko helburua ere badute. 

Kultura eta Hizkuntza Politika sailak 54.000 euro bideratzen ditu Gure Artea sarietara. 18.000 euroko hiru sari banatzen dira honako modalitateetan:   

  • Ibilbide artistikoa aitortzeko saria: lan eta ibilbide osoa aintzat hartuta, egindako lan sortzaileagatik eta kulturari eta arte garaikideei egindako ekarpenagatik nabarmendu den artista aitortzeko saria.
  • Sorkuntza-lana aitortzeko saria: azken urteak aintzat hartuta, bere jarduera artistikoagatik eta sortzaileagatik eta sorkuntza garaikideari egindako ekarpenagatik nabarmendu den artista edo artista-taldea aitortzeko saria.
  • Arte plastiko eta ikusizko arloan agenteek egindako lana aitortzeko saria: Euskal Autonomia Erkidegoko arte plastiko eta ikusizkoen arloan egindako ekarpenagatik, alegia, kulturaren balio-katearen faseetan (ikerketa, prestakuntza, sorkuntza-ekoizpena, sustapena-hedapena eta banaketa) horiek sustatzeko jarduerak garatuz egindako lanagatik, nabarmendu diren pertsonak aitortzeko saria. Aintzakotzat hartu ahal izango da ibilbide osoa edo, bestela, azken urteotan egindako programa edo proiektu zehatzak. 

Gure Artea sarietako epaimahaia adituak diren prestigiodun bost kidek osotzen dute eta beraiek proposatzen dituzte sariak jasotzeko hautagaiak. Epaimahaiak ondoren gehiengoz onartu beharko ditu modalitate bakoitzeko irabazleak. Gure Artea sariak banatzeko ekitaldia udazkenean egiten da.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko