Berriak Segurtasuna

Ertzaintzak eta udaltzaingoek areagotu egingo dituzte Euskadin abiadura kontrolatzeko kanpainak

2021-03-14

Zaintza-lana areagotzeko kanpaina berriak egingo dituzte San Jose zubian, martxoaren 15etik 21era, eta apirilaren 19tik 25era Euskadiko errepide-sareko bide eta kaleetan

 

Eusko Jaurlaritzak, bihartik aurrera, areagotu egingo du abiaduraren kontrola eta kanpaina berriak egingo ditu martxoaren 15etik 21era, astean jaiegun bat dagoenez (martxoaren19a)  eta hiru eguneko zubia izango denez, Euskadi barruan ibilbide laburreko joan-etorri ugari espero baitira. Zaintza hori apirilaren 19tik 25era ere indartuko da.

 

Ertzaintzak, udaltzaingoarekin lankidetzan, abiadura-mugak betetzen diren zainduko du, Euskadiko errepide-sareko istripuen tasa eta zaurituen eta hildakoen kopurua murrizteko.

 

PUNTU BELTZEN KONTROLA

 

Kontrolak, edonola ere, prebentziozkoak izango dira, eta abiadurari lotutako arriskuko bide-zatietan egingo dira, bai eta ezarritako muga gaindituta zirkulatzen den eta istripu-tasa handia dagoen puntuetan ere.  

 

Eusko Jaurlaritzako Trafikoko zuzendari Sonia Díaz de Corcueraren esanetan,  “abiadura desegokia da hildakoak eragiten dituzten istripuetan errepikatzen den faktoreetako bat, arreta-galtzeekin eta alkoholaren edo drogen kontsumoarekin batera. Mugikortasun segurua eta jasangarria bermatu ahal izateko, ezinbestekoa da ezarritako mugak errespetatzea eta, gainera, abiadura bidearen eta eguraldiaren inguruabarretara egokitzea”.  

 

Egiaztatuta dago abiadurak zerikusi zuzena duela trafiko-istripuen kaltegarritasunarekin. Abiadura handian gidatzen denean, ezbeharren kopuruak eta horien larritasunak gora egiten dute modu esponentzialean. Gainera, kontuan izan behar zenbat eta handiagoa izan abiadura orduan eta distantzia handiagoa behar dela ibilgailua gelditzeko. Kalkulatzen da, batez beste, 120km/h-an zirkulatzen bada, futbol-zelai batek hartzen duena baino distantzia handiagoa beharko dela gelditzeko.

 

Abiadura kontrolatzeko kanpaina horiek trafikoa zaintzeko eta kontrolatzeko aurtengo urterako programatu diren 46 kanpainen egutegiaren barruan daude.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko