Turismoaren sektorea babesteko neurriak azaldu ditu Turismo Sailak Aktibaren batzarrean

2021-03-12

Eusko Jaurlaritzaren Turismo eta Ostalaritzako zuzendari Goyo Zurrok parte hartu du Aktibaren batzarrean. Turismoaren Euskal Agentziako zuzendari Daniel Solana ere izan da elkarraldian. Sailak garatutako babes-ekintzak partekatu ditu Zurrok sektorearekin, eta horien artean daude euskal turismoari Eusteko Planaren zuzeneko laguntzak, 21 milioi eurokoak, baita etorkizuneko sustapen-ekintzen plangintza ere.

Euskadiko Turismo Aktiboko eta Abentura Kiroletako Enpresen Elkarteak kalitateko turismo aktiboko zerbitzuak eskaintzen dituzten profesionalak biltzen ditu, Euskadiko paraje naturak ezagutzeko eta haiek zeharkatzeko aukera berriak ematen dituztenak, gure bisitarientzako esperientzia aberasgarriak eta osasungarriak sortzeko.

Batzarrean turismoko zuzendariak azpimarratu duenez, turismo aktiboa eta naturako jarduerak bezalako ereduak dira Eusko Jaurlaritzaren apustua. “Aire zabalean praktikatzen diren jarduerak dira, ahalmen handikoak hazkunde eutsi eta jasangarri bat lortzeko”.

Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailak jarduera horiek sustatzearen alde egin du apustu. Hala, datozen hilabeteetan, kanpainak garatuko dira, egun batzuk barru aurkeztuko direnak, Euskadin planak eta jarduerak sustatzeko.

Sektorea sustatzeko eta profesionalizatzeko Sailak planifikatutako jarduerak aurreratu ditu Goyo Zurrok, eta horien artean dago aurten laugarren edizioa izango duen Ekoturismoko Kongresua Gasteizen, pandemiaren ondoren produktu turistikoak berrasmatzeko gakoak emango dituena, baita gure jarduerekin ingurunea hobetzeko moduak ere.

Horrez gain, sektorearen bikaintasuna azpimarratu du zuzendariak. Bere jardun onaren adibide bat da duela gutxi jaso duen saria, Aktibako kide diren enpresetako batek emana. Lezeko jaitsiera, Inguru Abentura-rekin, izan da sariduna Turismo Aktiboko Abentura Jardueren Kategoria Nazionalean, FITURek antolatutako Turismo Aktiboko Lehiaketaren XXVI. edizioan, eta turismoko azokaren datorren edizioan aurkeztuko da, maiatzean, Madrilgo Ifema azoka-esparruan. Jarduera hori sakaneko jaitsiera ikusgarri bat da; lurpetik zeharkatzen du Altzania mendia, Aizkorri-Aratzeko Parke Naturalean, Araban.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak