Berriak Segurtasuna

2020an Euskadiko errepideetan izandako 384 gorabeheratan esku hartu du Eusko Jaurlaritzaren erreskateko garabi-zerbitzuak

2021-03-09
  • Kalkuluen arabera, 585 kilometroko ilarak saihestu dira garabien esku-hartzeari esker.

Hamar urte dira Bilboko metropoli-inguruan ibilgailuak A-8 errepidetik eta sarbideetatik berehala kentzeko garabi arinen laguntza-zerbitzua abian jarri zenetik, eta iaz 384 gorabeheratan esku hartu zuen (121 istripu eta 263 matxura); 384 kasu horietatik 150 kasutan, gidariek ezin izan zuten haien ibilgailua bazterbidera eraman.

Era horretako gorabehera batek batez beste 6,5 kilometro inguruko ilarak sortzen ditu zirkulazio-baldintza normaletan. Hala ere, 2020an pandemiak eragindako zirkulazio-murrizketen ondorioz % 40 egin dute behera, batez beste, Bizkaiko hiriburura sartzeko zirkulazio-fluxuek, eta faktore hori ere kontuan izan da zenbat kilometroko ilarak saihestu ahal izan diren kalkulatzean. Kalkuluen arabera, beraz, Eusko Jaurlaritzak sustatutako zerbitzuak 585 kilometroko ilarak saihestu ditu (150 gorabehera 3,9 kilometroko).

Trafikoko zuzendari Sonia Díaz de Corcueraren esanetan, “2021-2025 Plan Estrategiko berriaren ildoei jarraituz, Eusko Jaurlaritzak bide-segurtasun eta mugikortasun seguruaren eta jasangarriaren aldeko apustua egin du, istripuei aurrea hartzeko politikak eta Zero Biktima Ikuspena gauzatuz, eta begirada Euskadiko errepide-sareko zirkulazioa arintzean jarrita. Alde horretatik, erreskateko garabi-zerbitzua oso tresna eraginkorra bilakatu da, eta lantzen ari garen mugikortasun-eredu arinera eta segurura hurbiltzen gaitu”.

Duela hamar urte zerbitzua abian jarri zenetik, garabiek 5.233 aldiz esku hartu dute. 2020an mugitu diren aldien % 31,5ean istripuengatik mugitu dira. 2019an zifra hori % 40,4koa izan zen eta 2018an ia % 42koa. Azken urteotan, beraz, istripuek eragindako erreskateetan beheranzko joera hauteman da, eta, aitzitik, pixkanaka gora egin dute matxurek eragindako erreskateek.

Garabiak —gehienez ere lau— A-8 errepideko 110 kilometro-puntuaren (Basauri) eta 139 kilometro-puntuaren artean (Kantabriako muga) kokatzen dira, A-8 errepideko tarte horretan eta tarte horretako sarbideetan, zirkulazioaren bi noranzkoetan, gorabeheraren bat izan duten autoak erreskatatzeko. Garabien kokapenak aurretik erabakitzen dira, eta bi noranzkoetan bide-zati luzeak barne hartzen dituzten puntu estrategikoak izaten dira. Erreskateko garabi batek, Euskadiko Trafikoa Kudeatzeko Zentrotik (CGTE-ETKZ) mobilizatzeko abisua jasotzen duenetik zerbitzua egin behar duen puntura iristen den arte, batez beste 12 minutu behar ditu.

Zerbitzu horren ohiko ordutegia goizez 7:30etik 9:30era eta arratsaldez 17:30etik 19:30era izaten da, astelehenetik ostiralera. Nolanahi ere, ordutegi hori malgua da eta urte-sasoiaren arabera alda daiteke, istripuen datu estatistikoen arabera. Istripua izan duten ibilgailuak leku seguru batera, gorabehera artatu duen Ertzaintzaren patruilak erabakitako lekura, eramaten dira. Hori egitea ezinezkoa bada, zerbitzua esleituta duen enpresaren instalazioetara eramaten dira, eta gero bertara joaten dira ibilgailuaren laguntza-zerbitzu partikularreko garabiak.

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko