Berriak Lehendakaritza

Eusko Jaurlaritzak 180 milioi euroko plan berezia jarri du abian behar handieneko eremuetarako

2021-03-10
  • Berpiztu programaren bidez 22.833 lanpostu sortuko dira aurten

Eusko Jaurlaritzak jakinarazi du 180 milioi eurotik gorako plan berezi bat abian jarri duela, behar handieneko eskualdeak edo lehentasunez jarduteko eremuak suspertzeko. Idoia Mendia, Arantxa Tapia eta Pedro Azpiazu sailburuek eta Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ahaldun nagusiek parte hartu dute Bezpiztu programaren Zuzendaritza Kontseiluan. Bada, kontseilu horretan ere iragarri da aurten, Berpizturen bidez, 22.000 enplegu baino gehiago sortzea aurreikusita dagoela.

Kontseiluan, euskal ekonomia dinamizatzeko funtsezko hiru tresna baloratu dira: Berpiztu Plana eta behar handieneko eskualdeak bultzatzeko Plana —biek ere aurrekontu-funts propioak dituzte—, eta Euskadi Next Plana —Europako funtsekin finantzatuko da—.

Koronabirusaren osasun-pandemiak eragindako pandemia ekonomikoari EAEk emandako erantzuna da Berpiztu, eta helburu argia du: langabezia % 10etik behera kokatzea.

Helburu horrekin, Eusko Jaurlaritzak konpromisoa hartu du legegintzaldian zehar aurrekontu-baliabideetan eta abaletan 13.250 milioi euro mobilizatzeko. Lehendakariaren hitzetan: “Legegintzaldi honetako lehen egunetik ekin diogu lanari”.

Berpiztu Plana abian jarri ondorengo lehen hilabeteetako gauzatze-balantzea oso positiboa izan da.

2020ko irailetik abendura bitartean, 2.283 milioi euroko inbertsioak gauzatu dira, bai gauzatutako aurrekontuaren bidez, bai enpresen eskura jarritako abalen bidez. Inbertsio horiei esker 18.893 lanpostu sortu dira, eta pandemiak eragindako enplegu-suntsitzea arindu dute neurri batean.

2021 honetan, beste 2.735 milioi euroko inbertsioak egiteko konpromisoa hartu da. Horietatik 345 enplegu-politiketarako izango dira, eta 22.833 lanpostu sortzea ahalbidetuko dute.

Horrela, Berpiztu Planaren bidez, 2020 eta 2021 artean 40.000 lanpostu baino gehiago sortzea sustatuko da, eta horrek lagundu egingo du pandemiaren eta pandemia ondoko egoeraren ondorioz galdutako lanpostuak xurgatzen.

“Lehen iraute-fasea gainditu dugu, 2021ean suspertze-faseari ekingo diogu eta, aldi berean, eraldatze-faseari ere ekingo diogu. Eraldatze ekonomiko eta soziala Euskadi Berdeago, Digitalago eta Integratzaileago baterantz”, azaldu du Urkullu lehendakariak.

Era berean, 180 milioi euroko ezohiko inbertsio-planari ekin zaio, behar handieneko eskualdeetan edo lehentasunez jarduteko eremuetan hogei bat proiektu traktore dinamizatzeko. Diru hori Jaurlaritzako sailak proiektuetan dagoeneko inbertitzen ari diren 190 milioi euro baino gehiagori gehitu behar zaie. Lehendakariak esan duenez, hauxe da Eusko Jaurlaritzaren historian eremu horietan jarduteko abian jarri den programarik asmo handikoena.

Hala, Jaurlaritzak erabaki du 180 milioi euro gehiago bideratzea, Meatzaldea, Enkarterri, Oarsoaldea eta Aiaraldea eskualdeetan premiaz jarduteko 20 proiektu traktore bultzatzeko asmoz. Helburua da proiektu horiek aurten bertan abian jartzea eta 2021etik 2023ra bitartean gauzatzea, aldundiekin, udalekin eta eskualdeko eragileekin lankidetzan. Zehazki, 24 milioi euro bideratuko dira eskualde bakoitzera; eta beste 60 bat milioi euro inguru horietan lurzoruak deskontaminatzera.

Orain arte zehaztutako proiektuak partaidetza- eta lankidetza-prozesu baten bidez hautatu dira, eta eskualde bakoitzeko eragile ekonomikoek, sozialek eta instituzioek modu erabakigarrian esku hartu dute prozesu horretan.

 “Ziur gaude bultzada gehigarri hori behin betikoa izango dela behar handieneko eskualdeak eraldatzeko, eta Euskal Autonomia Erkidegoa suspertzeko eta eraldatzeko prozesuan atzean gera ez daitezen lortzeko”.

Euskadi Next

Azkenik, Espainiako Gobernuaren eta ministerioen artean Europako Funtsak gauzatzea arintzeko egindako kudeaketen berri eman du Ekonomia eta Ogasuneko sailburuak. Eusko Jaurlaritzak berretsi egin du Espainiako Gobernuarekin lankidetza estuan aritzeko borondatea, proiektuak ahalik eta azkarren, arinen eta eraginkorren gauzatuko direla bermatzeko.

Bi gobernuek helburu hau partekatzen dute: Europako funtsak ahalik eta gehien egikaritzea eta gauzatzea 2026ko horizontean.

 

2 iruzkin
  • 2021-03-11

    Etorkizunean pandemiak eta klima-aldaketa lantzeko sareak sortzeko digitalizazioan, baliabideak aseguratzearekin batera, nazioarteko lotura izateko lana dago.

  • 2021-03-11

    En digitalización creación de redes para trabajar futuros escenarios pandemias y cambio climático junto a aseguramiento recursos, hay tajo con vocación internacional conexión.

Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak