Eusko Jaurlaritzak 1,2 milioi euro bideratuko ditu pandemiak kirol talde eta instalazioetan edo gimnasioetan izan duen eragina arintzeko (Gobernu Bilera 2021-3-9)

2021-03-09
  • Laguntzak eskatu ahal izateko ondoko baldintza bete beharko da halabeharrez, besteren artean: langile bat edo gehiago eduki izana Aldi Baterako Enplegu-erregulazioko Espedientean, 2020ko martxoaren 14a eta abenduaren 31 bitartean
  • Laguntzen zenbatekoa eskaria egin duen establezimendu edo lantokian lan egiten dutenen gehieneko kopurua aintzat hartuz zehaztuko da eta 3.000 eta 5.000 euro bitartekoa izango da 
  1. urteko estatu-mailako eta/edo nazioarteko lehiaketatan parte hartu zuten kirol taldeek eta kirol instalazioek edo gimnasioek Covid-19aren ondorioz izan dituzten kalteak arintzea xede duten 2021eko diru-laguntzak onartu ditu gaur Gobernu Kontseiluak. 

Kirol arloa pandemiaren eragina gehien pairatu duten horien artean dago, bere jarduera erabat eta partzialki gelditzera behartuta egon baita. Epidemia-egoeraren ondorioz federazio-lehiaketak bertan behera geratu dira, kirol instalazioetako gehieneko edukiera gutxitu da eta ikusleen presentzia ere kirol lehiaketa, ekitaldi eta ikuskizun guztietan mugatu da. Horrek guztiak beherapen esanguratsua ekarri du kirol arloko erakundeen diru-sarreretan eta, horrexegatik, Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak osasun-krisiari aurre egin ahal izateko harturiko neurriek ekarri dituzten galera ekonomikoak ahalik eta gehien arindu nahi izan ditu, arloan lan egiten duten eragileek beren jarduera ekonomikoarekin jarraitzeko aukera izan dezaten. 

Aipatu diru-laguntzak 2020. urtean estatu-mailako eta/edo nazioarteko lehiaketatan parte hartu zuten kirol taldeak eta kirol instalazioak eta gimnasioak kudeatzen dituzten enpresa eta erakundeak dituzte jomuga. Laguntzak eskatu ahal izateko ondoko baldintzak bete beharko dira:

 Kirol instalazioak edo gimnasioak kudeatzen dituzten enpresa edo erakundeak: 

    • Jarduera Ekonomikoen Sailkapen Nazionaleko ondoko epigrafeetan altan dauden enpresa edo erakundeak: 8551 (kirol eta aisialdi hezkuntza), 9311 (kirol instalazioen kudeaketa), 9313 (gimnasioetako jarduerak) edo 9319 (beste kirol jarduera batzuk).
    • Kirol instalazio edo ekipamenduak kudeatzen dituzten kirol klubak.
    • Langile bat edo gehiago eduki izana Aldi Baterako Enplegu-erregulazioko Espedientean, 2020ko martxoaren 14a eta abenduaren 31 bitartean.
    • Zerga-egoitza eta egoitza nagusia Euskal Autonomia Erkidegoan izatea.
    • Jardunean egotea eskariaren datan

2020.urtean estatu-mailako eta/edo nazioarteko lehiaketatan parte hartu zuten kirol taldeak:

  • Euskadin errotuta egotea.
  • Euskal Autonomia Erkidegoko Kirol Erakundeen Erregistroan alarma-egoera ezarri (2020ko martxoaren 14a) baino lehenagotik inskribatua egotea.
  • Euskal kirol federazioren bateko kide izatea.
  • Langile bat edo gehiago eduki izana Aldi Baterako Enplegu-erregulazioko Espedientean, 2020ko martxoaren 14a eta abenduaren 31 bitartean. 

Halaber, ondokoak deialdi honetatik at geratuko dira: % 50etik gorako partaidetza publikoa duten kirol instalazioak, lagapen-erregimen edo administrazio-izaerako kontratu baten ondorioz instalazio publikoak kudeatzen dituzten enpresa pribatuak, esleipendunak jarduera hori bere gain eta galordean gauzatu ezean, eta liga profesionaletako kirol talde edo kirol sozietate anonimoak. 

Laguntzen zenbatekoa eskaria egin duen establezimendu edo lantokian lan egiten dutenen gehieneko kopurua aintza hartuz zehaztuko da:

  • 1-3 langile: 3.000 euro
  • 4-9 langile: 4.000 euro
  • 10 langile edo gehiago: 5.000 euro 

Horrez gain, laguntza bakarra emango da establezimendu edo zentroko eta erakunde bateko bost zentrok jaso ahal izango dute laguntza, gehienez. Ondorioz, erakunde batek establezimendu ezberdinetarako eskariak aurkeztuko balitu (5 gehienez), langile guztien kopurua establezimendu guztien kopuruaz zatituko da. 

Laguntza eskatu nahi duten enpresa, erakunde edo klubek martxoaren 26tik aurrera egin ahal izango dute

COVID-19ak Euskadiko kirol ekosisteman izan duen eragina 

Gaur iragarri diren laguntzen xedea da pandemiak Euskadiko kirol ekosisteman izan duen eragina arintzea. Gaia erakundeak Kirolaren Euskal Eskolarako egin duen azterketa baten arabera, pandemiak eragin handia izan du Euskadiko kirol ekosistemak sortzen dituen lanpostuetan. Sektore askotan, bi langiletik batek pandemiaren eragina pairatu du. Eragina bortitzagoa izan da, gainera, lan-profil zaurgarrienetan: aldi baterako kontratuak, autonomoak, etab. Eragina ekosistema ia osoan izan bada ere, kirol zerbitzuetako enpresek eta klubek eragin esanguratsua pairatu dute. 

Kluben kasuan, beren funtzionamenduarekin zuzenean lotuta dauden lanpostuen % 14 baino ez da egonkor mantendu. Langileen % 37k Aldi Baterako Enplegu-erregulazioko Espedienteren bat izan du eta klubek sorturiko lanpostuen % 49 desagertu egin da, zuzenean.  Kirol zerbitzuetako enpresen kasuan, langileen % 20k Aldi Baterako Enplegu-erregulazioko Espedienteren bat izan du eta langileen % 44aren kasuan ez da lan-kontratua berritu. Kirol federazioen barruan, lanpostuen % 18 mantendu da egonkor bakarrik eta % 27k ABEEren bat izan du.

Diru-sarrerei dagokienez, COVID-19ak nabarmen murriztu ditu Euskadiko kirol ekosistema osatzen duten erakunde ezberdinen diru-sarrerak. Pandemia aurretik, diru-sarreren iturririk nagusiena babesak, lizentziak edo sarrerak ziren. Unean-uneko murrizteen ondorioz, ordea, dezente murriztu edo zuzenean desagertu dira. Kirol zerbitzuetako enpresak eta klubak izan dira, gai honi dagokionez ere, eraginik handiena pairatu dutenak. Kirol federazioek, ordez, hobeto eutsi diote egoera horri.

Kluben % 52arentzat lehiaketa edo partidetako tiket edo sarreren ondoriozko diru-sarrerak desagertu egin dira eta % 45ek babesleen diru-sarrerak galdu ditu. Kirol zerbitzuetako enpresan % 55ek diru-sarrera guztiak galdu ditu 2019ko ekitaldiko horiekin alderatuz gero. Diru-sarreren galeraren ziorik nagusiena (% 47) ikastaro ezberdinen etetea izan da; horren atzetik lehiaketa edo partidetako sarrerak saldu ez izana dator. Ez dago diru-sarrerak erabat galdu dituen kirol federaziorik baina horien % 29k dio diru-sarreren % 20-50 bitartean galdu duela.

  1. urte honetan, Euskadiko kirol ekosistemako erakundeak publikoa jomuga duen beren eskaintza eta merkatuan eskaintzen dituzten zerbitzuak gutxitzea aurreikusten dute. Horrexegatik, beren diru-sarrerak urriagoak izango dira eta, ondorioz, egoera horren harira lanpostu gutxiago sortzea eta gastuak murriztea aurreikusten dute, bigarren alderdi horrek zeharkako enpleguan izango duen eraginarekin.
Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko