Gobernuak 15 milioi euroan areagotu du gizarte-larrialdietarako laguntzetara bideratutako partida (Gobernu Bilera 2021-3-9)

2021-03-09

Gobernu Kontseiluak, gaur, Beatriz Artolazabal Berdintasuneko sailburuak eskatuta, 2021ean gizarte-larrialdietarako laguntzen hasierako partidara 38 milioi euro bideratzea onartu du. Kopuru horri beste 4,5 milioi gehiago gehitu behar zaizkio; beraz, Gobernuak 42,5 milioi euro bideratuko ditu, guztira, gizarte-larrialdietarako laguntzetara. 4,5 milioi horiek Euskadiko Toki Erakundeei buruzko Legeak ezartzen duen konpentsazio-mekanismoaren aplikazioa dakarte.

Eusko Jaurlaritzak gizarte-larrialdietarako laguntzetan, beraz, 42,5 milioi euro inbertituko ditu; alegia, 15 milioi euro gehiago, 23 + 4,5 milioi euroko hasierako partidaren aldean. Aparteko zenbateko hori covid-19aren inpaktuak bazterketari dagokionez ekarri dituen egoerei erantzuteko gaitu da, eta EAEko aurrekontuetan gaitutako Covid19aren neurrien partidatik ateratzen da.

Iaz, ordurako, Gobernuak areagotu egin zuen hasierako 27,5 milioi euroko aurrekontu hori, 43,5 milioi eurora arte (16 milioi euro gehiago sartu zituen). Konfinamenduaren lehen asteetan egin zuen, udalei detektatzen ari ziren beharrei erantzuteko tresna bat emateko.

2021ean, Gobernuak ulertzen du egoera ekonomikoak jarraitzen duela pandemiaren ondorioen eraginpean egoten, eta, hori dela eta, aparteko 15 milioi euro gaitu ditu gizarte-larrialdietarako laguntzen partida honetan.

Gizarte-larrialdietarako laguntzak ez dira aldian behingoak; prestazio horiek bizikidetza-unitate batean bizi eta gastu espezifikoei –ohikoak edo ezohikoak, gizarte-bazterketako egoerak prebenitzeko, saihesteko edo arintzeko beharrezkoak– aurre egiteko baliabide nahiko ez duten pertsonei zuzentzen zaizkie.

Gizarte-larrialdietarako laguntza horiek etxebizitza mantentzeko mota guztietako gastuei eta lehen mailako beharrei –arropa, hezkuntza, prestakuntza eta osasun-arreta– aurre egiteko erabiltzen dira. Azken batean, bizitzako oinarrizko beharrei erantzuteko behar diren gastuak dira. Familiek oinarriko gizarte-zerbitzuen bidez eska ditzakete, eta Euskadiko udalek jasotzen dute Gobernuaren aurrekontu osoaren zati proportzionala, herritar kalteberenen artean banatzeko

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko