Eusko Jaurlaritzak 250 milioi euro onartu ditu eteentzako eta autonomoentzako finantzaketa-lerro berrirako (Gobernu Bilera 2021-3-9)

2021-03-09

Gobernu Kontseiluak astearte honetan onartu du 250 milioi euroko lehen zatiaren dekretua –500 milioi euroko finantzaketa-lerro berriarena–, enpresa txiki eta ertainei eta autonomoei likidezia errazteko, eta Elkargi SGRren bidez bideratuko da. Ekimen horrek, gainera, hobetu egiten ditu aurreko finantzaketa-programaren baldintzak (2020ko apirilean eta maiatzean jarri zen abian); izan ere, aldaketak daude maileguen gabealdiari eta amortizazioari dagokienez: oraingo deialdian bi urteko aukerako gabealdia eta sei urteko amortizazioa jasotzea da –lehen urte beteko gabealdia eta lau urteko amortizazioa zegoen–. 

Deialdi berri honen funtsezko berrikuntzetako bat da lehen zatian gutxienez 150 milioi euro bermatzen direla 5.000 € eta 25.000 euro bitarteko maileguetarako, analisi arinagoarekin, COVID-19ak eragindako pandemiak gehien zigortutako sektoreetan dauden enpresa txikientzat eta enpresaburu autonomoentzat. Helburua da azkar eta premiaz erantzutea pandemiak gehien kaltetutako kolektiboen zirkulatzailearen likidezia- eta finantzaketa-beharrei. 

Lehen agindu hori aurrerago luzatuko da aurreikusitako guztizko zenbatekora arte (500 milioi euro), beharren arabera. Eusko Jaurlaritzarentzat 64 milioi euroko hasierako kostua izango du maileguen interesak eta abalen kostuak estaltzeko; izan ere, finantzaketa-lerro berri honetarako aurreikusitako 500 milioi euroez gain, aurreko programaren babesean formalizatutako maileguen berritzeen ondoriozko diru-laguntzen kostua ere kontuan hartu behar da. Gainera, bi lerroetarako Hornidura Teknikoen Funtsa 51,2 milioi eurokoa da; beraz, Gobernuaren ahalegin ekonomikoa 115,2 milioi eurokoa da. 

Halaber, dekretuak aukera ematen du, interesa duten pertsona eta enpresek hala eskatuta, iaz abian jarritako finantzaketa-programaren babesean formalizatutako maileguak berritzeko, eta, horrela, finantzaketa-lerro berriaren baldintzetara egokitzeko. Kasu horretan, ez da formalizazio-batzorderik edo azterketa-batzorderik egongo, eta % 0,75eko abal-batzordeari eutsiko zaio (EAEk % 50eko diru-laguntza emango du). 

Elkargi SGRren bidez bideratutako finantza-laguntzako tresna honek aipatutako enpresen eta pertsona autonomoen egitura-gastu finkoak estali nahi ditu, enpresa-ehunean duten garrantzia, ekoizpen-jarduera osoan dituzten ondorioak eta handizkako finantzaketa-merkatuetan edo kreditu-erakundeen lerro tradizionaletan sartzeko gaitasun erlatibo txikiagoa kontuan hartuta. 

Onuradunak:

a) Honako baldintza hauek betetzen dituzten Euskadiko ETEak:

- 250 langile baino gutxiago izatea.

- Urteko negozio-bolumena 50 milioi eurotik gorakoa ez izatea, edo urteko balantze orokorra 43 milioi eurotik gorakoa ez izatea.

- Aurrez adierazitako baldintzaren bat betetzen ez duen beste enpresa batek edo haietako batzuek zuzenean edo zeharka % 25eko edo gehiagoko partaidetza ez izatea.

b) Euskadiko banakako enpresaburuak (mikroETEak) eta profesional autonomoak:

- Norberaren konturako langileen edo autonomoen Gizarte Segurantzako araubide berezian alta emanda egotea.

- PFEZri lotutako jarduera ekonomiko edo profesionaletatik etekinak lortzen dituztenak. 

Baldintzak:

Maileguek Euriborra gehi % 0,75eko diferentziala izango dute, eta Eusko Jaurlaritzak % 100ean lagunduko du diruz.

Gainera, horiek baliatzen dituzten enpresek edo pertsonek aldez aurretik kitatu edo amortizatu ahal izango dituzte, inolako kosturik gabe.

 Zenbatekoa:

a) 5.000 euro eta 1.000.000 euro artean, enpresa txiki eta ertainentzat.

b) 5.000 euro eta 100.000 euro artean, banakako enpresaburuentzat eta profesional autonomoentzat.

 Maileguak % 100ean bermatzen ditu Elkargik, formalizazio-komisio batekin eta azterketa-komisio batekin:% 0,25. Abalaren komisioa,% 0,75 (EAEk% 50eko diru-laguntza eman du).

 Finantzaketa-lerro berri honi heltzeko eskabide guztiak honako helbide honetan bideratu beharko dira: www.elkargionline.com

Eskaerak aurkezteko epea datorren asteartean, martxoaren 16an, irekiko da.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan