Berriak Ekonomia eta Ogasuna
Eu

Euskal Autonomia Erkidegoko 2012. Urterako aurrekontu orokorrak egiteko jarraibide ekonomikoak (2011-06-28(e)ko Kointseiluan hartutako erabakia)

2011.eko ekainak 28

Erabakia, Euskal Autonomia Erkidegoko 2012. urterako Aurrekontu Orokorrak egiteko Jarraibide Ekonomikoak onartzen dira, eta sail guztietako titularrei agintzen zaie sail hauei atxikitako erakundeei horren berri eta Ekonomia eta Ogasun Sailak prestatutako Jarraibide Teknikoen berri eman diezaietela

Aurrekontu-araubideari buruzko legearen testu bateginak 58. artikuluan dio Jaurlaritzak hurrengo ekitaldiko aurrekontuak egiteko jarraibide ekonomikoak onartu eta jakinaraziko dizkiela sailei, horiek zentro kudeatzaileei eta beren mendeko diren erakundeei helaraz diezazkieten. Jarraibideen helburua, lehenik eta behin, Jaurlaritzak gauzatu beharko duen aurrekontu-politika baldintzatuko duen ekonomia- eta gizarte-egoeraren ikuspegia eskaintzea da, horri aurre egin ahal izateko. Bigarren helburua, finantza publikoen egoera aztertu ondoren, aurrekontu-egonkortasunaren helburua bete ostean Jaurlaritzak izan ditzakeen baliabide ekonomiko guztien zenbatespenaren berri ematea da. Eta, azkenik, hirugarren helburua, Jaurlaritzak ezarri duen gastuaren helburu eta lehentasunak adieraztea da, sailek kontuan har ditzaten euren memoria eta aurrekontu-aurreproiektuak egiten dituztenean.

Aurrekontuaren testuinguru ekonomikoa eta 2012rako aurreikuspenak

Euskadi, 2011n, 2008ko amaieran hasi zen atzeraldi ekonomikotik ateratzen dabil. Neurri handi batean, krisiaren kontra egiteko politika irmoaren ondorioz izan da hori, eta geure eremuan Eusko Jaurlaritza izan da politika irmo horren buru. Politika ekonomiko horri esker, geure enpresek produktibitate eta lehiakortasun handiagoa dute, eta gastu publikoaren eraginkortasuna hobetu da, zerbitzu berberak ematen direlako kostu txikiagoarekin, baina krisiaren ondorio larrienak jasaten dituztenei laguntzak emateari utzi gabe.

Guztion ahalegin horri esker, 2010ean euskal ekonomiak hazkunde txiki batekin itxi zuen urtea (BPGd-ren % 0,3), atzeralditik irten dela berretsiz. Ekonomiaren susperraldiak bide egokia darama, kanpo-eskarian baitago oinarrituta, gure lehiakortasuna handitu egin delako nazioarteko merkatuetan. Barne-eskariaren ekarpena negatiboa izan da 2010. urtean ere, kontsumitzaileen konfiantza hobetzearen ondoriozko barne-kontsumoaren hazkundeak ez baitzuen lortu eraikuntzak eragindako kapital-eratze gordinaren beherakada, nahiz eta igoera bat ikusi den ekipo-ondasunen inbertsioan.

Berehalako etorkizunari begira, ziurgabetasun handia dago aurreikuspen ekonomikoei dagokienez. Batetik, mundu-mailako ekonomia sendo haziko da, eta hedapen horrek euroaren eremuko herrialdeei eragingo die (esaterako Alemania eta Frantziari), horiexek direla geure kanpo-merkatu nagusiak. Hau da, euskal ekonomiaren hazkundeari kanpotik egindako ekarpenak positiboa izaten jarrai dezake. Hala ere, eragin larria ekar dezaketen mehatxuak ere badira, esaterako zor subiranoaren krisiak eragindako ezegonkortasuna, geure ekonomiaren finantzaketa-kostua garestitzen duena, edo higiezinen merkatuko krisia ebazteko moteltasuna, geure finantza-erakundeen balantzeei eragiten diena eta kreditua hedatzea eragozten duena, edo, azkenik, lehengaien prezioak (bereziki petrolioaren prezioa) garestitzeak eragindako inflazio-arriskua.

Testuingurua hori dela, euskal ekonomiak hazkunde-tasa bizkortzen jarraituko duela aurreikusi da, 2011rako aurreikusi den % 1,4tik % 2,0ra igotzeko 2012an. Hazkunde nominala % 3,6koa izango litzateke. Ehuneko horiek bat datoz euroaren eremuko hazkundearekin, nahiz eta tasa horiek oraindik urrun dauden krisiaren aurreko urteetan euskal ekonomiak zituen hazkunde-erritmoetatik.

Jardueraren hazkunde horrekin, lehenengoz 2008tik, enplegu garbia sortzen hasiko da 2011. urtean, azkenean, nahiz eta apala izan (% 0,2). 2012an enplegu sorkuntza bizkortzea aurreikusi da, % 0,7ko tasa lortuko dela, alegia. Hazkunde-erritmo horiek oso ahulak dira, eta langabezia-tasa ez litzateke nabarmen murriztuko; ondorioz, 2012an biztanleria aktiboaren % 10 ingurukoa izaten jarraituko duela aurreikusi da. Langabeen kopurua hain handia izatek dakarren arazo sozialaren larritasunak hor dirau, eta aurreikusitako hazkunde ekonomikoak nekez zuzentzen du.


2010-2012ko koadro makroekonomikoa
(Urte arteko aldaketa-tasak)

2010 2011 2012
BPGd 0,3 1,4 2,0
Azken kontsumoa 0,9 1,2 1,5
Kontsumo pribatua 0,8 1,2 1,6
Kontsumo publikoa 1,3 1,2 1,3
Kapital-eratze gordina -5,9 -1,3 1,4
Barne-eskaria -0,7 0,6 1,5
Barne-eskariaren ekarpena -0,8 0,5 1,4
Kanpo-saldoaren ekarpena 1,0 0,9 0,7
BPGd deflatorea 1,7 1,3 1,6
Enplegua -0,8 0,2 0,7
Langabezia-tasa 9,2 10,6 10,0


Krisi ekonomikoak 2010eko kontuetan duen eragina eta 2011ko aurrekontua.

Krisiaren lehenengo momentuetako zerga-ekonomiaren politika ekonomikoa antzekoa G20ko herrialde guztietan nabarmen aldatu zen 2010ean. 2009an sortu ziren defizit publiko handien aurrean, Egonkortasun eta Hazkunderako Itunetik eratorritako aurrekontu-egonkortasunaren Europako konpromisoen ondorioz zerga-doikuntza zorrotza ezarri zitzaien Espainiako administrazio guztiei, 2010erako aurrekontuak egitean ere, Eusko Jaurlaritzak, esaterako, hasierako zenbatekoa murriztu zuela aurreko urtearekin alderatuz. Doikuntza-ahalegina berriro biziagotu zen apirilaren 23an Euskal Autonomia Erkidegoaren 2010-2012rako berrorekarako ekonomia- eta finantza-plana onetsi zenean. Izan ere, plan horrek beherantz zuzendu zuen hasierako aurrekontua, eta hamarren batean murriztu zuen ekitaldirako aurreikusitako defizita.

Hala eta guztiz ere, aurrekontuak doitzeko hasierako neurri horiek ez ziren nahikoak izan finantza-merkatuek EBko herrialde batzuetako (besteak beste Espainiako) kontu publikoen iraunkortasunean zuten konfiantza berreskuratzeko eta, horrenbestez, Espainiaren eta bertako autonomia-erkidegoen zor subiranoaren arrisku-prima eta finantzaketa-kostua handitu ziren. Egoera hori benetan larria izan zen maiatzean, Ekonomia eta Finantzen Kontseiluak Grezia erreskatatzea erabaki eta Espainiari egitura erreformatzeko eta gastu publikoa doitzeko beste neurri batzuk eskatu zizkionean. Gobernuak 8/2010 Errege Lege Dekretuan islatu zuen eskaera hori, eta autonomia-erkidegoek ere izan zuten eragina.

Eusko Jaurlaritzak ere zegokion zatia onartu zuen eta, 3/2010 Legearen bitartez, aurrekontuak doitzeko neurriak hartu zituen: soldata-masa % 5ean murriztu zuen 2010eko gainerako hiletarako; 30 milioi euroko murrizketak egin zituen zenbait funtzionamendu-gastutan eta diru-laguntzetan, eta 34 milioi euro inguruko murrizketak farmazia-gastuan. Euskal Autonomia Erkidegoaren 2010-2012rako berrorekarako ekonomia- eta finantza-planaren berrikuspen berrian azaldutako neurri berriekin 160 milioi euro inguruan murriztu nahi zen defizit publikoa, BPGd-ren % 2,3ko helburuan utziz, eta, ondorioz, finantzaketa bila merkatuetara joateko beharra txikiagoa izatea lortuz.

Neurriak eraginkorrak izan ziren, eta Ekonomia Itunaren Batzorde Mistoan 2010erako erabaki zen egonkortasun-helburua bete egin da, % 2,28ko defizitarekin.

Hala ere, zerga-sendotzeko aurrekontu-politikaren zorroztasuna indartu egin da 2011ko aurrekontuetan. Lehenengo eta behin, 2011rako adostutako egonkortasun-helburua askoz zorrotzagoa delako, eta Eusko Jaurlaritzak izan dezakeen defizita murrizten duelako, 2010ean zuen BPGd-ren % 2,4tik 2011n duen % 1,3ra arte. BPGd-ren 1,1 puntu horiek 740 milioi euro inguru dira. Bigarrenik, Kupoaren 2011ko likidazioa aurreko urtekoa baino garestiagoa zelako. Bi ondorio horiez gain, Rover kasuaren inguruko epai negatiboa ere izan behar da kontuan. Itzulketa horren ondorioz, 305 milioi euro gutxiagokoak izango dira ekarpenak.

Gastua doitzea lortzearen, hainbat neurri hartu dira 2011rako aurrekontuetan, esaterako soldatak dauden horretan mantentzea, eta diru-laguntzen eta funtzionamendu-gastuen doikuntza, 2010ean egindakoaren ildotik. Doitzeko politika horien sendotzeko, defizitari eusteko aurrekontu izaerako jarraibideak ematen dituen agindua egin da ekainean, eta kredituak atxiki dira aurrekontuko hainbat partidatan.


Aurrekontu-politikaren orientabideak 2012an

2012ko aurrekontu-politikak hiru helburu hauek lortu nahi ditu:

- Aurrekontu-egonkortasunaren helburua betetzea

Lehenengo eta behin, Euskadik, 2012an, aurrekontu-egonkortasunarekin dituen konpromisoak betetzen jarraitu behar du eta, ondorioz, Europako gobernu ekonomiko berriaren eremuan, EAEko finantza publikoak iraunkorrak izateko beharrezko zerga-sendotze eta doikuntzaren politikarekin jarraituko da. Gaur egun EAEko herritarrek dituzten gizarte-zerbitzuak edo gure produkzio-oinarria modernizatzeko erabiltzen ditugun baliabideak etorkizunean mantentzeko, nahitaezkoa izango da metatzen gabiltzan zorraren interesen etorkizuneko ordainketak ez ditzala kendu gizarte- eta produkzio-gasturako aurrekontu-partidetako ezinbesteko baliabideak. Horrela bada, ezinbestean bete behar da defizitaren helburu hori. Bete ezean, aparteko garestitzea izango luke finantzaketak, eta Jaurlaritzaren kreditu-kaudimenarenganako konfiantza urrituko litzateke. Hori dela eta, gastuen austeritate-politikan eragiten jarraitu behar da.

Gainera, kontuan izan behar dugu epe ertainerako helburua ez dela defizitaren bidea betetzea bakarrik, baizik eta haratago doala. Zerga-sendotzeko Europako egoeran, defizitik gabeko kontu publikoak lortzea da helburua, ongizatearen estatuaren zerbitzu publikoen epe luzerako iraunkortasuna bermatzearren.

"Euskal Autonomia Erkidegoaren 2010-2012rako berrorekarako ekonomia- eta finantza-planak" urte anitzeko aurrekontu-agertokiak ezartzen ditu EAEko Administrazio Orokorraren 2012ko urteko aurrekontuak kokatzeko. Agertoki horretan aurreikusitakoaren arabera, euskal ekonomiak % 3,6ko hazkunde nominala izango du 2012an, eta 9.032 milioi euroko diru-sarrera ez finantzarioak.

Bestalde, Euskal Autonomia Erkidegorako 2012ko egonkortasun-helburuak BPGd-ren % 1,3an ezartzen du egin litekeen defizita, hau da, 932 milioi eurotan. Zenbateko biak batuta, gastu ez finantzarioaren gehienezko muga 9.964 milioi eurokoa izango da 2012an.

Eskuragarri dauden baliabide horiek gastu-politika ezberdinen artean esleitzeko, lehentasuna izan beharko dute, alde batetik, enplegua sortzeko gaitasuna izango duen ekonomia produktiboago baten oinarriak ezartzen eta, bestetik, krisiaren eragin larrienak jaso dituzten herritarrei laguntzeko aukera handiena ematen duten elkartasun-mekanismoak sendotzen hobeto lagunduko duten politikek.

- Enplegua sortzeko gaitasuna izango duen ekonomia produktiboagoa lortzea

Krisitik irteteko fase geldoa dugu hau. Jaurlaritzaren helburu berehalakoena euskal ekonomiaren gaur egungo hazkunde-erritmoa bizkortzea da, enplegu egonkorra eta kalitatezkoa sortzeko ezinbesteko baldintza gisa. Baina epe laburrerako helburu horrek ez du epe ertain eta luzerako helburua ilundu behar, hau da: hazkunde iraunkorra egoteko aukera emango duen produkzio-eredu berria. Gobernu honek, Europa 2010 estrategiak bezala, hiru alderditan ikusten du iraunkortasuna: ekonomian, gizartean eta ingurumenean. Aurreko hazkunde-ereduaren akatsak saihestuko dituzten eta hazkunde ekonomiko egoki eta sendoagorako oinarriak ezartzeko balioko duten sustapen-politikek izango dute lehentasuna. Hazkundearen iturriak jakintza eta berrikuntza izango dituen produkzio-eredu berria lortu nahi da. Produktibitatea eta lehiakortasuna handitzean oinarritutako hazkundea, azken helburua enplegua sortzea eta herritarren oparotasuna handitzea izango duena.

- Euskal gizarte solidarioago eta kohesionatuagoa lortzea, enpleguaren eta hezkuntzaren bitartez

Egoera ekonomiko berriarekin ez dugu ahaztu behar asimetria handiak daudela atzeralditik irteteko moduan. Hori dela eta, enplegu-politika aktibo eta pasiboak gauzatzeko Jaurlaritza bultzatzen dabilen artikulazio berriaren xedea, enplegua eta hazkunde ekonomikoa handitzeaz gain, krisiaren eragin larrienak jasaten dituzten pertsonak gizarteratzea ere bada. Hala ere, gizarteratzeko eta epe luzean gizartean aurrera egiteko mekanismorik izugarriena hezkuntza da. Hezkuntza-sistema, hazkunde ekonomikoa eta giza kapitala prestatzen laguntzen duen tresna izateaz gain, tresnarik onena da herritar guztien aukera-berdintasuna lortzeko, eta horrexegatik da gizarte-kohesiorako mekanismorik eraginkorrena. Testuingurua hori dela, Jaurlaritzaren ekintzak lehentasuna eman behar dio bizi osoko hezkuntza eta prestakuntzari, gure gizarteko arlo eta ikuspegi guztietan jakintza sortu eta eskualdatzeko oinarrizko ardatza baita.

Aurrekontu-jarraibideak

Produktiboago eta solidarioagoa izango den, enplegua sortzeko gaitasuna izango duen eta zerga-sendotzeko prozesuarekin bateragarria izango den ekonomia lortzeko aurrekontu-politiken orientabideek, gastua doitzen ari den une honetan, lehentasunak ezarri behar dituzte aurrekontu publikoaren bitartez finantzatutako politika, proiektu eta programen artean. Baliabide publikoak zuzkitzean ahalik eta eraginkortasun handiena bermatzeko gai izan behar dugu, ekonomiaren eta gizartearen ikuspegirik eraginkorren izango diren lekuetan aplikatuz. Hori dela eta, lehentasun nagusiek eta sailek ezarriko dituzten lehentasunek hiru helburu izan beharko dituzte:

Ongizatearen estatua bermatzen duten oinarrizko zerbitzu publikoen eskaintza mantentzea.
Produkzio-tresna babestea, aberastasuna eta enplegua sortzeko formula gisa.
Sektore publiko osoan gastuaren austeritatea ezartzeko eta produktibitatea hobetzeko mekanismoak ezartzea.

Horrenbestez, honako jarraibide hauek ezarri dira:

LEHENENGOA: Langileria-gastuak

2012ko aurrekontuetarako langile-gastua Ekonomia eta Ogasun Sailak kalkulatuko du, Estatuko Aurrekontu Orokorrei buruzko lege-proiektuan gai honi buruz adierazitakotik ondorioztatutako jarraibideak kontuan hartuta, oinarrizko araudia delako eta, ondorioz, autonomia-erkidegoko Administrazioaren zerbitzuko langileei aplikatu behar zaielako.

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko, organismo autonomoetako eta sektore publikoko gainerako erakundeetako langileen ordainsariak ezin izango dira handitu Estatuko Aurrekontu Orokorrei buruzko Legeak urterako ezarriko duena baino gehiago.

Euskal Autonomia Erkidegoko sailek, organismo autonomoek eta sektore publikoko gainerako erakundeek kudeaketa- eta antolaketa-neurriak hartuko dituzte langile-gastuari eusteko, edo gastua gutxitzeko, murrizketa-irizpideak eta kontrol-mekanismoak ezarriz, bai eta lanpostuak betetzeko modua, ordezpenak eta aldi baterako kontratazioa kudeatzeko prozedurak ere.

Aurrekontu-plantilla ez da handituko, 2011ko abenduaren 31n dauden lanpostuen guztizko agregatuarekin alderatuz.

BIGARRENA: Funtzionamendu-gastuak eta transferentzia arruntak

II. eta IV. kapituluetako gastuek Administrazio instituzionaleko erakundeei egindako transferentziek eta aurrekontuen inguruko urteko legeetan araututako finantzaketa duten beste batzuek izan ezik % 5eko murrizketa izango dute defizit publikoari eusteko jarraibideak ematen dituen Ekonomia eta Ogasuneko sailburuaren 2011ko ekainaren 7ko Aginduan azaldutako doikuntza-neurriek 2011ko hasierako aurrekontuan izango duten eragina kontuan hartu ostean.

Sektore Publikoko erakundeei egin beharreko transferentziak kalkulatzeko, alde batetik, langile-gastuak hartuko dira kontuan, aurreko atalean ezarritako jarraibideei jarraituz. Beste alde batetik, gastu arruntek % 5eko murrizketa izan beharko dute 2011ko aurrekontuaren likidazio-aurreikuspenaren gainean, defizit publikoari eusteko 2011ko ekainaren 7ko Aginduan azaldutako doikuntza-neurriek 2011ko hasierako aurrekontuan izango duten eragina kontuan hartu ostean.

Gastu arrunta murriztea lortzeko, Euskal Autonomia Erkidegoko sailek, organismo autonomoek eta sektore publikoko gainerako erakundeek zorrotz aztertuko dituzte kapitulu horietako egungo zuzkidurak, guztiz beharrezkotzat hartzen ez direnak kentzeko.

Diru-laguntzei buruzko aurrekontuak egiteko, diru-laguntzen gastuen aurrekontuko egozpenari buruz bosgarren jarraibidean ezarritako betekizunei jarraituko zaie.

HIRUGARRENA: Inbertsio publikoa

Lehenengo eta behin, 2012rako konprometitutako kredituak ordaintzeko zenbatekoak zuzkituko dira.

Gainera, irizpide orokor gisa, VI., VII. eta VIII. kapituluen egikaritzea 2011ko hasierako aurrekontuan aurreikusitako erritmoekin eta urte anitzeko programazioarekin bat mantenduko da, defizit publikoari eusteko ekainaren 7ko Aginduan azaldutako doikuntza-neurriak kuantifikatu ostean.

Inbertsio publikoan egindako gastua "arrazionalizatu" behar da eta, ondorioz, gogor murriztuko da kapitulu horietan konpromiso berriak hartzeko aukera. Nolanahi ere, kapital-gastuak aurrekontuaren azken egokitzea eta bat-etortzea egiteko erabiliko dira; azken egokitze hori aurrekontu-egonkortasunaren arloko gure konpromisoetatik eratortzen diren azken defizit-aurreikuspenek zehaztuko dute.

Inbertsioei buruzko aurrekontuak egiteko, diru-laguntzen gastuen aurrekontuko egozpenari buruz bosgarren jarraibidean ezarritako betekizunei jarraituko zaie.

LAUGARRENA: Finantza-gastuak eta Finantza-pasiboen txikiagotzea

Zor Publikoaren interesen eta amortizazioaren aurrekontua zenbatetsitako kostu errealaren arabera egingo da.

BOSGARRENA. Diru-laguntzen gastuen aurrekontuko egozpena

Euskadiko Aurrekontu Erregimenari buruzko legearen testu bateginaren 111.5 artikuluak honakoa dio diru-laguntzen gastuei dagokienez: "kasuan kasuko diru-laguntzak edo laguntzak ematen direnean bertan sortuko da ordainketa egin beharra. Diru-laguntzak emateko kasu bakoitzean ezarriko diren arauen araberakoa izango da ordainketa egin beharraren eskakizuna. Ildo horretan, bete behar diren ordainketak burutzeko egokiagoa den diru-izendapena, hau da, ordainketetarakoa edo konpromisozkoa, izango da jarraibide gastuei ezarri behar zaien aurrekontu-erregimena aukeratzeko, halaber, hautatzen den aurrekontu-erregimenak, batetik, lagundu behar du diru-laguntzen baldintzak bene-benetan bete daitezen, eta bestetik, bat izan behar du Ekonomi eta Ogasun Sailak aurrekontuak egiteko -lege honen 58.2 artikuluaren arabera emango dituen jarraibide teknikoekin".

Arauketa horrekin bat etorrita, honako hauek dira IV. eta VII. kapituluei egozteko moduko gastuei dagokienez 2012ko aurrekontuak egin eta gauzatzeko jarraitu beharreko gidalerroak:

1) Oro har, ordainketa-kredituekin bakarrik azalduko dira aurrekontuan eta 2012ko ekitaldiari egotziko zaizkie kontabilitateari dagokionez jarraian azaldutako betekizunak betetzen dituzten diru-laguntzak. Hona hemen betekizunak:

a) Diruz lagunduko den jarduera guztia 2012ko ekitaldian egitea.

b) Justifikatzeko beharra 2013ko otsailaren 28rako aurreikustea gehienez eta ordainketa jarraian egitea.

2) Gainerako diru-laguntzak, gastuen urte anitzeko sekuentziaren arabera, ordainketa- eta konpromiso-kredituekin azalduko dira aurrekontuan eta kontabilitateko egozpena izango dute, aurreko atalean ezarritako irizpideak aplikatuz.

3) Salbuespen moduan aurretiaz egin behar diren ordainketak egingo diren ekitaldiko aurrekontuan azalduko dira.

4) 2012ko ekitaldian hasiko ez diren jarduerak finantzatzeko diru-laguntzen kredituak inola ere ez dira 2012ko ekitaldiko aurrekontuan azalduko, eta ez zaizkio ekitaldi horri egotziko kontabilitateari dagokionez.

5) 2012ko aurrekontuen lege-proiektua arestian aipatutako gidalerroei egokitzearren, Aurrekontu Zuzendaritzak hala eskatzen duenean, dituzten diru-laguntza programei buruzko datu garrantzitsuei buruzko informazioa bidaliko diote sailek aipatutako zuzendaritza horri, programa horiek ordura arte sortutako itxitako ekitaldietako hondarren bolumena barne.

SEIGARRENA. EAEko sektore publikoko fundazio eta partzuergoen aurrekontuak egitea.

2012rako aurrekontuen lege-proiektuari Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu-araubideari buruz indarrean dauden lege-xedapenen testu bategina onesten duen eta Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoko fundazio eta partzuergoei aplikatu beharreko aurrekontu-araubidea arautzen duen legegintza-dekretuan xedatutakoa aplikatu beharko zaio, bertan ezarritakoaren arabera aipatutako erakundeak Euskadiko aurrekontu-araubidean sartzen baitira eta, ondorioz, Aurrekontu Orokorretako atal izango dira horien aurrekontuak. Gauzak horrela, gogoan izan behar da fundazioetarako aurreikusitako araubidea sozietate publikoetarako indarrean dagoenaren berbera izango dela, eta partzuergoetarako aurreikusitakoa administrazioko organismo autonomoei aplikatu beharrekoa izango dela.

ZAZPIGARRENA. Sektore publikoko erakunde berririk ez sortzea

Ezin izango da organismo autonomo, zuzenbide pribatuko ente publiko, sozietate publiko, fundazio edo partzuergo berririk sortu. Sortzeko erabakia 2011ko abenduaren 31rako onetsita zutenak bakarrik sortuko dira.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan