Ertzaintzak Toloño mendizerran min hartu duen mendizale bat erreskatatu du
Gaur, larunbata, arratsaldean, Ertzaintzako Zaintza eta Erreskate Unitateko Mendiko Ataleko agenteek eta helikoptero batek Toloño mendizerran, Pipaonen, Lagrango udal-barrutian, mendian zebilela orkatilan min hartu duen gizon bat erreskatatu dute eta Gasteizera eraman dute.
Arratsaldeko 15:40 aldera, SOS Deiak 112 larrialdietako zerbitzuak dei bat jaso du Toloño mendizerratik. Berriemailearen arabera, beste pertsona batzuekin batera zihoan mendizale batek orkatila bihurritu du eta ezin zuen ibili. Min hartu duen gizona eta gainerako mendizaleak Cervera eta Recilla gailurren artean dagoen zabalgune batean zeuden.
Min hartutako gizona zegoen lekura iristeko zailtasunak ikusita, Larrialdiei Aurre Egiteko Zuzendaritzako teknikari batek Ertzaintzaren helikoptero bat bidali du erreskatatzera. Helikopteroak zauritua jaso eta Arabako hiriburura, Lakua auzoko errugbi-zelaira, eraman du. Kirol-instalaziotik anbulantzian eraman dute hiriko ospitale batera 52 urteko gizona.