Garamendik lan eskaintza publikoak deitzearen alde egin du, euskal administrazioan bitartekotasun handia murrizteko eta enplegu publikoa sendotzeko

2021-03-05
  • Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailburuak ezinbestekotzat jotzen du Kidegoen eta Eskalen lege proiektuan aurreikusitako plantillak berrantolatzea
  • Nabarmendu du Iceta ministroak irtenbide bateratuak bilatzeko konpromisoa adierazi diola, baita lege erreforma bat ere, administrazio publikoaren behin-behinekotasuna amaitzeko

Olatz Garamendi Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailburuak berretsi egin du euskal administrazio publikoan bitartekotasun tasa altuari irtenbide bat bilatzeko konpromisoa duela eta horretarako Lan Eskaintza Publikoen (LEP) deialdiak “normalizatu” behar direla gaineratu du. Ildo horretan, argi utzi du Kidegoen eta Eskalen lege proiektuak bere ibilbidea jarraituko duela Legebiltzarrean, nahiz eta testuak Poliziaren euskal Legean jasotako beste xedapen baten oso antzekoa aurreikusten duen, Auzitegi Konstituzionalak bertan behera utzi duena.

 Testu horrek xedapen gehigarri bat jasotzen du eta honen arabera Euskadiko administrazio publikoek lan eskaintza publikoetan sartzeko txanda bereziak habilitatu ahal izango dituzte deitutako plazei dagozkien lanpostuetan gutxienez zortzi urteko antzinatasuna egiaztatzen duten interinoentzat. Horrela, langile horiek proba teorikoa saihets lezakete eta azterketa praktiko bat baino ez lukete egin beharko. Prozedura berezi hori plantillan bitartekoen ehuneko 40 baino gehiago dituzten Administrazioko eremuetara mugatuko litzateke.

Bigarren xedapen gehigarri hori gabe ere, lege proiektua edukiz beteta dagoela defendatu du Garamendik, “Euskadiko Administrazio Orokorra arautu, ordenatu, egituratu eta antolatzen duelako bere langileei dagokienez”. Zentzu horretan, gaineratu du Lan Eskaintza Publikoei ekiteko ezinbestekoa dela antolaketa hau.

Horrela erantzun dio Garamendik Jon Hernandez Elkarrekin Podemos-IU taldeko legebiltzarkideak Eusko Jaurlaritzaren kontrol saioko osoko bilkuran Euskadiko enplegu publikoaren “behin-behinekotasun handiari” buruz planteatutako interpelazioari. Sailburuak azpimarratu duenez, lan eskaintza publikoen deialdiei ekiteko, beharrezkoa da, aldez aurretik, Kidegoen eta Eskalen lege proiektuan jasotako “plantillak berrantolatzea” eta hautaketa prozesu guztiei “segurtasun juridikoa” ematea.

Administrazioan dauden “bitartekotasun tasa handien jakitun” dela aitortu ostean, eta Gobernuak “bere erantzukizun zatia saihestu” nahi ez duela argitu duen arren, Sailburuak azpimarratu du egoera horretara “OPEak egitea baldintzatu duten faktore exogenoen ondorioz” iritsi dela. Faktore horien artean, langileen birjartze tasak nabarmendu ditu, Estatuko Aurrekontu Orokorren legeetan jasotakoak, eta ondoren sartutako tasa gehigarriak edo egonkortze tasak “ez dira nahikoak izan”.

Ildo horretan, Garamendik gogorarazi du 2007az geroztik Estatuko araudia “aldatu gabe” dagoela. Hori dela eta, neurri hori hartu zenetik 14 urte igaro direnean, “premiazkoa da aipatutako araudia eguneratzea eta administrazio publikoen beharretara egokitzea, kalitatezko enplegu publikoa finkatzeko murrizketa aldi luze baten ondoren”.

Era berean, joan den asteazkenean Miquel Iceta Lurralde Politika eta Funtzio Publikoko ministroari “irtenbide bateratuak bilatzeko premiaz” ohartarazi ziola azaldu du Garamendik. Esan duenez, ministroak bitartekotasuna murrizten eta Administrazioaren zerbitzura ibilbide luzea egin duten bitarteko langileen esperientzia aitortzen laguntzeko konpromisoa hartu zuen bere gain. “Arazo honi heltzeko asmoa duela adierazi digu eta Enplegatu Publikoaren Oinarrizko Estatutuaren (EPOE) balizko erreforma baten alde ere azaldu zen publikoki”, esan du Sailburuak.

Era berean, Sailburuak iragarri du sindikatuekin harremanak izan dituela bitartekotasunari eta langile publikoen sendotzeari buruzko gaiak jorratzeko.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak