Berdintasuneko sailburuak esan du martxoaren 8a “aldarrikapen-, sentsibilizazio- eta borroka-eguna” dela eta, aurten, “zuhurrak eta arduratsuak” izan behar dugula

2021-03-08
  • 98 pertsonak eman dute gaua Eusko Jaurlaritzak Irunen bart gauean gaitu dituen baliabideetan

Vitoria-Gasteiz, 2021/03/08

Beatriz Artolazabal Eusko Jaurlaritzako Berdintasuneko sailburuak nabarmendu du gaur, martxoaren 8a, “aldarrikapen-, sentsibilizazio- eta borroka-eguna” dela, bai eta “berdintasunaren alde lan” egiteko eguna ere. Baina, aurton, “zuhurrak eta arduratsuak izan behar dugu”, pandemia-egoeran baikaude. “Horrek ez du esan nahi gaur martxoaren 8a dela aldarrikatu ezin dugunik, baina zuhurragoak izan behar dugu”.

Beatriz Artolazabalek, gaur, Onda Vascan egin dioten elkarrizketa batean esan duenez, “azken 15 urteotan, Euskadik urrats sendoak eman ditu emakume eta gizonen arteko berdintasunaren arloan”, 2005ean onetsi zen Berdintasun Legearen garapenari esker. “Lege aitzindaria izan zen, zeinak desberdintasunetan jarri baitzuen foku politikoa”. “Hamabost urteotan, gizarte berdinzaleagoa lortu dugu, baina, oraindik, bidea dago egiteko, eta, hainbat gaitan, aurrera egin daiteke oraindik ere”.

Zehazki, gaur egun Eusko Legebiltzarra izapidetzen ari den Berdintasun Legearen erreformaren helburua da “irtenbideen bilaketan” sakontzen jarraitzea. Arau horretan, bi atal nabarmentzen dira, Berdintasuneko sailburuak nabarmendu duenaren arabera: zaintzak, batetik, eta indarkeria matxista desagerraraztea, bestetik. “Zaintzen duten pertsonen –normalean emakumeen– ikusezintasunaz jabetu behar dugu. Eta emakumeen aurkako indarkeria eten behar dugu, eta, horretarako, desberdintasunaren adierazpen nagusienaren aurrean gaudela jakin behar dugu.  Legearen erreformak gai horietan jarduteko ekimen eta baliabide zehatzak proposatzen ditu”. Erreforma hori, seguruenik, datozen egunotan onetsiko da, Legebiltzarraren erritmoaren arabera.

‘Nork zaintzen du?’ izan da Emakundek martxoaren 8ko kanpainarako aukeratu duen lema. Kanpaina horretan, ez dira zaintzaileak eurak agertzen, “haien beharra are agerikoagoa izateko”, esan du Artolazabalek. “Gizonak ere kontziliazio-eginkizunetan inplikatzea lortu behar dugu, eta, horretarako, kontziliazio erantzunkidea sustatu behar dugu”.

Arlo horretan, Eusko Jaurlaritzak jarraitzen du norberaren bizitza, familia eta lana bateragarri egiteko laguntzak sustatzearen eta berritzearen alde egiten. “Euskadi aitzindaria izan da aitatasun- eta amatasun-baimenerako aste-kopuruak berdintzen”, esan du Artolazabalek. “Euskadi eredu da arlo horretan, eta hori berdintasunaren alde borrokatzeko dugun tresnetako bat da”.

Pandemiak berak kontziliazioa baldintzatu duela esan du Artolazabalek. “Familia askoren egunerokotasuna baldintzatuta dago. Duela urtebete hartu zen lehen neurria ikastetxe batzuen itxiera izan zen, eta orduan hasi ginen kontziliaziorako laguntzak malgutzen eta egokitzen. Hilotan, gure laguntza-ildoak aztertzen jarraitu dugu, malgutasun hori sustatzeko, adin-tarteak zabaltzeko eta laguntzak areagotzeko. Halaber, ildo berriak sortu ditugu”.

Irun

Sailburuari Irunen, asteburu honetan, Frantziako muga itxita egoteagatik Europako ibilbidearekin jarraitu ezin duten iragaitzazko migratzaileak heltzeagatik sortu den egoeraren inguruan galdetu diote. “Bart gauean, 98 pertsonak Eusko Jaurlaritzak gaitu dituen baliabideetan eman dute gaua, besteak beste hogei emakumek eta lagundutako lau adingabek. Atzo, 78 bazkari eta 115 afari eskaini genituen”, esan du.

“Asteburu honetan, gure kontingentzia-planaren bigarren fasea aktibatu dugu, eta hark aukera ematen digu egunean 200 pertsonaren iritsiera ere kudeatzeko; nire ustez, erantzun egokia eman dugu”. Egoerak, sailburuaren iritziz, Euskadiren eremua gainditzen du. “Egiturazko egoera honi Europa eremutik heldu behar zaio, ikuspegi horrekin”.

Hori horrela, sailburuak Espainiako Estatuarekin “koordinazio hobea” behar dela aldarrikatu du. “Irunera iristen ari diren pertsonak Estatuko beste gune batzuetatik iristen ari dira, eta guk ez daukagu aurretiko informaziorik. Izango bagenu, arreta hobea eskaintzeko gai izango ginateke; izan ere, aurreikusi ahalko genuke, besteak beste, zenbat emakume iritsiko diren seme-alabekin”. “Gure aldetik, gaur bertan harremanetan jarriko gara berriro Espainiako Gobernuarekin, komunikazio hori hobetzeko”.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak