Berriak Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza
Eu

Jon Azkuek hegaluzearen eta hegalaburraren euskal koxteraren "Artisauzko arrantza" izaera aldarrikatu du

2011.eko ekainak 28

Arrantza eta Elikagaien Industrietako sailburuordeak, Jon Azkuek, Hegalaburraren Kontserbaziorako Nazioarteko Batzordeari (HKNB) gogorarazi dio gure arrantzaleek egiten duten "arantza jasangarria eta artisautzakoa" dela, baliabideen mantenua ziurtatzen dutena eta, hori dela eta, trataera berezi eta positiboa izan beharko luketela gure arrantzaleek kuota murrizteak finkatzen dituztenean.

Azkuek, urrira arte luzatuko den hegaluzearen eta hegalaburaren Eusko Label ziurtagiriaren kanpainaren aurkezpenean zera azpimarratu du, "Euskadiko baxurako untzidiarentzat oso garrantzitsua da koxtera hori eta zutabe nagusienetakoa da antxoa eta berdelarenarekin batera".

Sailburuordeak, arrantzategiak kudeatzeko ikerketa zientifiko zorrotzak egitea eskatu du eta, era berean, hegaluzearen eta hegalaburraren kanpaina ona izatea opa izan die "arrantzaleei eta kontsumitzaileei". Azken horiei adierazi nahi izan die ere, ziurtagiria duen arraina erosten dutenean, arrantzatzen den unetik merkaturatzen den unera arte kalitatezko kontrol guztiak errespetatu dituen arraina erosten ari direla".

2010ean 513.982 kilo hegalabur identifikatu ziren eta 1.868.263 kilo hegaluze. Espero dugu datuok hobetzea hasi berri dugun kanpaina honetan, batez ere hegaluzeari dagozkionak, hegalaburra arrantzatzeko murrizketek jarraitu egiten baitute. Dena dela, hegalaburraren arrantzak ere %40ko kuota murrizketa izan zuen iaz eta aurten %4koa izango du. Gai horrek ez dio identifikazioaren kontuari eragingo eta pieza guztiak identifikatzea beharrezkoa izango da, 2007tik ezarrita dagoen bezala. Beraz, hegalaburraren %100 Eusko Label bereizgarriarekin aterako da merkatura eta ahalik eta hegalabur gehien bereizteko saiakera egingo da.

Harrapaketak jaisteaz gain, kanpotik datorren produktua ere hartu behar da kontuan. Arrantzaleak azken aldian salatzen ari dira kanpoko hegaluze eta hegalaburra hemengoa bailitzan saldu nahian dabiltzala prezio merkeagoan. Horrek kalte handia egiten die bertako arrantzaleei. Egoera horren aurrean eta Euskadiko arrantzaleen lana babesteko helburuarekin, ezinbestekoa da hegaluzea eta hegalaburra behar bezala identifikatzea.

Zentzu horretan, aurreko kanpainetako bideari beste bultzada bat eman nahi diogu ahal den hegaluze eta hegalabur guztia Eusko Label bereizgarriarekin identifikatuz. Horrela, arraindegietara doazen kontsumitzaileek ziurtasun osoz jakin eta erosi ahal izango dute euskal arrantzaleek harrapatutako arraina.

Askotan, identifikazioaren kontu horrek buru hauste bat baino gehiago ematen du. Denbora gutxian kopuru asko sartzen da eta erlojuaren kontra jarduten dute arrantzaleek lanean. Dena dela, Euskadiko  kofradia guztiek eta Eusko Jaurlaritzak ezinbestekoa ikusten dute zigilua jartzea  kanpotik datorren hegaluze horren aurrean gurea bereizteko eta sektorea indartuta ateratzeko.

Beraz, Euskadiko kofradiotako ordezkariok eta Eusko Jaurlaritzak dei egin nahi diete Euskadiko kontsumitzaileei bila dezatela Eusko Label bereizgarria erosketa egiterako orduan, erosten duten produktuaren jatorria eta kalitatea bermatzeko eta baita gure arrantzaleen lana babesteko ere.


Hegaluze eta Hegalaburraren ezaugarriak

Eusko Labela duten Hegaluze eta Hegalaburra kalitate maila handiko produktuak dira; euskal arrantzaleek banan-banan arrantzatzen dituzte, sarerik gabe, betiko arrantza-aparailuak erabiliz: kanabera bidezko arrantza eta kazako edo xaxiango arrantza. Horrela, arrainen kalitatea hobea izateaz gain, arrantza-tokien jasangarritasuna eta itsas baliabideen etorkizuna ere bermatzen dira.

Piezak hautatu egiten dira eta neurri eta freskotasun irizpideak kontuan izanik, onenak aukeratu eta horiei bakarrik jartzen zaie zigilua. Horrez gaiz, gutxieneko neurri bat errespetatzen da, Hegaluzearen kasuan 4 kg eta hegalaburrarenean 8 kg. Arrainek Eusko Labela lortzeko, freskotasun maila eskatzen da gainera: "Apartekoa" eta "A".

Denera, Kalitateak 26 lagun kontratatu ditu hegaluze eta hegalaburra etiketatzeko Getarian, Hondarribian, Pasaian, Donostian, Bermeon, Lekeition eta Ondarroan. Pertsona hauen ardura izango da etiketak behar bezala jartzea produktuaren araudian agertzen diren irizpideak jarraituz.

Azken urte hauetako identifikatzaile bera erabiliko dugu. Arrainaren  isatsari atxikita segurtasunezko zigilu zuri bortxaezina jarriko dugu eta bertan Eusko Labelen logotipoaz gain, kontrol zenbaki bat agertuko da.

Horren bidez honako datuak lortu ahal izango dira www.euskolabel.net webgunean: barkuaren izena, espeziea, harrapaketaren lekua, arrantza aparailua, zer portutan deskargatu den, noiz eta non lehorreratu den eta hautaketan aritu den kontrol-taldea zein izan den.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(IX legealdia 2009 - 2012)