Lehendakariordeak IMVren, Gizarte Segurantzako Ikuskaritzaren eta Barakaldoko laneko osasun-zentroaren transferentziei heldu die Iceta ministroarekin batera

2021-03-04

Idoia Mendia lehendakariorde eta Eusko Jaurlaritzako Lan eta Enpleguko sailburuak eta Miquel Iceta Lurralde Politika eta Funtzio Publikoko ministroak adostu dute aurrera egingo dutela Bizi Diru-sarrera Gutxieneko eta Laneko Segurtasun eta Osasunerako Institutu Nazionala (Barakaldon du egoitza) osorik transferitzeko lanetan, bai eta Gizarte Segurantzaren Ikuskaritzako baliabideetan ere.

Azken asteetan izandako elkarrizketen ostean, ministro berria izendatu zutenetik, Mendiak eta Icetak bilera egin dute, eta bi gobernuek bultzatu dituzten transferentzien egoeraren errepasoa egin dute. Ildo horretan, egiaztatu dute zailtasunak daudela Bizi Gutxieneko Diru-sarrera berehala eskualdatzeko, lehendakariordeak adierazi duen moduan. Gai horretan sakonduko du bihar Jose Luis Escrivá Gizarteratze, Gizarte Segurantza eta Migrazioetako titularrarekin egingo duen beste bilera batean.

"Borondate politiko argia dago, eta bi gobernuek euskal autogobernua garatzeko berariazko konpromisoa dute. Sor dakigukeen arazo bakoitzari irtenbideak bilatzen jarraitzen dugu. Izan ere, interesatzen zaiguna da eskualdaketa bakoitza, batez ere, pertsonentzat erabilgarria izatea. Kontua ez da korrika egitea, gauzak ondo egitea baizik ", adierazi du Mendiak.

Gai horrekin batera, Laneko Segurtasun eta Osasunerako Institutu Nazionala eskualdatzeari ekin zaio. Barakaldon du egoitza Institutu Nazionalak, eta industria-sektoreko lan-arriskuen prebentzioan espezializatuta dago. Horrenbestez, Eusko Jaurlaritzak bere gain hartzeko asmoa duenez, Osalanek langileen osasuna bermatzeko ekintzak osatu ahal izango ditu.

Lehendakariordeak, halaber, Gizarte Segurantzaren Ikuskaritzaren etorkizuneko transferentzia baten gainean lan egiteko beharra adierazi dio ministroari, horrek Eusko Jaurlaritzari aukera emango liokeelako euskal enpresetako kontratazioen prebentzioaren eta zaintzaren arloko jardueren diseinu integrala egiteko.

Bilera horri esker, halaber, zerbitzu publikoen prestazioan eraginkortasun handiagoa lortzeko funtsezkoak diren beste gai batzuei buruz hitz egin ahal izan da, hala nola Administrazioaren digitalizazioari buruz. Ildo horretan, Mendiak ministroari aurreratu dio LANBIDEn hasitako proiektua.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak