Berriak Lehendakaritza

LABI-REN Aholku Batzordeak luzatu egin ditu prebentzio-neurriak Euskadin, harik eta egoera epidemiologikoa gehiago egonkortu arte

2021-03-05
  •  Nobedadeen artean nabarmentzen da asteartetik aurrera ondoriorik gabe utziko dela udal-mailako itxiera perimetrala, eta lan-eskaintza publikoen eta astialdiko jardueren garapenerako bide emango duen ebazpena sartuko dela.
  • Beste zenbait neurriri eutsi egingo zaie, besteak beste: gaueko mugigarritasuna (22:00etatik 06:00etara), merkataritza- eta kultura-jarduerak bertan behera uzteko gehieneko ordutegia (21:00etan), gehieneko edukierak edo gehienez launaka batzeko muga.
  • Dekretuak moldatu egingo ditu gaur egun indarrean dauden neurri guztiak, eta astelehenean argitaratuko da, martxoaren 8an, eta asteartean sartuko da indarrean, martxoaren 9an, 00:00etan.

Gaurko bileran, LABIren Aholku Batzordeak, Iñigo Urkullu Lehendakari buru izan dela, indarrean dauden neurriak luzatzea erabaki du, harik eta Euskadi egoera epidemiologiko egonkorragoan eta ziurtasun handiagokoan egon arte. Hala esan du Lehendakariak berak, gaur arratsaldean Lehendakaritzan izan den topaketaren ondoko agerraldian.

Lehendakariak, agerraldian, LABIren Aholku Batzordean Batzorde Teknikoaren irizpenarekin eta Bizi Berri III. Planaren aurreikuspenekin bat etorriz adostutako erabakien berri eman du.

PANDEMIAREN BILAKAERA ETA KONTUAN HARTU BEHARREKO FAKTOREAK

Euskadi Bizi Berri III. Planaren Transmizio Tentsionatuko 3. mailan dago. Egoerak nabarmen egin du hobera, baina iragarpena zalantzazkoa da. Lau dira faktoreak:

  • birusaren aldagai berrien arriskua
  • beheranzko joeraren moteltzea
  • gure inguruneko herrialde batzuetako igoerak
  • behar baino lehen eginiko deseskaladaren prozesuen ondorio negatiboa eta gizarte-erlaxazioa.

Bizi Berri III. Planak dakarrenez, hobekuntza-prozesuetan deseskaladak atzeratu egin behar dira denboran, joera finka dadin. Hori horrela, Lehendakariak azaldu duenez, “oraindik ez da deseskaladarako unea; orain kontu handiz ibiltzeko unea da”; izan ere, “une kritikoan gaude, eta datozen asteotako bilakaera erabakigarria izango da”.

ERABAKIAK ETA NEURRIAK

Testuinguru horretan, LABIren Aholku Batzordeak esan du “zuhurrena” dela neurriak luzatzea, harik eta egoera epidemiologikoa egonkorragoa eta ziurtasun handiagokoa izan arte.

Dekretu berriak egokitzapenak eta hobekuntza zehatzak jasoko ditu zenbait artikulutan, besteak beste:

  • Erkidego barruan mugikortasuna ahalbideratzen da, inolako mugarik gabe.
  • ezabatu egingo da 500etik gorako intzidentzia-tasa metatuaren erreferentzia, udalerriko murrizketak zehazteko. Kontuan izan da une honetan ez dagoela udalerririk ia erregistro horren gainetik.
  • Lan-eskaintza publikoen eta astialdiko jardueren garapenerako bide emango duen ebazpena sartu da.

Dekretu berria astelehenean argitaratuko da, martxoaren 8an, eta asteartean sartuko da indarrean, martxoaren 9an, 00:00etan. Gaur egun indarrean dauden neurri guztien testu bategina izango da. Gogorarazi behar da honako hauek direla neurrietako batzuk:

  • Gehienez lau pertsonako taldeak
  • Gaueko mugigarritasuna mugatzea, 22:00etatik 06:00etara.
  • Merkataritza- eta kultura-jarduerak bertan behera uzteko gehieneko ordutegia 21:00ak.
  • % 40ko edukiera 150m2-tik gorako merkataritza-establezimenduetan, eta % 60koa, 150m2-ra arteko azalera dutenetan. Edukierak murriztuta daude, halaber, kultura- eta gizarte-ekitaldi guztietan.
  • Gehieneko edukia mugatuta dago kultu-zentroetan, % 35ean.
  • Musika- eta ahots-entseguak eta emanaldiak bertan behera uztea. 

PANDEMIAKO URTEAREN BALANTZEA

Lehendakariak urtebeteko pandemiaren balantzea egin du: “ikuspegi autokritikotik eta zintzotik, onartzen dugu aurrez aurre izan ditugun zailtasun-egoera eta aurreikusi ezin zitezkeen egoera batzuetarako ez geundela prest. Saio eta hutsegite bidezko metodoan oinarrituta jardun dugu”.

“Urte honetan, gertakari oso larriak eta aurreikusezinak izan ditugu aurrez aurre, eta irtenbide bat aurkitu dugu haientzat”, zientzia-, osasun-, erakunde- eta gizarte-eremuko eta mota guztietako eragileen “talde-lanaren” lorpena eta merezimendua”, esan du. Etengabeko arazoen egoeraren aurrean, “Osasun Sailak eta Osakidetzak egokitzeko gaitasun handia eta beren baliabideekin erantzuteko gaitasuna erakutsi dute”.

Gainera nabarmendu du erakunde-lankidetza eta aurrekontu-egonkortasuna direla eta, Euskadik baliabideak izan dituela pertsona eta familia kalteberei laguntzeko. “Erantzun konstruktibo”ko adibideak eman ditu, besteak beste “aurrez aurreko hezkuntzaren eta gela irekien jarraipena bermatzea, zeina % 98tik gorakoa izan baita, edo enplegua suspertzeko Berpiztu programa edo Europako Funtsetara jotzeko Euskadi Next proiektua onartzea”.

 

 

Iruzkin bat
  • 2021-03-14

    Aclaración sobre "Suspensión de ensayos y actuaciones músico-vocales".
    El Kursaal: 14/3. La oreja de Van Gogh. ZETAK (19/03), ESKOLA KONTZERTUAK: «EUSKADIKO ORKESTRA: “BEETHOVEN 250” (23/03), ORFEÓN DONOSTIARRA (26/03), Cantar en la calle con 3 amigos "Aupa Reala" 03/04. ¿Cuál no está permitida?

Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak