“Euskadi Bono Denda” kanpainak gutxienez 15 milioi euroko inpaktu ekonomikoa eragin du

2021-03-03

30 eurotik gorako erosketetarako, Euskal Autonomia Erkidegoan 496.000 bonu baino gehiago trukatu dira.

Iragan otsailaren 28an amaitu zen “Euskadi Bono Denda” kanpaina, Euskal Autonomia Erkidegoan 496.549 bonu trukatuz. Lurralde historikoen arabera, Araban 76.406 bonu erabili dira, Bizkaian 283.548 eta Gipuzkoan 136.595. Euskal merkataritza babestera bideratutako sustapen honek gutxienez 15 milioi euroko eragin ekonomikoa izan du.

Erakunde arteko akordio aitzindari baten bidez, kanpainan, Eusko Jaurlaritzako Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailaz gain, erakunde hauek hartu dute parte: Bizkaiko eta Arabako Aldundiek, eta Bilbo, Vitoria-Gasteiz, Hondarribia, Zumarraga, Legazpi, Portugalete, Güeñes eta Sestaoko Udalek. Kanpaina Gabonetan gauzatu zen, baina ondoren, luzatu egin zen urtarrileko beherapenen garaiari lotutako erosketak ere sustatzeko.

Programarekin, guztira, 2.949 dendek egin zuten bat. Horietatik 324 Araban zeuden, 1.480 Bizkaian eta 1.145 Gipuzkoan. EAE osoan banaketa homogeneoa izan da. Atxikitako establezimenduen herena hiriburuetan zegoen, eta Euskal Autonomia Erkidegoko herri gehienetako dendaren batek hartu zuen parte: 110 herri eta hiritan banatuak.

Azken batean, banaketa horrek eta zenbakiek erakusten dute kanpainak harrera ona izan duela Euskal Autonomia Erkidego osoan. Kanpaina sustatu duten erakundeen iritziz, bono dendak arrakasta izan du, eta erosketak egiteko laguntza ekonomiko garrantzitsua izan da, merkataritza-sektorea bereziki babestu behar den une honetan.

Eusko Jaurlaritzako Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Saila jada bonu-programa berriak prestatzen ari da euskal merkataritza sustatzeko, eta sektorearekin partekatuko duen proiektua izango da. Programa horiez gain laguntza zuzenak emango dira, adibidez, aste honetan onartutako 16 milioi eurokoa ehungintzaren azpisektorerako.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak